Arturoren kaiera
BADIHARDUGU ELKARTE BERRIA
Deba Goiena eta Deba Behea osatzen duten herrietako euskaltzaleak Badihardugu elkartea abiarazi dute, bailarako euskara, bizkaieraren azpi euskalkia indartzeko eta sendotzeko asmoz. Besteak beste, herri berbetaren corpusa batzea eta euskara estandarrean bere lekua izan dezan ziurtatzea, transmisio naturala eta kulturala bultzatzea eta euskalkiaren erabilera bera sustatzea dute xede. Ekimen honek Koldo Zuazoren " Deba Ibarreko euskeria" liburua du oinarri.
ENERGIAREN HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOA
Energiaren inguruko 1.000 kontzeptu bildu ditu Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) plazaratu berri duen Energiaren hiztegi entziklopedikoan. EEEk Elhuyarrekin elkarlanean egindako hiztegian, kontzeptuen definizioaz gain, 30 energia adituk idatzitako artikulu argigarriak jasotzen dira. Bi helburu ditu hiztegiak; batetik informazio zabala eskaintzea eta bestetik herritarrek energiaren inguruko erabakiak hartzeko informazioa eskura jartzea.
INGUMA DATU BASEA
Euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu basea sortu du Udako Euskal Unibertsitateak. Inguma deritzon datu basea sortzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du. Bertan UEUk 1973tik hona sortutako lan guztia katalogatu dute eta etorkizunean Euskal Herriko unibertsitate publiko eta pribatuetan, Euskaltzaindian eta beste hainbat erakundetan euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzitako materiala bilduko dute. Datu basea www.ueu.org helbidean aurki daiteke.
SOZIOLINGUISTIKA INSTITUTUA LASTER
SEI elkarteak azaroaren 24an egindako simposiumean Soziolinguistika Institutaren proiektua abian jartzea erabaki zuen. Ponentzia nagusia onartuta, batzorde eragile bat eratuko dute eta hark izango du egitasmoak garatzeko ardura.
Aurpegia
Iñaki Sasiain Telletxea. Itsuki Irratian "Egunon Bermeo" magazinaren arduraduna
guztia irakurri
Bagak
Horixe da behintzat Nafarroako Unibertsitateko irrati jardunaldietan luzatutako ondorioetako bat. Angel Faus irakaslearen ahotan, gizarte eta komunikazio errealitate berri honetan, irratia aldatu baino, irratigintza berria beharko da, bestela
-gertatzen ari den bezala- entzuleria jaitsi egingo da. Aditu honentzat, geroko irratigintzaren apusturik egokiena Internet da, frekuentzia-banda digitalaren gainetik, gero eta jende gehiagok duelako ordenagailua eta sarean ez dagoelako frekuentzia ala lizentzia arazorik; gainera, sareak mugarik ez duenez mundu osora hel daiteke.
TXETXENIARA BIDAIA
DAIMAKHAKAN Aznach izeneko txetxeniar emakume talde bat Euskal Herrira gonbidatu du Euskal Kultur Erakundeak, joan den astean Uztaritzen agertutakoaren arabera. Abenduaren 11tik 18a arte izango dira bertan hainbat kultur ekitaldi eskainiz. Besteak beste, kontzertuak, Txetxeniako eta Euskal Herriko kantarien eta hango eta hemengo ikasleen arteako elkartrukaketak. Horrez gain, Alexandre Grigoriantz historialariak eta Bernard Outtier, Kaukasoko historia eta hizkuntzak ikertu dituzten filologoek hitzaldiak eskainiko dituzte. Mylene Sauloyk Txetxenian errodatutako "Otsoa eta amazona" dokumentala ere eskainiko dute.
LEHENENGO GRABAKETAK
EUSKARAZ eginiko lehenengo grabaketak 1900 urtean burutu ziren Parisko Erakusketa Unibertsalean. Hori da dakiguna behintzat. Grabaketa horiek izango dira hain zuzen orain Eusko Ikaskuntzak CD-Rom batean bilduko dituenak. Grabaketak entzuteaz gain, abestien letra eta notak ikus daitezke. Ordenadorearen bidez gainera, irakurketen testuak eta abestien pentagramak jarrai litezke entzuten diren bitartean. "Donostiako hiru damatxo", "Herrietan batzubek", "Irrintzia", "Maitia nun zira", "Prima eijerra" eta "Pello Joshepe" dira bertan bildutako kantuak. Horrez gain, Ebangelioko hiru irakurketa jaso dituzte. 1900ean grabaketak egiteko ideia Parisko Societé d'Anthropologie-rena izan zen. Erakusketa Unibertsala baliatuz, kontinente guztietatik Parisa gerturatu ziren ordezkariei hizkuntza ezberdinetako grabaketak egin baitzizkien elkarte honetako kide batek.
NAFAR POESIA ARMENIAN
ORAIN hamar urte Principe de Viana erakundeak "Idazle Nafar Garaikideen Antologia" obra plazaratu zuen bi aletan. Orain, Vahan Sarkisian filologo armeniarrak 1990ean hamasei egileen artean eginiko lan haren zati batzuk aukeratu eta armenierara itzuli ditu. "Nafarroako Poesia Antologia" izeneko lana osatzeko Nafarroarekin harremana duten eta bizirik dauden poeten lan esanguratsuak aukeratu ditu Sarkisianek. Besteak beste, Patxi Zabaleta, Patziku Perurena, Juan Ramón Corpas, Ramon Irigoien, Miguel D'Ors eta Miguel Sßnchez-Ostizen lanak jaso ditu bertan. Liburuaren 500 ale argitaratu dira eta hauen guztien xedea Nafarroako poesia garaikidea Armenian ezagutaraztea da.
JAURLARITZAK SARITUEI
LAU izan ziren joan den hilaren 29an Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak, Mari Carmen Garmendia Kultura Sailburuak eta Imanol Agote Sailburuordeak Gasteizko Lehendakaritzako egoitzan banatu zituzten Euskadi Literatur Sariak. Lau saridunetatik, hiru, emakumezkoak izan dira aurten: Euskarazko Literatur Sariaren irabazlea Lourdes Oñederra izan da "Eta emakumeak sugeari esan zion" liburuarengatik; Gaztelaniazkoa berriz, Paloma Diaz-Masek jaso du "La tierra fértil" eleberriarengatik; eta Itzulpen Saria Irene Aldasorok eskuratu du James Joycen "Dublindarrak" liburuaren itzulpenagatik. Felipe Juaristi izan da saritutako gizonezko bakarra. "Animalien inauteria" lanagatik jaso du berak Haur eta Gazte Euskadi Literatur Saria.
Aingeru Epaltzaren adierazpenak dira hauek "Gara"n eginak: "Kalitatearena da, nik uste, euskal literatura azken urteetan hobekien gainditzen ari den proba (...) Emakume-idazleen urritasuna, batetik, eta belaunaldi berriena, bertzetik ahanzten hasteko arrazoiak ditugu".
Egunkari berean Hasier Etxeberriak honela zioen Durangoko Azokari buruz: "Niretzako, Durangokoa ez da inoren kultur egarria asetzeko. Apika, izan liteke kulturaren aitzakian beste egarriren bat baretzeko edo izan liteke, halaber, kultur egarriaren aitzakian ibiltzen direnak elkarrarazteko (...)".
Erramun Osa egun AEK-k bizi duen egoeraz mintzo zen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Hau ez da AEK-ren aurkako erasoa bakarrik izan, AEK erasotu dute berau delako Euskal Herrian pertsona heldu gehien euskalduntzen ari dena (...) Orain arte AEK-k aurkeztutako tesoreria-plan guztiak onartu ditu. Zer arrazoi dago orain iritziz aldatzeko?".
Jabier Muguruzak esanak dira hauek "Barren" astekarian: "Kontzerturik hoberena ez da ikusgarriena, gaur egun modan dagoen bezala, baizik eta barruan zerbait ukitzen dizuna".
Bla Bla & Company hizkuntza eskolak euskara ikasteko ikastaroak eskaintzen ditu. Web orrian, aldiz, euskarak betetzen duen lekua hutsaren hurrengoa da. Hitz bakarra topatu dugu euskaraz: Donostia. Bertan euskara ikasten dutenek mintza-praktika ugari egin beharko dute, webguneak ez baitie asko lagunduko.
Dank talde nafarrak bere lehenengo diskoa plazaratu du Gor disketxearen eskutik. Hamar abestiz osatuta dagoen "Dank" lana Burlatako "Ruido" estudioetan grabatu dute, 1999an kaleratu zuten maketa bezala. Lan honek gainera, bideo bat eta taldeari buruzko informazioaz osatutako pista interaktibo bat ere badu.
Jon Maiak irabazi du Errenterian burututako V. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa. Bigarren postua Aiert Beobidek eskuratu du.
Andu Lertxundik Santiago de Compostelan jaso zuen RosalØa de Castro saria joan den astean. Pen Clube de Galicia elkarteak idazleak euskal literaturaren sorkuntzan eta zabalkuntzan eginiko lanagatik eman dio saria. RosalØa de Castro saria bi urtetan behin ematen da.
Pello Zabalak "Naturaren mintzoa. Egunez egun, sasoien gurpilean" argitaratu berri du Alberdania argitaletxearen eskutik.
PRINTZA
Ander Lipus aktorearen hausnarketa da honakoa "Artez"en argitaratua:
"Antzerkigintza bizibide bezala hartu nuenetik beti galdera berbera datorkit burura. Gure herriak (...) ba al du antzerkiaren beharrik? Aktoreak bere autonomia bilatu behar duen heinean, antzerkiak ere bere autonomia bilatu behar du, estetika propio bat, gure hizkuntzarekin, gure izaerarekin bat datorrena. Antzerki antropologiakoan hausnartze bat egitea izan liteke bidea.(...)
Beste alde batetik, gure herriak pairatzen duen tragedia, euskal antzerki obra gutxitan islatzen da. Horregatik nire galdera: zergatik ez dago antzerki politiko bat? (...) Euskal publikoak, antzerkia barre egiteko dela pentsatzen du, eta hori ez da horrela bakarrik. Antzerkiak herriaren arimaz mintzatu behar du, antzerkiak politikoa behar du izan, antzerkiak kritiko behar du izan, antzerkia herriari zuzenduta egon behar da, komunitateari, antzerkia antropologiakoa izan behar da. Guzti hau lortzeko, makineria berri baten sinistu behar dugu, bestalde baten izaera duen antzerkia eraiki. Antzerki tailerrak sortu herrietan, antzerki amateurra sortu, antzerki unibertsitarioa, antzerkiari buruzko euskal terminologia bat bilatu, antzerkia herriaren espazio sakratuetara hurbildu (...), estrategia gure esku dago, hau da: herria antzerkira ez bada hurbiltzen, antzerkia herrira hurbiltzea".
ALBERTO IÑURRATEGI BERRIRO MENDIAN GORA
Azaroaren 21ean mendizale atxabaldarra Malira abiatu zen, Jon Lazkanorekin batera bertako "Fatimaren Eskua" mendiko haitz hormak igotzeko asmoz. Honela, bere anaiaren heriotzaren ostean, Albertok EITBrako dokumentalei ekiten die berriz ere. Gabon Egunean, gainera, ETB-1eko gaueko saioan, Felix omenduko dute.
EHIZARI BURUZKO DOKUMENTALAK ETB-N
Euskal Telebistak laster Espainiako ehiza espeziei buruzko dokumentalak eskainiko ditu, "Vientos de Caza" izenburupean. Zinema euskarrian errodatu eta sistema digitalean ekoiztu ostean, 13 ataletan zehar Espainiako Estatuko hainbat erkidegotako faunan oinarrituko da, atal bakoitzean animalia bana aurkeztuko dutelarik
TELEBISTA DIGITALEN LIZENTZIAK LAGUNENTZAT
Espainiako Ministro Kontseiluak Lurreko Telebista Digitalen bi lizentzia berri luzatu zituen azaroaren 24ko bileran eta espero zitekeen moduan, bere interesen alde egin zuen, komunikabide adiskideen leialtasuna eskertuz, hots, El Mundo (Veo TV) eta ABC (NET TV). Kate berriak bi urte igaro baino lehen hasiko dira emititzen.
Mendiko eta kiroletako arropa saltzen duen Arrasateko Ternua enpresak iragarki orri bat atera du oraintsu. Bertan, adierazpen bat salbu guzti-guztia euskara hutsean dago. Ohiko jokaera behar lukeena salbuespen izaten da, zoritxarrez. Badirudi euskaraz ezin dela iragarri. Kontrakoa frogatu dute eta ederki gainera.