LAB-EKIKO EKINTZA BATASUNA ETA SINDIKATUEN AUTONOMIA
ELAren X. Biltzarrerako ponentziak LAB sindikatuarekiko ekintza batasunaren aldeko bidetik jarraitzen du, nahiz eta onartu ETAren su-etena amaitu ondorengo egoera politiko berrian krisialdi sakonean dagoela, aldi berean bien arteko gatazka horren erroa LAB sindikatuak ENAMekiko duen autonomia urritasunaren ondorio dela adieraziz. ELAk dio betidanik defendatu izan duela edozein mugimendu politikorekiko ezinbestekoa den autonomia hori.
Ponentzian agertzen denez, ELA eta LABen arteko elkartasuna, gehiengo sendoa osatuz, erreferentzi garrantzitsu bihurtu da sindikalgintzari dagokionez ez ezik gizarte eredu baten egituraketan ere. Nolanahi ere, egoera politikoaren aldaketak krisialdi sakona eragin du, gatazka eta ereduen arteko aurkakotasuna sortaraziz elkartasun horretan.
Bi sindikatuen artean, ponentziak jasotzen duenez, autonomia politikoari buruzko kultura eta ibilbide guztiz ezberdina nabari da, eta egoera politiko berri honetan ikuspegi ezberdin horrek indar handia hartu du eta bien arteko gatazka eragin du.
ELAren iritziz, egoera berri hau LABek bere proiektua hedatu eta sendotzeko aukera bezala hartu du, ELArekiko proiektu alternatibo gisa aurkeztuz eta lehia zuzenean sartuz. Ponentziak ez du ukatzen LABek bere proiektu alternatiboa bultzatzeko eta jarraitzaileen oinarria zabaltzeko duen eskubidea eta legezkotasuna, baina dauden espazioez jabetzeko lehiari lehentasuna emateak elkarlana eta elkartasuna indartu ahal izateko ondorio kaltegarriak ekartzen dituela azpimarratzen du.
Sindikatuen autonomia bere ereduaren funtsezko ardatz gisa aldarrikatu arren, ponentzia idatzi dutenen iritziz "sindikatu abertzalea gizartea aldarazteko benetako alternatiba (indarrak) batzeko gai baldin bada", eta horregatik ELAk, sindikatu nagusia den heinean, bere gain hartzen du konpromisoa "ELA eta LABen arteko elkarlana lortzeko ahaleginean behar den sakontasunez aritzeko". Jakin badakite ez dagoela beste inolako elkartasun aukerarik, eta, hortaz, beren jokabideekin autokritikoak izateko prest ageri dira, zeren "bide eginek edo nolabaiteko prepotentzia baten tentaldiak ez baitute ezertan laguntzen dinamika bateratuak lortzeko".
Ahalegin eta leialtasun hori, besteak beste, negoziazio kolektiboen esparruan gauzatu beharko litzateke. Negoziaketan plataformak, dinamikak eta mobilizazioak egituratzea eta bi erakundeek bere egiten dituzten joko-arau batzuk betetzea guztiz garrantzitsua da. Ponentziaren egileek diotenez, ezinezkoa da sindikalgintzan batasunez jokatzea negoziazio kolektiboetan batasunez jokatzen ez bada.
Sindikalgintzaren batasun honen ildotik, beste sindikatu txikiago batzuekin, hala nola ESK, EILAS, HIRU eta EHNErekin, elkarlan iraunkorrak bideratzearen alde agertzen da ponentzia, kontuan izanik dagoeneko hainbat ekintza bateratu burutu izan dela horiekin eta honelako elkartasun batek, kuantitatiboki hainbesteko ekarpenik ez egin arren, kualitatiboki garrantzi handia izan dezakeela.
Azkenik, ponentziak ez du aipatu gabe uzten sindikatuen arteko batasunak duen nazioarteko alderdia. Batetik, aitortzen dute, beren errealitatea ezaguturik, ezinezkoa dela nazioartean protagonismo izugarria izatea, baina, bestetik, adierazi nahi dute sindikatu abertzaleak sindikalgintzako nazioarteko erakundeetan, mundu mailan (CIOSL, CMT) nahiz eskualde mailan (CES), egotea eta aritzea dela bide bakarra arazoak eta konponbideak ezagutzeko, eztabaidatzeko eta, ahalmen eta arduren heinean, eginkizunak eta ekimenak elkarrekin burutzeko.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.