TXETXENIARA BIDAIA
DAIMAKHAKAN Aznach izeneko txetxeniar emakume talde bat Euskal Herrira gonbidatu du Euskal Kultur Erakundeak, joan den astean Uztaritzen agertutakoaren arabera. Abenduaren 11tik 18a arte izango dira bertan hainbat kultur ekitaldi eskainiz. Besteak beste, kontzertuak, Txetxeniako eta Euskal Herriko kantarien eta hango eta hemengo ikasleen arteako elkartrukaketak. Horrez gain, Alexandre Grigoriantz historialariak eta Bernard Outtier, Kaukasoko historia eta hizkuntzak ikertu dituzten filologoek hitzaldiak eskainiko dituzte. Mylene Sauloyk Txetxenian errodatutako "Otsoa eta amazona" dokumentala ere eskainiko dute.
LEHENENGO GRABAKETAK
EUSKARAZ eginiko lehenengo grabaketak 1900 urtean burutu ziren Parisko Erakusketa Unibertsalean. Hori da dakiguna behintzat. Grabaketa horiek izango dira hain zuzen orain Eusko Ikaskuntzak CD-Rom batean bilduko dituenak. Grabaketak entzuteaz gain, abestien letra eta notak ikus daitezke. Ordenadorearen bidez gainera, irakurketen testuak eta abestien pentagramak jarrai litezke entzuten diren bitartean. "Donostiako hiru damatxo", "Herrietan batzubek", "Irrintzia", "Maitia nun zira", "Prima eijerra" eta "Pello Joshepe" dira bertan bildutako kantuak. Horrez gain, Ebangelioko hiru irakurketa jaso dituzte. 1900ean grabaketak egiteko ideia Parisko Societé d'Anthropologie-rena izan zen. Erakusketa Unibertsala baliatuz, kontinente guztietatik Parisa gerturatu ziren ordezkariei hizkuntza ezberdinetako grabaketak egin baitzizkien elkarte honetako kide batek.
NAFAR POESIA ARMENIAN
ORAIN hamar urte Principe de Viana erakundeak "Idazle Nafar Garaikideen Antologia" obra plazaratu zuen bi aletan. Orain, Vahan Sarkisian filologo armeniarrak 1990ean hamasei egileen artean eginiko lan haren zati batzuk aukeratu eta armenierara itzuli ditu. "Nafarroako Poesia Antologia" izeneko lana osatzeko Nafarroarekin harremana duten eta bizirik dauden poeten lan esanguratsuak aukeratu ditu Sarkisianek. Besteak beste, Patxi Zabaleta, Patziku Perurena, Juan Ramón Corpas, Ramon Irigoien, Miguel D'Ors eta Miguel Sßnchez-Ostizen lanak jaso ditu bertan. Liburuaren 500 ale argitaratu dira eta hauen guztien xedea Nafarroako poesia garaikidea Armenian ezagutaraztea da.
JAURLARITZAK SARITUEI
LAU izan ziren joan den hilaren 29an Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak, Mari Carmen Garmendia Kultura Sailburuak eta Imanol Agote Sailburuordeak Gasteizko Lehendakaritzako egoitzan banatu zituzten Euskadi Literatur Sariak. Lau saridunetatik, hiru, emakumezkoak izan dira aurten: Euskarazko Literatur Sariaren irabazlea Lourdes Ońederra izan da "Eta emakumeak sugeari esan zion" liburuarengatik; Gaztelaniazkoa berriz, Paloma Diaz-Masek jaso du "La tierra fértil" eleberriarengatik; eta Itzulpen Saria Irene Aldasorok eskuratu du James Joycen "Dublindarrak" liburuaren itzulpenagatik. Felipe Juaristi izan da saritutako gizonezko bakarra. "Animalien inauteria" lanagatik jaso du berak Haur eta Gazte Euskadi Literatur Saria.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.