HAMAIKA BIRA BILBON
Guztira, 63 herrietatik 1.053 film jaso dituzte aurten lehiaketarako Nazioarteko Zinema Labur eta Dokumentalaren Jaialdian. Inoiz izan den partaidetza kopururik handiena da berau, iazko ekitaldian 780 film jaso baitziren. Ez da hori gainditu den kopuru bakarra. Horrez gain, sariak ere handitu baitira. Esaterako, Jaialdiaren Sari Nagusia milioi bat pezetakoa (40.000 libera) izango da, Euskal Zinemako Sari Nagusia eta Espainiakoa 700.000 pezetakoak.
Lehiaketako zenbakietatik at, hamaika ziklo prestatu dira aurten azaroaren 27tik abenduraren 2a arte luzatuko den 42.ekitaldian. Protagonista nagusi bat izango da: musika. Film eta dokumentaletan lantzen diren doinu, abesti eta bandei arreta berezia eskainiko zaie.
Horren lekuko da "Kantariak eta Soinudunak" zikloa. Bertan musika latinoak zine dokumentalean duen garrantzia jorratuko da. Horretarako, Estatu Batuetako, Brasileko eta Karibeko musikaren bizitasunaren eraskugarri den hainbat film erakutsiko da. Bestalde, "Bilborock eta Jazz" zikloak 60-70eko hamarkadetako pop, rock eta jazzeko musikari garrantzitsuenen emanaldien filmak eskainiko dira. Beatles, Rolling Stones, Janis Joplin, Luis Armstrong eta abarren irudiak izango dira ikusgai.
Zineman berezko pisua duten hainbat pertsonaiek ere ziklo bana izango du aurten: Barbara Kopple, Robert Altman, Peter Greenaway eta Luis Buñuelen omenezkoak antolatu dira, hain zuzen. "Azken Buñuel" izenekoan eskaintzeko, Aragoiko zinemagilearen azken garaian eginiko filmetatik, zazpi aukeratu dituzte. Besteak beste, "Tristana" eta "Viridiana" filmak ikusi ahal izango dira.
Benetazko pertsonek ezezik, pantailetan bizi propioa hartu dutenek ere badute atal berezia. "Animazioko Zinema Amerikanoaren Klasikoak. Begirada ezberdin bat" izeneko zikloan macarthismoaren garaian zentsuratuak izan ziren filmak ikusi ahal izango dira. Besteak beste, Bugs Bunny, Superman eta Mickey Mouse izan ziren zentsuratuak.
Herri eta hiri konkretuek ere beteko dituzte Bilboko aretoetako pantailak. "Iran, planoz plano" zikloak herri horretako zinearen ezaugarri estetiko eta tematikoak jorratuko ditu. "Hiriaren biografiak" atalean berriz, munduko hainbat hirietatik ibilaldia egingo da, zenbait zinegileen eskutik. Ziklo honen bitartez, pertsonaren eta espazioaren arteko harremana eta hirietan gizasemeak duen bizitzeko modua aztertuko dira.
Gai sozialei beste bi atal eskaini zaizkie egitarauan. Horietako bat islatuko du hain zuzen, "Hamabi arrazakeriaren aurka" zikloak. Bertan, hamabi zinegile frantziarrek arrazakeriari buruz eginiko fikziozko film laburrak proiektatuko dituzte. "Aktualitatea luzez"en bestalde, interes handiko gaiei buruzko dokumental luzeak ikusi ahal izango dira. Besteak beste, 1972an Munichen gertatutako sarraskiari buruz Kevin MacDonaldek eginiko "One day in september" eskainiko da.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.