DISKOA
HABIAKAnari
ESAN OZENKI
11 kanta
2.100 pezeta
84 libera
ANARI ALBERDIREN BIGARREN DISKOA
Hamaika kanta eskaintzen dizkigu Anari Alberdik bere bigarren emaitzan: "Habiak", diskoari izenburua ematen dion abestia; "Bihotza galdu dut", "Denbora", "Geuk piztutako suak", "Aztarnak", "Zubiak", "Aztia", "Zuganako bideak", "Amultsu dator iluna", "Ekilibristak" eta "Itsas-erauntsiak". Anariren ahots bero eta sarkorra minak esku ahurretan egindako habiaz mintzo da, ero moduan galduta dabilenaren atsekabeaz, eraikitako zubia amildegi egin zaionaren sentimenduaz. Letra gehientsuenak bereak dira, batzu-batzuek J. Luis Zabalarenak eta hitz asko Joseba Sarrionandiarenak direla aitortzen badu ere. Dena dela, aurreko diskoan bezala, Anarik bere baitan sartzeko giltza uzten digu, bere itxaropenen, ametsen eta orbainen aztarnak araka ditzagun.
EUSKARAREN SENDABELARRAKKoldo Zuazo
ALBERDANIA
223 orrialde
2.900 pzta./116 lib.
EUSKALKIAK, EUSKARAREN SENDABELARRAK
Koldo Zuazo euskaltzain urgazlea izateaz gain Dialektologia eta euskararen soziolinguistika irakaslea da EHUn. Alor bi horiei lotutako saio asko idatzi ditu, 1998an plazaratu zuen "Euskalkiak gaur" adibide gisa. Bere iritziz, euskalkien etorkizunaz jarduteko, euskalkien iragana ezagutu behar da, bata bestearengandik gertuago zeudelako XVII. mendean gaur egun baino. Eta kasu gehienetan, dugun buruhausterik handiena ez delako euskara nafarra, giputza edo bizkaitarraren arteko zera hori, euskararen eta gaztelaniaren (edo frantsesaren) arteko gatazka baino. Koldo Zuazok gogorarazten digu euskara batua ez zela asmatu euskalkiak ezgauza zirelako, zazpi herrialdeetako euskaldunek batak besteari eroso ulertzeko baizik. Baina uste oker horrek, bere aburuz, norberaren euskaran konfiantza galtzera, eta gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntza loturaren etenera, hots, hizkuntza sena garatua ez izatera eraman gaitu. Honetaz guztiaz dihardu "Euskararen sendabelarrak" saioak, non, besteak beste, Zuazok islatzen dituen gaur egun darabilgun euskarak dauzkan zenbait akats, "Marteko" hizkera, euskara sasiletratua eta orotariko euskara bezala izendatzen dituen ataletan bereiziz.
ESCULTURA PUBLICA EN EL PAIS VASCOBatzuen artean
UPV/EHU
254 orrialde
4.900 pezeta
196 libera
50 URTETAKO ESKULTURA PUBLIKOA
Kosme de Barañanoren zuzendaritzapean, Celia Rodriguez, Maite Echart, Angel Garraza eta Jose Manuel Susperregi herriz herri ibili dira Euskal Autonomia Erkidegoko geografia osoa arakatzen, azken 50 urte hauetan bertan sortutako eskultura publikoen nondik-norakoak jakin nahian. Eta lan sakon, aldiz nekoso, horren emaitza da Euskal Herriko Unibertsitateak kaleratutako liburu eder hau. Ikertutako eskultura guztien irudiak agertzeaz gainera, non dauden, zein materialekin eginak izan diren, nork antolatu zuen haiek saridun gertatzeko lehiaketa, edizio bakoitzaren gorabeherak eta abar azaldu dizkigute, zehatz-mehatz. 258 eskultore eta 9 talde omen dira guztira EAEko leku publikoetan beren eskulturak ezarriak dauzkatenak. Den-denen katalogoa eskaini eta bakoitza zenbat aldiz egokitu den saridun adierazten da.
BALSAMOS Y VENENOS. LA DROGA COMO ENGAÑOJuan Carlos Berrio Zaratiegui
TXALAPARTA
190 orrialde
1.900 pezeta
78 libera
DROGEZ ESAN OHI DIREN GEZURREN SALAKETA
Juan Carlos Berrio tafallarra drogomenpekotasunaren aurka diharduen profesionala dugu. Egunero ikusten du drogek eragindako kaltea eta haien menpe eroritako jendearen sufrimendua. Halere, edo horregatik hain zuzen ere, ez dago prest drogen inguruan eraiki diren iruzur engainagarriak salatu gabe uzteko, jakin badakielako gezur horiek gizartea kontrolatu eta milioi askotako irabaziak lortzeko asmatu direla. Zergatik alkohola eta tabakoa, esate baterako, lasai asko eros eta har daitezke, beste droga askoren kontsumoa debekatua ez ezik zigortua ere dagoenean? Zergatik ez dira legeztatzen guztiak, duela hirurogeita hamazazpi urte Enrico Malatesta anarkistak eta gaur egun askok eskatzen duten moduan? Horrek guztiak badu bere zergatia, eta ez da gure osasunaren ongia preseski, Berriok garbi uzten duen bezala.
ARANTZAZUKO EGUTEGIA 2001 Frantziskotarrak
FRANTZISKOTARRAK
365 orrialde
825 pezeta
33 libera
ANDRE MARIAREN EGUTEGIA 55 URTEZ ZURE ETXEAN
Bostehun urte daramatzate jada frantziskotarrek Arantzazun, 1501. urtetik 2001. era doan tarte luze hori pasa baitute Urbiaren behealdean edota Oñatiko goialdean dagoen magaltxoan. Han dute komentua eta Arantzazuko Andre Mariari eskainitako basilika ere bai. Eta bertan egindako lan ugarien artean -idatzi, ikasi, abestu, irakatsi, fraide izateko jendea prestatu, eguraldiaren igarkizunak eskaini, inguruko baserritar eta artzainen kontu izan...-, bada bat, duela 55 urtez geroztik, hutsik egin gabe, urtero-urtero aurrera daramatena, hots, Arantzazuko Andre Mariaren Egutegia plazaratzea. Hauxe duzue datorren urteko egun guztiak biltzeaz gainera, esaera zaharrak, teoria berriak, dotrina irakaspenak, gure gizartearen berezitasunak, zientziak dituen bitxikeriak, txisteak eta abar luze bat zuen esku jartzen dituen orri multzoa.
POTOLOA NAIZ. ETA ZER?Seve Calleja/Jokin Mitxelena
ELKARLANEAN
31 orrialde
850 pezeta
34 libera
KONPLEXUAK UXATZEKO IPUIN BILDUMA
Denok izan ohi dugu urritasunen bat, eta gaitz erdi ezkutukoa bada. Izan ere, bihotz gogorra duenari ez baitzaio antzematen zera, hanka okerra daukanari bezain laster... Baina errazago da herren eginez dabilenak konplexua izatea, ezta? Bada, hori guztia hankaz gora jarri nahi duen ipuin bilduma kaleratu berri du Elkarlanean argitaletxeak: "Eta zer?" zortzi urtetik gorako haurrei besteen desberdintasunak onartzen irakatsi nahi dien sail honetako lehen ipuina Seve Callejak idatzi eta Joxan ormazabalek euskaratua da, "Potoloa naiz, eta zer?", eta Jokin Mitxelenak eginiko marrazkiaz apaindurik agertzen zaigu. Noski, mutiko pottolo bat da idazlaneko protagonista. Arazo askotxori egin beharko die aurre, etxean zein ikastolan, ingurukoek den bezala onartzen ez dutelako. Zorionez, amona bere alde du ordea...
AZPILICUETAJose Manuel Castells-ek zuzendua
EUSKO
IKASKUNTZA
152 orrialde
2.300 pezeta
92 libera
INGURUGIRO ZUZENBIDEA AZTERGAI
Eusko Ikaskuntzak kaleratzen dituen Zuzenbide Koadernoen 15. zenbakia dagoeneko eskuragai duzue. Ingurugiroaren babesera mugatzen den Zuzenbidea dauka aztergai Javier Eceizabarrena Sßenz-ek osatutako lanak, hau da, "Organización Administrativa para la Protección Ambiental en la Comunidad Autónoma Vasca, Navarra y los Pirineos Atlßnticos. Traslación del Modelo Administrativo de Protección Ambiental de los Estados Unidos" izenburupean agertzen denak. Ingurugiroaren babesa, Zuzenbide klasikoaren adar ia ezezaguna dela aitortzen du egileak. Funtsean, administrazio antolaketan oinarritzen omen da, eta hori oso kontuan hartu beharreko gorabehera dela dio, bestela lortu nahi den ingurugiro babesa ezinezkoa bilakatzen delako, hain zuzen ere nahitaezko tresna juridiko, tekniko eta ekonomikoak falta direlako.
ERREGINA BAHITUA
Aitor Arana
EDEBE-GILTZA
102 orrialde
900 pezeta
36 libera
EUSKAL MITOLOGIAN OINARRITUTAKO IPUINA
Bederatzi urtetik aurrera dauzkaten neska-mutikoei zuzendua dago "Erregina bahitua", Joana Albretekoa eta basoko izaki mitologikoen inguruan Aitor Aranak idatzitako ipuina. Bartzelonako Edebé argitaletxeak plazaratu du, bere Giltza sailean. Aezkoako Orbaizetara oporrak igarotzera joan den hamabi urteko neskato batek, ekaitzak Lurra menperatzen duen batean, basoan bizi omen diren izaki magikoen berri izaten du. Bere osabak kontatua daki agidanean aitonak kontatzen zuena, hau da, izaki magiko horiek, tximistak eta trumoiak astintzen duten bakoitzean, Joana Albretekoaren gorpua paseatzen dutela euripean. Okerrena, badirudiela inortxok ere ez duela istorio horretan sinesten... Orbaizetan bertan bizi den hamaika urteko mutiko bat izan ezik. Martinek bai, Martinek sinesten du, ikusi egin dituelako!