HARRAPAKETA UGARIA
Antxoa eta atunaren harrapaketa bikoiztu egin da aurten euskal kanpainetan. Baxurako euskal arrantzaleek kanpaina ona izan badute ere, ez dira batere pozik ageri, lonjan izan den prezioa beste urteetan baino dezente txikiagoa izan baita.
Horrela, antxoaren kanpainan 17.000 tona hustu dira Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan, eta iaz 8.000 tona izan ziren. Ez zen halako kopururik harrapatu 1986az geroztik. Alabaina, sektorea ez dago gustura prezioak jaitsi egin direlako. Izan ere, aurten kiloaren batez bestekoaren prezioa 250 pezetakoa (10 libera) izan da eta iaz 370 pezetaraino (15 libera) iritsi zen.
Hegaluzearen kanpainak ere iaz baino harrapaketa kopuru handiagoak ekarri ditu, baina hemen ere salmenta prezioak dezente merkeagoak izan dira. Horrela, aurtengo harrapaketak 9.000 tona ingurukoak izan dira lonjan , hau da, iaz baino %40 gehiago. Lonjan egin duen kiloko batez besteko prezioa 420 pezetakoa izan da, eta iaz 500 pezeta ingurukoa izan zen.
Sektoreko arduradunak ez dira pozik agertu; jarduerak lortutako errentagarritasun apalaren ondorioz, salmenta prezioek ezin baitute konpentsatu izan duten kostu igoera. Gasolioaren prezioak izan duen gorakadak gehitu ditu batez ere kostuak eta horrek mobilizazioak eragin ditu sektorean. Hegaluzearen merkatuan kalte garrantzitsua eragin dute Irlandatik iritsitako hegaluze kopuru handiek, kontuan izanik, gainera, hango itsasontziek baimendurik daudenak baino sare handiagoak erabiltzen dituztela eta, beraz, harrapaketa handiagoak egiteko eta arraina merkeago saltzeko aukera dutela.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.