EUSKAL ZIBERBASERRIA (AMETS BIRTUAL BAT)
Baserri eraitsia" argitara eman genuenean (Gaiak, 1998) nire lankide Andoni Alonso eta niri tristezia sentsazioa geratu zitzaigun. Gure herri-arkitekturaren oraina ikertzeko orduan genuen gogo kritiko hori apaltzen joan zen baserri tradizionalaren hondamen prozesu gupidagabearen aurrean. Baina teknologia digital berriekiko zaletasunak itxaropenerako zirrikitu bat zabaldu zigun. Eta orduan ametsetan hasi ginen. Ez genuen euskal baserriaren etorkizuneko berpizkunde batekin amesten, baina bai, gutxienez, bere jatorrizko izpirituaren ezohiko birsortzearekin.
Etorkizun ez oso urrunean, Euskal Herria urbanizazio erraldioetan bildutako baserri zahar berrituez eta baserri postmoderno berriez estalia ikusi genuen. Eta baserri horietatik, soilik bakar batzuek gordetzen zituzten estilo tradizional goxoa eta ohiko material naturalak. Gure begitazioa ez zen batere arraroa; gure liburuaren aurreikuspen pesimistak betetzen ziren bertan.
Hala ere, gure ametsean baserri horien leihoetatik barrura sartu eta eszena harrigarriak ikusi genituen. Baserritarraren esku zailduek ordenagailua tekleatzen zuten bere seme-alabek sortutako baserri birtualean sartu ahal izateko. Baserri guztiak Sarean konektatuta eta funtzio tradizional ugari informatizatuta zeuden. Horri esker oinordeko gazteek ez zituzten mendi basoak utzi nahi, euren herri eta bailarara loturik baitzeuden, interes ekonomiko, sozial eta kulturalen komunitate birtual baten inguruan. Horietako baserri askok euren eraikuntza birtuala munduari zabaldu zioten euren web orriaren bitartez. Baserriaren argazki digitalak bisitariei harrera egiten zien eta ate inguruko elementu tradizionalek (eguzki-lorea, egurrean tailaturiko sinboloak, aldaba) toki ezberdinetara joatea ahalbidetzen zuten. Ezkaratzean gordetzen ziren lanabesez osatutako museo etnografiko digitala topatu genuen. Baita diasporako lagunek bisitatu zezaketen klanaren gorabeheren inguruko informazioa ere, modu horretan euskal komunitate globalizatuaren lotura birtualak harilkatuz.
Baserrien oinplanoak ezagutzeko aukera ere izan genuen, eta gure pozerako, horietako batzuk Cad programa konbinatorio errazen bidez baserritarrek beraiek diseinatuak zirela ikusi genuen. Hiriburuko urbanitek ere euren baserri birtualak eraiki zituztela deskubritu genuen, webcam-aren bitartez baratzeko sagarrondoei so gustura zeudela. Gure bidaiak bisitatzen ari ginena benetan Zibereuskalherria zela baieztatu zigun, herrialde berri bat ziberespazioan, non baso elektronikoa baserri birtualak birsortzeko kimatzen zen, globalizazioaren garaietan gure kulturaren gune gisa.
Eta orduan esnatu egin ginen, eta lanean hasi. Gure ametsak, fantasia boluntarista izanik ere, zentzuzkoa eta bideragarria zirudielako. Ez genuen baserri errealaren defentsa alde batera utzi, baina dagoeneko hasiak gara haritz digitala mozten gure baserri birtualerako. Bertatik errealitateko baserria defendatu nahi dugu eta gure kulturaren aukera guztiak irudikatu. Horretarako, estetika transherrikoia sortzen ari gara, gure arkitektura teknologiara egokituko duena eta teknologia gure arkitekturara. Filosofia transherrikoia ere sortzen ari gara, ziberbaserri hori aldaketa prozesuan den euskal kulturaren barruan integratuko duena.
Amets egiteari utzi diogu; orain gure lehen ziberbaserri birtualaren auzolan digitalean jarduten dugu. Gure arkitektura tradizionalaren eta kultura biziaren zaletuek -baserritar eta intelektualek, arkitekto eta okupek, informatiko eta artistek- atea gurutzatu eta euren ideiekin laguntzeko gonbita dute.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.