Gogoeta garaikideak dakartza Joxerra Garzia legazpiarrak "Egonean doazen geziak" Alberdanian plazaratu berri duen liburu urdinean. Bere geziak bezala, egonean biderako prest, hausnarketa eta solasaldirako prest alegia, agertu zaigu idazlea.
Liburuan zer dagoen? 382 gezi (gezia: armetan arinena). 382 metaforismo: metafora, aforismo, gogoeta, kontaera, gaur egungo bizitza den txiste mingotsaren inguruango iritzi. Umore on ala minez idatzitako liburu poetikoa ala politikoa. Mugimenduan jaurtiak izan eta guregana datozen geziak. Puzzlea, metapuzzlea.
Nola irakurtzekoa da "Egonean doazen geziak"?
Lehenengo zatian, "Lau"n, generoen arteko nahasketaren erreibindikazio bat egiten da. Gauza bat poesia izateko ala ez izateko gutxienekoa da egitura grafikoa, ezta? Lerro etenak eta abar. Poesia erreibindikatzen da genero nagusi moduan eta genero horretan inportanteena da hizkuntzaren beharketa lan bat egitea, hau da, hizkuntzari dezakeena eta ez dezakeena esaten ahalegintzea. "Hiru" atalean hemengo egoerari buruz erreflexio gehienak sartu ditut, beharbada gordinenak edo biluzienak. Gaur egun askorentzat norbanakoaren baitan -eta gehienera bikotearekiko- bukatzen da kezken mundua. Nik hirutasun hori, edo izaera sozialaren hirugarren dimentsio ezinbesteko horren erreibindikazioa egiten dut hemen. "Bi" atalean daude bariatuenak, eta batez ere maitasuna, lagunak, eta halako kontuak. Eta gero "Bat, zero" berriro ere da laura etortzeko modu bat, gutxi gorabehera berriz ere generoei buruzko kontua. Baina irakurketa egin baldin bada hasieratik, hara iristen denak gutxi gorabehera jakin behar luke jada nola ikusten ditudan gauzak.
Gero, noski, irakurketa horren ostean, orduan bai izan daiteke unea pixka bat "surfing" edo "zapping" eginez irakurtzeko. Propio eginda dago: batzuk oso aforistikoak dira, beste batzuk poetikoak, beste batzuk pasadizo kontaerak -borroka handiak izan nituen editorearekin gehienetan narratiboenak edo pasadizokoak direnak kentze aldera, eta nik esaten nion ezetz, erreibindikazio hori zegoela justu hor-. Orduan, bertsolari artean nabilela tipo batek zerbait kontatu eta niri kontaera horrek bereziki hunkitu baninduen bere garaian, nik uste dut horrek eskubidea daukala sakontasun-usteko beste batzuekin batera egoteko liburu berean.
Dena segidan irakurrita, "Bi" zati hori momentu batzutan oso ezkorra aurkitu dut. Izan ere, Ezaren apologia egiten duzu zuk, baina heldu da momentu bat zeinetan esperantza non jarriko ote zenuen kezka sortu zaidan. Deskribatzen duzun "eternitatearen amaigabe" hori ez al da nahiko latza ere?
Liburuaren aurkezpenean bertan, jendearen iritziz behintzat, agian bi toki diferenteetan egon gaitezkeen Koldo Izagirre eta biok egotea niretzako oso inportantea izan zen. Iruditzen baitzait gero eta gehiago gabiltzala bakoitza berean, eta ematen du kokapen ideologikoak eragin erabatekoa daukala, edo pasatu dugun urte eta erdi lasai horren ostean berriro ere dena hondatzeko arriskua dagoela, ez bakarrik goi mailakoa, baizik eta maila pribatuan ere bai.
Zuk errealitate politikoari oso lotuta idatzi dituzu metaforismo batzuk, adibidez ekidistantziari buruzko gogoeta horiek. Hemen izan ere, gogoeta, gezi asko dago, 382 hain zuzen, eta zuretzat agian batzuk beste batzuk baino inportanteagoak izango dira.
Poesiaren inguruan badago gogoeta indartsu bat: poetaren ametsarekin bat egiten duzula-edo, esango nuke. Maria Zambranoren hitzak aipatzen dituzu: "Poetak, filosofoak ez bezala, ez du osotasunik nahi. Errealitate poetikoa nahi du".
Nik uste dut lau funtzio horiek ezin ditzazkeela poesiak bete, hizkuntzak bete, hizkuntzaren beraren kontrako borroka egin gabe. Hizkuntzak informazio mailan esan daitekeen guztia kodifikatuta dauka, baina bide kodifikatu horietatik ezin dugu esan lehendik esanda dagoena baino. Neurri horretan, hizkuntzari esanarazi behar zaio dezakeena eta ez dezakeena, eta nik hala ulertzen ditut Maria Zambranoren hitz horiek, eta horregatik gustatzen zaizkit hainbeste. Esaten dudana, eta esaten ez dudana ere esatea, alegia.
Posmoderniaren ajeei ere egurra ematen diezu. "Jainkozurtz" gauden honetan diskurtso galera larri xamarra dago; datu eta informazio gehiegi dago, baina gero oso zaila da horiei zentzu bat ematea edo diskurtso baliagarri bat eraikitzea: "Informazioaren trailerrak zapalduriko katuak dirudite gaur egungo hainbat eta hainbat artikulu eta hitzaldik."
-herriek, nazioek- ez dute eskubiderik; ideologia bukatu dela esaten dute, merkatu librearena, liberalismoa eta ideologiaren bukaera bera ere ideologia bat ez balira bezala.
Analisi marxistara ohituta daudenentzat, esaten dugu: Hau nola sinetsi daiteke? Eta sinetsi daiteke dabilen ahots bakarra komunikabideetan sinetsi bezala dabilelako, eta orduan posmoderniak dakarren ideologien desegitearen teoria hori hainbeste zabaltzea esplikatu liteke bakarrik komunikabideetan lorito funtzioa betetzen duten asko daudelako. Niretzako, adibidez, momentu honetan euskal gatazkari dagokionez gatazkaren elementu indartsuenetariko bat komunikabideak eurak dira, salbuespen txiki-txiki batzuk ezik. Diskurtsoa artikulatzen da pentsamendu bakar horrek dioena errepikatzean, eta horren kontra badago beste diskurtso bat berdin artikulatuta: zuri-beltzeko diskurtso bat da. Horregatik esaten dut koloretako telebista asmatzeko beharrik ez zegoela errealitatea zuri-beltzean agertzeko. Bi alde enfrentamenduan zuri eta beltz ari direnean, benetan ñabarduren bidez bakarrik dago bat egitea, adostasunera ailegatzea, edo irtenbideak topatzea.
Poetika eta politika uztartzean datza, beraz.
![]() |
|
||||
1787 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa