DISKOA
SEN Sen
OIHUKA
12 kanta
2.195 pezeta
87 libera
UHAR BATEN INDARRAZ, SAMURTASUNA
Rock-pop samur bezain indartsuko hamabi kanta eskaintzen dituzte denera Sen taldekoek, Oihuka disketxearekin aurkezten duten bere lehen CD honetan. Halere, Sen bezala hastapeneko diskoa duten arren, ez dira hasberri batzuk talde gipuzkoar hau osatzen dutenak, ez eta gutxiagorik ere, eta hori nabarmentzen da bere emaitzan. Adibidez, Haritz Harreguyk, taldeko gitarra joleak, jadanik desagertutako Larrua Truk-en jotzen zuen eta Soziedad Alkoholika zein Berri Txarrak-en soinu teknikaria dugu. Aitor Uriarte, Sen-eko abeslaria, Latzen-en aritu zen gauza bera egiten, harik eta taldea desagertu zen arte. Eta bateri jolea, Aiheko Zubimendi, Mixil talde gogorreko partaidea dugu. Hori guztia gutxi balitz, diskoa egiterakoan laguntzaile mordoa eduki dute.
LIBURUAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA ETA BOTEREA Paulo Iztueta
UTRIUSQUE VASCONIAE232 orrialde
2.300 pzta./ 92 lib.
EUSKAL IRAKASKUNTZA ETA BOTEREA EUSKAL HERRIAN
Bi lan kaleratu ditu Paulo Iztuetak plazaratu berri den Utriusque Vasconiae argitaletxearen bidez. "Euskal iraskakuntza autonomi aroan (1983-1994)" eta "Hezkuntza, hizkuntza eta boterea Euskal Herrian". Lotura zuzena dute biak, bata enpirikoa izaki, teorikoa bestea. EAEn hezkuntza elebiduna aplikatzen hasten den garaitik Euskal Eskola Publikoaren legea aldarrikatu bitarteko epealdian zehar euskal irakaskuntzak izandako garapena aztertzen du aurrena aipatutakoak, amaiera gisa honoko galdera hauek eginez: Euskal Herri osoko haurrak egiazki eleaniztun (ez bakarrik erdaldun, euskaldun ere bai) bilakatzea posible ote da euskal hezkuntza sistema nazionala eraiki gabe? Eta posible ote da egun indarrean dagoen euskal hezkuntza sistema autonomikoari izaera nazionala ematea, estatu botererik gabe? Eta hain zuzen ere, "Hezkuntza, hizkuntza eta boterea Euskal Herrian" saiakeran galdera horiexei erantzuna ematen die Paulo Iztuetak, besteak beste, euskal irakaskuntzak egun dituen zailtasun nagusienak (inmigrazio-populazioaren handia, euskal hezkuntza sistema nazionalik eza, irakasle euskaldunik eza eta euskal intelligentsiarik eza) aztertu ondoren.
ENE ABERRI TTIKIA Iñaki Baztarrika Izagirre
EGILEAK BERAK
151 orrialde
900 pezeta
36 libera
BARNE BEGIETAN DUEN ABERRI TTIKIARI, OMENALDIA
Urretxu eta Zumarraga arteko zabalgunean, Geltokietako auzoan, bizi izan da hogeita hamar urtez Iñaki Baztarrika Izagirre, eta hain ondo ezagutzen duen paraje horri eta bertan bizitzea egokitu zaienei gizon honek eskaintzen dien omenaldia da "Ene aberri ttikia". Une batez, enara bihurtzen zaigu idazlea eta hegaldi aske bat egiten hasten da, inguratzen duen guztiak barne begietan sortzen dion irudia jaso eta gordetzeko: egunsentia, Urola ibaiko uraren joana, zaharren egoitzan aurkitutako tristura, bizilagunen jakituria eta etorkinen gogoeta, geltokiaren ekarmena, burdin hariz jantzitako Porlandia, ibiltari jakinzalea, Angiolilllo Fonda, Lourdes-ko Amaren mantalpeko eliza eta ikastola, bide izandako kaminoa, anbulatorioa, Santa Lutziak negu mineko zintzarri hotsetan, hots, egunero berregiten den aberri ttiki hori.
PERNANDO AMEZKETARRAAntton Kazabon
SENDOA
112 orrialde
1.000 pezeta
40 libera
BERREHUN URTERA ERE PERNANDOREKIN BARREZ
Fernando Bengoetxea Altuna, Pernando Amezketarra bezala ezagunago den bertsolariaren bizitzako pasadizoak kontatzen dizkigu oraingoan Antton Kazabonek, Sendoa argitaletxeko Txirrita sailerako osatu duen liburu honetan. Bere egunak pobre bizitzea egokitu zitzaion Pernandori, zentimorik ez baitzuen izan 1764an jaio eta 1823an lurraren atsedena hartzera joan zen arte. Gainera, familia handia zuen, hamar seme-alaba! Parrandazale xamarra izaki, bereak eta bost entzun behar izaten zituen bere emazte dohakabearen ahotik. Baina, zorionez, egundoko umorea zeukan, eta oso burutsuak ziren haren ateraldiak, bai bere burua defendatzerakoan, bai emaztea eta seme-alaben premiak nolabait betetzea zuenean helburu. Eta gauza da, berrehun urtera, gizon honen xelebrekeriak oraindik ere barre eginarazten digutela.
EUSKAL LABIRINTOAK ETA PASADIZOAK Eva Garcés Carro/ Itziar GarcØa
JEAN-FRAÇOIS SAURÉ
64 orrialde
1.400 pezeta
56 libera
EUSKAL USADIOEN AZTERKETA UMORE JATORREAN
Berak marraztutako emakume irudiz adierazten du Eva Garcés Carrok "gure idiosinkrasia", hau da, Itziar GarcØak idatzitako testuetan ageri den guztia: dantzak, danborrada, zezenak, pilota, indarra, sagardoa, eliza, apaizak, abizenik luzeena, Mari, edertasuna, buru estalkia, jantzia, neskameak, sardina saltzaileak, sorginak, ezkontza eta apaizgoa, argizaiola, etxekoandreak, edoskitzea, jostailuak eta tradizioa haustea. Umorez blai datozkigu deskribapenak. Adibidez, herri batzuek arbasoen jakinduria gogoratzen duten bezala, guk aitonen indarrari ei diogun atxikimenduari erreparatzen diogu, edota edoskitzeaz ari dela, hogeita bat urterekin amari titi eske ziharduen morroiaren istorioa kontatu. Aipatutakoaz gainera, Kepa Altunaren "Afrika" eta Jon Martikorenaren "Tradizio peruarrak" aurki daitezke komiki honetan.
KAMALEOIEN-TZAKO MUSIKATruman Capote
IGELA
285 orrialde
2.500 pezeta
100 liberaTRUMAN CAPOTE, XABIER OLARRAREN ITZULPENEAN
Truman Capote berak aitortzen du hamaika idatz-saio eginak dituela idazle handia izateko asmoarekin. "Odol hotzean" lana egiterakoan, bere burua kontaeratik erabat kanpoan uzten saiatu zen. "Kamaleoientzako musika" osatzen duten elkarrizketa eta narrazioetan, berriz, guztiz kontrakoa gertatzen da, hots, bere burua eszenaren erdian jartzen du. Etxezaina, eskolako aspaldiko lagun bat, gimnasioko masaje-emailea edo bere dentista bezalako pertsonak ditu mintzakide. Baina baita Marilyn Monroe ere. Eta diotenez, iskanbila gogorra izan zuen azken honekin, Xabier Olarrak orain euskaratutako liburuan agertzen den elkarrizketan jakinarazten ziren zenbait xehetasunengatik. Izan ere, batzuen iritziz behintzat, Truman Capote harroputz gaizto bat zen. Dena den, inork gutxik ukatu ahal dio primeran idazten zuela.
ALIMA POLITAJuan Kruz Igerabide / Antton Olariaga
ALBERDANIA
35 orrialde
950 pezeta
38 libera
TXIRRI, MIRRI ETA TXIRIBITONEN BILDUMA
Euskal haur gutxi izango da Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen berririk ez daukana. Eta hain zuzen ere, pertsonaia hauen inguruko ipuinak plazaratuko dituen bilduma berri bat sortu du Alberdania argitaletxeak, "Alima polita", Juan Kruz Igerabidek idatzi eta Antton Olariagak marraztutako ipuinak ematen diolarik hasiera. Kasu honetan, Muxapi deitzen den herri urrun batera doaz gure lagunak, bere Tortolikan. Garbi ez dakite non diren, baina hondar asko dago lurra hartzea lortzen duten lekuan. Eta han, negar batean dagoen neskato polit batekin egiten dute topo. Bertako erregearen alaba da, eta bere aita asko maite duen arren, gizon bihozgabe eta ankerra dela ohartu da, ikusirik bere herritarrek gorriak pasatzen dituztela. Horregatik egiten du negar. Baina Txirri, Mirri eta Txiribitoni esker, bihotza alaituko zaio.
MAGDALENA DE JAUREGUIBERRIPier Paul Berzaitz/ Jean Berdot
ESKIULA
100 orrialde
1.125 pezeta
45 libera
ESKIULAKO PASTORALAPier Paul Berzaitzek idatzi zuen Magdalena de Jaureguiberri andere laudagarriari Eskiulako herriak 2000. urtean eskaini zion pastorala. Eta pastoral horri buruz doa liburu honen mamia: agerraldiz agerraldi eskaintzen zaizkigu Magdalena anderearen bizitzako pasadizorik esanguratsuenak eta pastoralean eskainitako kanta guztiak. Gainera, bertan parte hartu zuten herritarren izen-abizenak ezagutu ahal izango ditugu baita ere. Eta baliteke baten bat ezagutu ahal izatea ere, liburuan agertzen diren argazkietan, nahiz hau oso segurua ez izan, aspaldiko urteetan Eskiulan bertan eginiko pastoralen argazkiak direlako. Magdalena anderea Zuberoako Zibozen sortu zen, 1884. urtean, eta herri berean zendu, 1977an. Besteak beste, Hegoaldeko neba-ahizpei ordaindu ez daitekeen laguntza emana da, 1936ko Gerra Zibilaren garaian.