BURUJABETZAREN ALDE: DESOBEDIENTZIA
Xabier Sarasua
Euskal Herria nazio bat da eta autodeterminaziorako eskubidea du. Nazioarteko hainbat itun eta deklaraziok aitortzen dio herri orori eskubide hori eta Espainia nahiz Frantziako estatuek ere sinatu dituzte agiriok, gainera. Horretaz gain, eskubide ezezik Euskal Herria eta Frantzia nahiz Espainiako estatuen arteko gatazka politikoaren konponbiderako ezinbesteko urratsa da autodeterminazioa gauzatzea. Gauzatze hau, gizarte eragile guztien parte hartzeaz eta sentsibilitate guztiak kontuan hartuz egin beharko da, noski. Hala ere, beste aukeren artean, berme osoz hautatu ahal izan beharko da estatuekiko berdintasun estatusa. Estatuek ordea, ez dute inolako borondaterik berez dagokion eskubide hori Euskal Herriari onartzeko. Lehendik ere argi bazegoen, are nabarmenago utzi du borondate falta hau ETAren su-eten garaian Espainako gobernuak agertu duen jarrera inmobilistak.
HORREXEGATIK, Euskal Herriak bere eskubideak burutzeko beharrezkoak dituen baliabideez hornitu behar du bere burua. Udalbiltzaren gisako nazio mailako erakundeak ezinbestekoak ditugu, batetik. Eta horretarako alderdi politiko abertzale eta aurrerakoiek elkarlanean hasi beharko dute berriro, Lizarra-Garaziko akordioarekin ekindako bideari jarraituz. Gizarte zibilak bere aldetik, protagonismoa berreskuratu behar du, zilegitasunez eta eraginkortasunez jokatuz. Bide horretan, desobedientzia zibil ez-oldartsua tresna ezin egokiagoa du Lizarra-Garazirekin agerian geratu den gehiengo sozialak. Azkenik, Euskal Herriko alderdi politiko, gizarte eragile eta sentsibilitate guztietako jendearen arteko elkarrizketa bidea ere ezinbestekoa da, gehiengoen bidetik baina gu-txiengoak errespetatuz, denok onartzeko moduko urratsak emanez joan gaitezen. Aipatutako hiru maila hauetan aritu da lanean ABK (Autodeterminazioaren BiltzarraK) orain artean eta, aurrerantzean ere, bide beretik tinko jarraituko du.
ABK, Herria Mugi eta Bai Euskal Herriari taldeetako kideen atxiloketa zentzugabeek ordea, desobedientzia zibilaren indarra eta zilegitasuna eta honi Estatuak dion beldurra ikusarazi die bati baino gehiagori. Donostian eginiko manifestazioan bide horri tinko ekiteko asmoa erakutsi zuen milaka herritarrek. Gehiengo soziala bide horretatik joateko prest egon daitekeela pentsa daiteke. Herria Mugi-ren autoinkulpazio kanpainak gizarte eragileen artean izan duen arrakastak ere hori erakusten du. Asmo edo borondate hori artikulatzen asmatu behar dugu. Desobedientzia zibila, ekintzen bidez gauzatu behar baita, norbere etika edo kontzientziari jarraiki, ustez oker dagoen legea hautsiz (karnetak, kotxeen matrikulak, euskaraz nonahi...). Lege-hauste zilegi horretan ordea, ez dago ekintza oldartsurik ez besterentzako kalterik. Norbere burua da kaltetua ateratzen dena, hasieran behintzat, lege hausteak ekar dezakeen zigorrarengatik. Baina norberak jasan beharreko zigor hori bera da legea injustoa dela agerian utziko duena. Horra tresna honen indarra!
DESOBEDIENTZIA zibileko ekintzek eta estrategiek zorrotzak behar dute izan gizon-emakume guztien eskubideen zein eskubide kolektiboen defentsan; baita Euskal Herrian bizi eta frantziar edo espainiar naziotasuna mantendu nahi duten haien eskubideen defentsan ere. Honela, bide honetatik lortzen den emaitza denok onartzeko modukoa izango baita.
Historiari begiratu bat emanez gero, Mahatma Gandhi, Malcolm X, Luther King, Nelson Mandela eta beste hainbat iraultzaileren irakaspenek ildo honetatik abiatzera gonbidatzen gaituzte. Euskal Herriaren historian ere, inposaketen aurrean jarrera desobedientea izan dugu euskaldunok. Intsumisioarena azken adibidea baino ez da. Orain ordea, desobedientzia zibil soberanistaren garaia heldu da. Gure euskaldun izaerari jarraiki eta historiatik ikasiz, herritarrek parte hartzeko duten tresna zilegi eta eraginkor hori beharrezkoa dugun prozesu autodeterminatzailean aplikatzekoa, alegia. Estatu espainiarrak ere ezagutzen du desobedientzia zibilaren eraginkortasuna; badu intsumisioaren esperientzia eta horrexegatik zapuztu nahi izan du, ETArekin nahastuz, indarra hartu baino lehen. Denon esku dago amore ematea ala Euskal Herri hobe baten alde bide zilegizko honi tinko baina zorrotz ekitea. ABK-k, prest agertu diren beste hainbat gizarte mugimendurekin batera, konpromiso maila ezberdineko ekintza desobeditzaileak martxan jartzeko asmoa du, norbere inplikazio maila eta aukeren arabera, prozesu autodeterminatzaile honetan denok parte hartu ahal izan dezagun.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.