Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-12-10 -- 1787.zenb

PLANGINTZAK ESKOLETAN

KANTITATEA ETA KALITATEA

Malores Etxeberria / Ainhoa Azpiroz / Mikel Asurmendi / Nagore Irazustabarrena

Plangintza bakoitzaren nondik norakoak ezagutu ostean, ikastetxe eta zonalde desberdinetara hurbildu gara teoriatik praktikara jauzi eginez. Egoera oso bestelakoa baita Bilbo Handian, Urola Kostan edo Lapurdin. Erabilera portzentajeak gora egitea da batzuen lehentasuna, kalitatea guztiena.

Euria gogotik ari du eta lasterka sartu gara Basauriko Arizko Ikastolan. Pasiloetan emakume bat topatu eta idazkaritza non den galdetu diogu. Ez duela ulertzen erantzun digu gazteleraz eta ez da harritzekoa; Basaurin %94 inguru erdalduna da. Haurra gelan utzi berri duen ama hau ere bai. 31 urte bete ditu ikastolak, 93an publifikatu zen eta 10 urte badira "Euskaraz Bizi" proiektua abian jarri zutela. Hizkuntz Normalkuntza Proiektuaren barruan ere badaude eta berriki "Euskaraz Mintza" aplikatzen hasi dira jangela orduetan.
Euskolaurrea eta Lehen Hezkuntzan 494 haur biltzen ditu Arizkok. Haurrek gelan euskara maila ona lortzen omen zuten baina atea gurutzatu bezain pronto, erdaraz jarduten zuten. Alde batetik tutoreek hainbat kanpaina jarri dute abian ikastetxe barruan, eskolaz kanpoko jardueretako monitore euskaldunak lortu dituzte, jangelako langile guztiak ere euskaldunak dira gaur, lehen ez bezala; gurasoekin motibazio kanpainak eraman dira aurrera, Jolas-Parkeak eta Olinpidiak ere antolatu dira... "Gure ekintza eremua zabaltzen joan da" dio Arizkon plangintza honetaz arduratzen den Ixabel Asuak.
Jolas orduetan erabilera datuak biltzen jardun dute eta gustura eskaini dizkigute emaitza positiboak. Lehen eta bigarren mailan %78ak egiten du euskaraz, hirugarrenean %71k eta laugarrenean %64ak. Handik gora portzentajeek nabarmen egiten dute behera, bosgarren eta seigarren mailan, hurrenez hurren, soilik %16 eta %50ak egiten baitu euskaraz. Asuaren esanetan "hor ikusten da gazteenen artean motibazioa lortzea askoz errazagoa dela. Nerabezarora hurbiltzen diren neurrian erdararako joera gero eta handiagoa da eta zailagoa da eurak motibatzea. Erakargarri egingo zaien zeozer asmatu behar da".
Kalitatearekin ere arduratzen dira eta badakite euren ikasleek gela barruko hizkuntza menperatzen badute ere, gabezia nagusiak hizkuntza erregistro informaletan dauzkatela. Horregatik "ahaleginak gero eta gehiago hizkuntz funtzional bat lor dezaten egiten ditugu". Goizeko hamaikak dira eta txikien jolas ordua amaitu da. Eguraldi kaxkarra dela eta asko barruan geratu da. Orain 10 eta 11 urtekoen txanda da. Batzuk gazteleraz ari dira, baina euskara ere entzuten da. Bihar Euskal Herriko beste erpinera joan behar dugu, Iparraldera, eta gaurkoz gureak egin ditugu Basaurin. Udaltzainari autopistara nola joan behar dugun galdetu diogu. Honek ere ez daki euskaraz.


Kanboko eskola eta Seaska.

Lapurdiko Kanbon gaude gaurkoan, bertako eskola publikoak Hegoaldeko eskola publikoekin batera baitihardu "Euskaraz Mintza" plangintzan. Kanboko eskola aitzindari da Ipar Euskal Herrian plangintza honetan. Egun, hamabost eskola ari dira proiektuan. Kanboko eskolako ikasleak sare elebidunean murgilduta daude. Bi multzotan ari dira 6 urtetik 10 urtera bitartean. Sei eta zazpi urteko 32 ikaslek eta zortzi, bederatzi eta hamar urteko beste 10 ikaslek lantzen dute "Euskara Mintza" proiektua.
Euskaraz, matematika, zientziak, arte plastikoa eta gorputz heziketa ikasten dute, eskola-ordutegiaren erdia. Ikasle hauek gutxitan darabilte euskara eskolatik landa. Kanbo herri arras erdalduna da gaur egun. Zenbait etxe eta familitan baino ez da erabiltzen. Pantxo Mitxelena eta Maritxu Xarriton irakasleek euskara indartu aldera bi ekitaldi burutzen dituzte astean. Eguraldiaren arabera kanpoan edota barnean lantzen dituzte euskaraz trebatzeko aktibitateak: "Gorputz heziketaren bidez hizkuntza lantzen dugu. Horretarako hemengo joko zaharrak
-berezko eta bertako jokoak- berreskuratu ditugu eta haietan erabiltzen ziren hizkuntza lantzen dugu ikasleekin batera. Sokaz eta gomaz jarduten dugu, eta dantza eta kantua landu ere bai. Testu eta espresio laburrak baita ere", adierazi digu Pantxo irakasleak.
Seaska federazioan biltzen diren ikastolek aldiz "Euskaraz bizi" proiektua, Euskal Herriko Konfederakundeak lantzen duen proiektu bera lantzen dute.
Iparraldeko ikastolak euskarari buruzko diagnostiko bat burutzen ari dira uneon. Emaitzak ezagutu ostean Hegoaldean garatzen ari den hizkuntza planarekin lotuko direlarik. Seaskako pedagogiarako Alazne Petuya aholkulariak koordinatzen ditu tokian tokiko ikastoletan garatzen den proiektua: "Euskara ikastolako eremu bakoitzean zertan den ezagutu nahi dugu. Geletan, jolasgaraian, jantokian, bulegoko partaide nahiz gurasoen artean. Ikasleek darabiltzaten euskara idatzia eta ahozkoa ezagutzea ere funtsezkoa zaigu eremu bakoitzean dauden beharren araberako plangintza bat abian jartzeko".
Anartean, ekintza eta ekimen ezberdinak lantzen dituzte Seaskako ikasleek. Ikastola bakoitza mundu bat da. Hiri, herri, kosta aldea edo mendi aldeko eremuen araberakoak. Alta, hiri eremu batetik bestera alderik ere egon badago jakina. Baiona eta Hendaiako gizarteak ez dira gauza bera ere. Baserria bizirik dagoen eremuetan, gutxiengo bat izanagatik, euskara babestuago dago, bistan da.

Urola Kosta. Bagenekien gure biratxo honen hirugarren eta azken geldialdian oso bestelako egoera topatuko genuela. Batek baino gehiagok pentsatuko du zonalde horretako euskaldunen kopuru handiak ikusita (%75 ingurukoa da batez bestekoa) egiteko handirik ez dagoela eskoletako hizkuntz erabileran. Urola bailaran dago Euskal Herriko herririk euskaldunena (Azpeitia, %88,3) eta kostako herri batzuetan (Zumaia edo Deban kasu) kopuruek zertxobait behera egiten badute ere, eskualdea hizkuntzaren birika dela esan genezake. Bada duela lau urte Jaurlaritzaren Hizkuntz Normalkuntza Proiektua abian jarri eta egun 20 ikastetxetan lantzen da gaia. Miren Etxeberria Urola-Kostako Hizkuntz Normalkuntza Teknikaria da. Berak azaldu digunez herri horietako eskoletan euskaraz egiten da. "Pentsa, guraso batzuek seme-alabek erdaraz gaizki egiten dutelako kezkatzen dira" (kezka hauek ikasleak gaztelerarekin zailtasunik ez duela ikustean berehala desagertzen diren arren). Adinean aurrera joan ahala ere gazteek ez omen dute euskara baztertzen. Hortaz "hizkuntz kalitatea hobetzea da gure helburu nagusia" Miren Etxeberriak esan digunez.
Horretarako ez dute haurrekin soilik lanean jardun; guraso eta irakasleekin ere aritzen dira. Ikasleen artean irratigintza edo aldizkariak bezalako elementuak antolatu dituzte. Irakasleei, aldiz, formazio saioak eskaini zaizkie. Gurasoei dagokienez, ikastetxeetako zuzendaritza taldeetatik helarazten zaizkien idatzi guztiak errebisatu eta egokitu dituzte, guraso askoren alfabetatzean lagungarri izan daitezen hizkuntza egokia erabiliz. Guztiekin motibazioa lantzeari ere garrantzi handia ematen zaio.
Euskal Herriko beste eskualde askorekiko euren egoera "pribilegiatua" dela badakite eta, horregatik, eredu bezala jokatu behar dutela ere bai. Kantitatea dagoen tokietan, kalitatean zer hobetua badagoelako.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan