NORI SINETS?
Patxi Altuna S.J., 1970-XI-29
Fedeari eusten eta Jainkoak irakatsiak sinesten bestela ere egungo kristauok aski lan eta neke dugularik (eta egungo kristauok esatean, apezak ere gogoan ditut, noski; Gotzai Jaunak, ez, Gotzai Jaunen berri eta haien sinesteko lanen berri gutxi baitakit), eragozpen berriak asmatzen eta zoztor handiagoak ipintzen ari zaigula esan behar zenbait jende. Hobe lukete horretan aritu ordez inguruan ditugun korapilo galantak askatzen eta barra-barra hedatzen zaizkigun gezurrak eta egia erdiak salatzen saiatu! Orri eta gutun, agiri eta artikulo, izenik gabeko deklarazio eta salakuntza, alde bateko eta besteko kristau eta apez ari zaigu egunotan nonnahi ematen eta barreiatzen. Zer indar dute idatzi eta iritzi horiek? Komuneko paperean inork idatz lezakeanak lukeana: batere ez. Aita Santuak hau edo hura egin OMEN duela... Alferrik ari zaizkigu. Gure herriak ez die sasi-artzaiei jaramonik egingo, are gutxiago beren izena izkutatu eta artzantzan hasi nahi duten eta zeintzu diren ez dakigun horiei. (...) Kalte izugarria ari dira lagun horiek egiten, edo bederen egiteko bideak hartzen. Apezen jokabidea, baldin okerra baldin bada, ez dezakete inola haien pareko eta kideko, ez goragoko, diren beste hemengo edo hango apezak kondena eta gaitzets. Horretarako da Gotzai Jauna (...)
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.