Teresa Toda kazetaria: "Independetzia lortzeko botuen %51 nahikoa litzatekeela esateagatik Xabier Arzalluz astintzen duen 'El Mundo' egunkariak honakoa idatzi zuen joan den osteguneko editorialean: 'Demokrazia bateko hauteskunde batean berdin da boto bakarraren aldearekin edo 10 milioi botoren aldearekin irabaztea". (Estatu Batuetako lehendakaritzaren hautaketa dela eta idatzitako editorialean).
Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia: "ETA armetara itzultzeak markatzen du egungo testuinguru politikoa eta berau objetiboki ez da egokiena ELA-LAB aliantzaren tinkotzerako, baldin eta baldintza batzuk ematen ez badira: autonomia maila bat, diskurtso bat, praktika bat eta oso ondo identifikatutako jarduera sindikal bat".
Rafa Diez, LABeko idazkari nagusia: "Guri ere huts egin digu ELAk. Gu ere etsita gaude azken hilabete hauetan sindikatuen batasunaren eta lan gogorraren alde ELAk eman ez duenagatik".
Jose Iriarte 'Bikila': "Aldaketa garrantzitsua egin behar da borroka moldeetan".
Lola Eguren, Inma Pinilla eta Juan Andion PSNko parlamentariek dimisioa aurkeztu dute, alderdiko idazkari nagusi Juan Jose Lizarberekin dituzten desadostasunak argudiatuz.
Euskadiko Alderdi Karlista legeztatu du oraintsu Barne Ministerioak. Harrigarria bada ere, karlisten alderdia legeztatu gabe zegoen nahiz eta, bere buruzagiek esan bezala, eskaera behin eta berriro egin izan duten.
Joseba Arregi Erostarbe euskal preso politikoa astean Espainiaratuko dute; 1992an Bidarten atxilotu ondoren, harrezkero Frantziako espetxeetan izan d.
Felix Alberto Lopez de Lacalle preso ohiak hilaren 13an ihes egin zuen bizitzera behartua zen Frantziako Aubussoneko hoteletik, leihotik izarekin egindako soketatik eraitsi ondoren.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Barrunbeetarako mundialak omen dira nafarrak jada biltzen hasiak diren olibak. Quer famatuak XVIII. mendean dagoeneko bazeukan horren berri.
guztia irakurri
OSASUNA
Azken hamar urteotan asma duten umeen kopurua bikoiztu egin da. Medikuak zur eta lur utzi ditu datu honek, horren arrazoia zein den ez baitakite.
guztia irakurri
TERMOMETROA
DESOBEDIENTZIA ZIBILAREN EZTABAIDA AZALERATZEN ARI DA
EUSKO Jaurlaritzak eta, zehazki, Sabin Intxaurragaren kontseilaritzak oso kritika gogorrak jaso izan dituzte Juan Jose Martinez Leunda Justizia kontseilaritzako zuzendaria, Donostian urrian desobedientzia zibila bultzatu eta gai honen inguruan izandako atxiloketak salatzeko manifestazioan egon zelako. Esanguratsuenak EAEko Auzitegi Nagusiak egindakoak, eremu politikoan bete-betean sartuz eta egungo markoari tinko atxikiz. Ez da harritzekoa, dena den. Harritzekoa izan beharko ez litzatekeen moduan, gutxienez egungo markoa gainditzeko ahaleginean ari den abertzalearentzat, Jaurlaritzan kudeaketan jardutea eta, aldi berean, egungo legedia gainditzeko neurriak laguntzen aritzea, bai legedia medio bai modu baketsuan egindako beste edozelako moldez ere.
BIKTIMEN BEHATOKIA
EUSKO Legebiltzarreko Biolentziaren Biktimen Lan Taldeak, biolentziak kaltetutako biktimen gaia aztertuko lukeen behatoki independentea sortzea proposatu du. Sufrimendua zabalduta dagoela diote lantaldean aritutakoek eta, beraz, alderdi guztiak, erakundeak, biktimen elkarteak eta adituek osatuko lukete behatokia. Biktimak nortzuk diren zehaztea, hauek behar duten laguntza bideratzea eta gatazka humanizatzea lirateke behatokiaren helburu garrantzitsuenak.
ARZALLUZEN OIHARTZUNA
AUSTRIAN, Italian, Alemanian eta beste nonbait ere emango zuen elkarrizketarik Xabier Arzalluzek azken boladan. Denetan hautsak harrotu dituzte bere adierazpenek, beti modu interesatuan eta bere berbak elkarrizketaren testuingurutik aterata. Baina bera ere gertatuko denaren jakitun da eta, seguruenik, egin ere asmo zehatzez egingo ditu: EAEko hauteskundeak, Europa mailako oihartzuna, sozialistekiko negoziaziorako lerro gogor bat markatzea... Ez da samurra hori zehaztea baina buruzagi jeltzalea txakur zaharra da eta, bizi ditugun garaiotan, inozoegia litzateke intentziorik ez dagoenik pentsatzea.
ESPAINIAKO PRINTZEA ETA SAIAK
MILAGARREN saioaren ondoren dastatu dute ETBko "Bertatik Bertara"koek espainiar tertuliano eta komunikabideen fereka. Espainiako monarkia sakratuarekin egin zuten topo Andoni Aizpuruk eta enparauek. Ingelesekin dituzten harreman sakonak baliatuz, bi eremutan behintzat arreta gehiago jarri beharko lukete espainiar agintari eta komunikabideek: umore ingelesa eta errege familia batetik; eta Ipar Irlanda bestetik. Eta ondorioak atera.
ARRISKU SALAKETAK ITOIZEN
ITOIZKO Koordinakundeak ezagutzera eman duen txostenaren arabera, Itoizko Urtegiko ezkerreko mazelako lurren ezegonkortasunak arriskuan jar ditzake Agoitz, Zangoza eta Tutera, urtegia urez betetzen bada. Txostena Civitec enpresako aholkulari Arturo Rebollo ingeniari ezagunak egindakoa da.