orain dela 30 urte
Bi borroka eta bi porrot jaso zituen azaroaren 22ko aleak. De Gaulle eta Frantziaren artekoa bata eta Urtain eta Cooper ingelesaren artekoa bestea.
Frantsesek "ez!" esan berri zioten ezetz esaten beti primeran jakin ei zuen gizonari, alegia De Gaulle jaunari. Horrela zioen 1970eko azaroaren 22ko Z. ARGIAk behintzat: "Ez. Itz honek adierazten du Frantzian Napoleon ezkero eta Europan gizaldi ontan izandu dan politiko aundienetakoaren izakera, De Gaullen izakera". Miresmen punttu bat nabarmentzen zitzaion astekariari politiko frantziarrak egindakoak aitatzerakoan, zela Hitler-en aurka, zela "Rusia, England, Iparamerika"koei aurpegia erakutsiz, zela bere herriaren iritziaren aurka jokatzerakoan.
FRANTZIA, UME TXIKIA.
GAL ALA IRABAZ, ZUREKIN BAT.
Aurreko kontuan nor izan zen galtzaile eta nor irabazle garbi gelditzen ez bazen, kontuak atera herriko seme bati boxeolarien txapela izan eta galtzea egokitzen zaionean! Urtain zeritzan boxeolari hura, ospe handiko gizona orduan, Estatu espainiarrean behintzat. Eta horregatik, ahobero xamarra zelako, Francok harrera egin ziolako (ospetsua izaki, azken batean) edo auskalo zergatik, aldeko zein kontrako asko zituen. Bada, ingeles batekin boxeo rrokaldi bat izan eta, galtzaile atera! Hara zer zioen Basarrik hura zela-eta, "Bakoitzari berea" izenburua zuen atal batean: "Ximak, temak, zitalkeri ta petralkeriak ez dute ezer balio. Inbiri ta ikusi-eziñak gutxiago. Bakoitzari berea ematen ez dakienak asko palta du gizona izateko. Cooper ingelesa obea atera da oraingoan gure 'Urtain' baiño". Horreraino konforme, baina "bat obea izateak bestea txarra dala adierazten al du? Ezta pentsatu ere orrelakorik! Oso bakanak eta kontatuak dira mundu ontan beti nagusi irtendakoak. Deportetik bizi bear duanak, eta deporteari urretik jarraitzen dionak, ez du batere arritu behar bein galdu eta bein irabaztearekin". Oharpen hau egin eta gero, "Ez da jostaillua" adierazten zuen. Zergatik? Berehala jakingo duzue: "Amarretik bederatzi inglesek etzuten gure 'Urtain' aintzat artzen. Jostaillu bat izango zala uste zuten Cooper aundiaren azaparretan". Oker zeuden, ordea! Urtain-ek "estuasun latzak pasa-arazi zizkion ingles txapeldunari. Arek lurra jo zuan: 'Urtain'ek ez. 'Urtain'i begia ondatu ziolako nagusitu zan Cooper, eta ez uste bezin mendean zerabilkialako. Zorigaitz ura ez izatera, ez jakin Londres'en zer gerta zitekean. Danak aitortzen dute inglesa nekatzen gogor asia zegoala".
Zergatik egiten zuen Basarrik horrelako defentsa, orduan? Bada, arazotxo batengatik: "Legezkoa da erratzari etxe aldera eragitea. Aukeran, etxekoa nagusi izatea nai izaten dute munduaren egal guzietan. Frantzesak, inglesak, amerikanoak, danak etxezale amorratuak dira. Alemanak zer esanik ez." Oi, enetxook, hona hemen haren zauria: "Gu, euskaldunok, gera besterik ez bezalakoak. Ez danok, baina bai asko. Kanpoko dana ona dugu. Etxekorik ez dugu estimatzen trapu zarra ainbatean. 'Urtain'ek ezin esango du behintzat bere erriaren laguntza ta ernas-emate geiegi izan duanik. Iru aldera ta lau kontrara. Bere balioz iritsi da gaurko mailla ortaraiño, ta ez guk asko lagundu diogulako. Au da egia" eta "negargura gogorra ematen dit; amildegira goazela adierazten dit". Dena den, zera adierazten zion "Urtain"i: "Guretzat ordea, Joxe Manuel, irabazle ziñanean bezin aundi zera galtzaile irten zeran ontan".
Larresoro, 1970-XI-22
Aste honetantxe gertatu zaizkit ilaran. Egun batez, ikastola baten ondoan, gurasoak eta ikastolaren bultzatzaileak berak barra-barra erderaz ari. Beste batean, euskaltzale pare bat harriturik ikusia, geure etxean euskera hutsez egiten dugula jakinda. Hirugarrenik, oso "gogor" horietako baten etxean denak euskaldun gertatu ("gogor" hori ezik), eta "gogor" arengatik erderaz denok. Eta laugarrenik eta azkenik, euskal izena eta asmoa dituen elkarte bateko biltzarrera joan, denak euskaldunak ("gogor" horietako bat ezik), eta denok erderaz egin behar. ("Gogorra" bera, dudarik gabe, eta ez gu; baina ez uste duen aldetik...). Nork ez du horrelakorik egunero ikusten? Hots, jakina denez, LEPORAINO GAUDE! (...)
Frantsesik gabeko Quebec-ik eta flamenkerarik gabeko Flandes-ik ez dagoen bezalaxe, euskerarik gabeko Euskal Herririk ez dago. Hots, guhaurk behar dugu hori nortu eta obratu geure buruetan. Hau egin artean ez dago ezer itxaroterik geroan, gure amaia ezik. Zeren-eta helburua jokabideak mugatzen eta baldintzatzen bait du. Zuek "gogor"rok, beste gauza "inportanteago"tan ari zareten erdaltzale nazkagarriok, LEPORAINO GAITUZUE! Leporaino (...).
Agirre, 1970-XI-22
Gaurko munduak kristau-sinesmenari egiten dion galdera edo desafioa justizia edo zuzentasuna itzetan biltzen da. Zuzentasun au egitean edo ez egitean dago kristau joko guztia. (...)
Gaurko munduaren egoera: a) Zuzengabekerian edo injustizian oiñarritua. B) Alde batetik, kapitalismoa (lehengoa edo berria): irabazi-griña, euki nahi eten-gabea, bakoizkeria, zapalketa... Bestetik, gaurko sozialismo jakiñen sistema, beste oiñarri batzuen gaiñean jasoa, baiña beste eragozpen batzuren jabe azaltzen zaiguna: pertsonaren nortasunaren aurkakoa, totalitarismo-kutsukoa, materialista bidekoa... d) Bi indar auen erdian, Irugarren Mundua: menperatutako erriak, behartsu bizi diran erriak, besteak aberasteko erabilliak. (...) Erri menderatu eta behartsu auek, bakoitza bere lekura bihurtu dedin, munduaren sustrai-sustraiko aldaketa nagusia lehenbailehen eskatzen dute. Itz batean esateko, reboluzio edo iraultza. Egoera onen aurrean, kristauak zer? "Reboluzio" itza entzuteak kristau gehienei atzera eragiten die. Gaurko kristau gehienen iritzian, itz onek pekatu edo debekatutako zerbaiten usaia darama. Baiña, gaur kristauak norekin gelditu behar du?... Geldirik egotea, ez jokatzea da: gaizki esan det, barkatu! Geldirik egotea, egoera gaiztoaren alde jokatzea bezala da (...)
![]() |
|
||||
1785 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa