"EUSKARAREN SENDABELARRAK"
Horixe da Koldo Zuazok kaleratu berri duen liburuaren izenburua. Bertan, euskalkietatik abiatuta euskara batua irauli behar dela dio Zuazo euskaltzainak. Halaber, euskalkiak zertarako baliatu behar diren eztabaidatu behar dela adierazi du. Zuazok aipatu duenez, euskara eskoletan eta telebistan sartuz gero, hura salbatuko zenaren ustea zegoen, baina ez da horrela izan eta, horrexegatik, aurrera egiteko aro berri bat hasi beharra dago.
EUSKARAREN AURREKONTUA BEHERANTZ
Nafarroan hala egingo du, UPNren gobernuak Parlamentura eraman dituen diru kontuak inork zuzentzen ez baditu behintzat. Aurkeztutako txostenak Administrazioan euskara sustatzeko eta Nafarroa Oinez-erako diru laguntzak ezabatzea proposatzen du besteak beste. Komunikabideentzako eta udal euskara zerbitzuentzako laguntzak kopuru berberekin mantentzen ditu.
ISTILU UGARI EUSKO LEGEBILTZARREAN
D eredua, AEK edota euskara dela, eztabaida handia izan da Gasteizko Parlamentuan. Azkena Administrazioan hizkuntz eskakizunak jaistearen inguruan. PPk eskakizun hori zuen lege proposamena onartu baitzen PP, PSE eta UAren botoekin. Euren ustez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legea aldatu egin behar da, funtzionario guztiek euskaraz jakitea beharrezkoa ez delako.
ADMINISTRAZIOA EUSKARAZ TALDEA SORTU DA
Euskaldunen eskubideak defendatzea eta elebitasuna bultzatzea du helburu talde berriak. Lan eredu gisa Antsoaingo Udalak maiatzean onartutako araudia proposatzen du. Izan ere, hark lanpostuak betetzeko euskaraz jakitea kontuan hartzen du eta euskara jakitea derrigorrezkoa den zerrenda egitea aurreikusten du.
Aurpegia
Nekane Ardantza.Getxo Irratiaren eguneroko albistegietan esatari
guztia irakurri
Bagak
Euskadi Gaztearen maketa-lehiaketak bere hamargarren edizioa betetzen du, eta aurten 210 kantari eta taldek aurkeztu dituzte beraien lanak. Edizio honetan gainera, entzuleek Interneten izango dituzte lanak entzungai, ondoren aukeratzen dituztenei botoa on-line eman ahal izateko; hau guztia EITBren webgunearen barnean (www.eitb.com) egin ahal izango da. Aurretik epaimahaiak lehen aukeraketa egingo du eta entzuleek balora ditzaten 15-20 maketa utziko dituzte. Ondoren epaimahaiak lanik onena eta entzuleek hiru kantarik hoberenak sarituko dituzte.
ARTEETAKO FUNDAZIO EDERRA
KAPITAL pribatua gehitzea da Bilboko Arte Eder Museoa elkarte anonimo izatetik fundazio izatera igarotzeko sinatu berri duen arrazoietako bat. Egun %25ekoa da kapital pribatua eta hemendik aurrerako aldaketarekin %40koa izatea espero da. Hitzarmena hilaren 16an sinatu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak. Eta sorreran, fundazioak 15 milioi pezetako (600.000 libera) kapitala izango du. Dena den, elkarte anonimotik fundaziorako bide hori ez da bat-batekoa izango, eta pixkanaka egingo da 2001. urtera arte. Orain eratu berri den fundazioak patronatua sortu beharko du, eta hauxe izango da museoaren aginte organoa.
EUSKAL MUSIKA GARAIKIDEA
MAKINA bat kontzertu eskainiko du Irungo Oiasso Novis kamarako musika taldeak abenduan zehar. Iñaki Alberdik eta Josetxo Silguerok zuzendu eta Jesus Mari Garmendia eta Pascal Gaignek osatzen duten talde hau 1998ko azaroan sortu zen. Egun Eusko Jaurlaritzaren Kultura saileko laguntza jasotzen du euskal konpositore garaikideen musika kontzertuetan eskaintzeko. Besteak beste, Ramon Lazkano, Joseba Torre, Gabriel Erkoreka, Pascal Gaigne, Guillermo Lauzurika, SofØa MartØnez eta Maite Aurrekoetxearen musika jotzen dute. Abenduan zehar hainbat kontzertu dago aurreikusita Euskal Herrian eta baita Espainian ere: 16an Iruñean, 18an Kartagenan, 19an Murtzian eta 20an Alacanten.
IRITZIAN SAIATZEKO LEHIAKETA
MILIOI bat pezetako (40.000 libera) sari bakarra emango du Pamiela argitaletxe nafarrak antolatu duen Juan Zelaia Saiakera Sariaren bidez. Saiakera jeneroa eta gogoeta bultzatzeko asmoarekin sortu den ekimen honetara edozein gairi buruzko iritzia bidali daiteke. Hori bai, datorren urteko abuztuaren 31n amaituko da aurkezteko epea, eta gehienez, lanek 75 orrialdeko luzera izango dute. Irabazlearen izena azaroan emango da ezagutzera eta saritutako lana Durangoko Azokarako argitaratuko da.
HEZKUNTZA LISKARTSUA
ESPAINIAKO Hezkuntza Sailak aurrera eraman nahi du ertaineko ikasgai gutxienekoen erreforma. Erreformak Matematika, Historia eta Gaztelania ikasgaien edukiak eta gutxieneko ikas orduak gehitu nahi ditu. Horretarako ordea, Musika eta Plastikarenak murriztuz. EAEko hezkuntza sailak dioenez euskal ikasleei ez die ordutegi zabalkunde horrek eragiten, berez, gutxieneko ordu horiek gainditzen dituztelako. Arazo ordea, edukietan datza. LOGSEren arabera, Hezkuntza Sailak ikasgaien edukien %45aren gaineko eskumena du. Erreforma horrek ekarriko lukeen edukien zabalkundeak zaila egiten du eskumen hori gauzatzea. Espainiako Gobernuak planteatutako erreforma datorren abenduan onartuko da seguruaski Ministro Kontseiluan.
Nafarroako Euskararen Legeaz mintzo zen Peio Mariñelarena "Euskaldunon Egunkaria"n: "Egungo Euskara Legea eskasa eta bereizlea da, eta hala ere, ez da bere osoan betetzen. (...) Ez dituzte ikusi nahi euren hizkuntza politikaren hutsuneak, azterketaren emaitzak agerian utziko bailuke legez ez dutela betetzen-eta".
Paulo Iztuetak honela adierazi zuen egunkari berean: "(...) Azken 20 urteotan ezarri den eta oraindik indarrean dagoen hezkuntza elebiduna dela, botere autonomikoari dagokion eredua dela, ez herri bati dagokiona".
Joseina Etxeberria irrati esatariak honakoa zioen "Goierritarra"n: "Hamar euskal kantu segidan jarrita ez gara ari euskal musika defenditzen, ghetto bat egiten baizik. Hori interesatzen zaionak bakarrik entzungo zaitu".
Joxean Muñoz "Karramarroen Uhartea" filmako egilearen hitzak dira hauek "Irutxulo"n jasoak: "Umeen edo gazteen artean bada euskaldun publiko naturala. Beraiek errazago ikusiko dute filma euskaraz gaztelaniaz baino".
Txalotzeko eta txistua jotzeko ekimenak izaten dira. Azken motakoa dugu aste honetako ikatza. Bizkaiko Kazetarien Elkarteak web orrialdea paratu du sarean, guztia gaztelera hutsean. Elkarte horrek ateratzen duen hiruhileko argitalpenak gutxi izaten du euskaraz, baina oraingoan "ahaztu" egin dute.
Antton Lukuk eta Hiru Puntu antzerki taldeak "Hotel du Fronton" antzezlana estreinatuko dute azaroaren 25ean Baionan. Lana Iparraldeko barnealdeko herri batean dago kokatua.
Jon Maia suertatu da berriz ere Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketako irabazle. Laugarren urtez segidan nagusitu da. Irunen jokatu txapelketan gainera, Ibon Huarte errenteriarrak, jaso zuen bigarren saria.
Alizia Stürtzeren "La izquierda desde la clase, el género y la opresión nacional" lana aurkeztu zen hilaren 17an Donostian Basandere argitaletxearen eskutik. Lan honetan Stürtzek hainbat egunkaritan idatzitako artikuluak biltzen dira.
Koma talde nafarrak "Criminal" izeneko laugarren lana argitaratu du Locomotive diskoetxearen eskutik.
PRINTZA
Mireia Gabilondo eta Mikel Martinez aktoreek esanak dira hauek antzerkiaren egoeraz "El Pais"en:
(M. Gabilondo) "(...) Badaude herri batzuk programazio finkoa dutenak eta leku horietan publikoa ohituta dago asteburuetan antzerkira joaten, jakin badakitelako zer ikusi egongo dela. Jendeak antzerkia ikusi eta ulertu egiten du, eta, orduan, datu gehiago ditu gero sormenerako. (...) Gaur egun Euskal Herriko talde batentzat nahikoa zaila da antzerkitik bizitzea. Horrexegatik, begiak beti kanpora, Estatura jarrita dituzu. Guretzako Euskal Herrian bakarrik gelditzea zaila da, ez dauka zentzurik. Euskaraz bakarrik lan egiten duen talde batek nekez iraun dezake. Nire ustez, oraindik ere toki asko eta askotan antzerkia anaia txikitxoa da".
(M. Martinez) "Toki berezi bat behar da horretarako (publikoak antzerkia ikusten ikasteko). Gero, espazio horren inguruan bitarteko teknikoak egon beharko lirateke. Bilbon, esaterako, ez dago zentrorik antzerkia egin, ikusi eta ikasteko. Eszenografiaren biltegi bat beharko litzateke. (...) Zentro horrek profesional eta antzerkigintzan hasi berriak hartu beharko lituzke. Halaber, antzerki munduan buru-belarri sartuta ez dagoen jendea ere hurbilduko litzateke bertara, (...) eta hortik ere produkzio eta antzezlan gehiago ateratzeko modua izango litzateke".
ARRANTZAREN BIZIMODU GORDINA IKUSGAI lA2-EN
Azaroaren 12an LA2eko "Linea 900" dokumental-saioak eskertzen den beste erreportaje interesgarri bat aurkeztu zuen. Arrantzale galiziarren bizimoduan, itsasuntzi-lanean eta beren sendiengan duen eraginean oinarritzen zen; itsasoko bizitza gogorra bere gordintasunean erakusten zigun.
AINGERUEK GAIZKILEEN ATZETIK DARRAITE
ETB-2 70-80 urteetako telesail ospetsuak berremititzen hasi dela dirudi. Lehenbizi "Los Hombres de Harrelson" izan bazen, orain "Los Angeles de Charlie" da. Mundu osoan sekulako ospea lortu zuen telesailaren filma estreinatzear dagoela aprobetxatuz, ETB-2k larunbat gauero hiru emakume ikusgarrien abenturak eskainiko ditu.
ETB-2N GIZA UKITUKO DOKUMENTAL SAIL BERRIA
Azaroaren 19an hasita, ETB-2k igandero "Factor Humano" dokumental-sail berriari ekin dio. Bilboko aireportu berriarekin hasi, eta Gurutzetako Ospitalean zein txikiteroen munduan segituz, erreportaia hauen helburua pertsona protagonisten testigantza jasotzea da, errealismorik handienean eta kamerak grabatzen egongo ez bailiran.
Soin Hezkuntzako Euskal Institutuak (SHEE) kirolari buruz euskaraz plazaratu den material guztia bildu du bere webgunean (www.shee-ivef.com). Horretaz gain, kirol terminologia datutegia jarri dute. Zerbitzua osatzeko asmoa dute bultzatzaileek eta jendearen laguntza eskatu dute horretarako.