DISKOA
FM 99.00 DUB MANIFEST Fermin Muguruza
ESAN OZENKI
10 kanta
2.100 pezeta
84 libera
MUGURUZA KOMANDANTEAK BEREEI EGINIKO OMENA
Hamar kantaz osaturik dago Fermin Muguruzak bere izen propioz sinatzen duen bigarren lan hau, "FM99.00 Dub Manifest", bere azken biran lagun izan zituenei egin berri dien omena. Badator ekaitza, itsas-sumendia. Pentsamendu disidentea, memoria bakarraren aurka. Muguruza komandantea, "DJ Laia", Fermin "Aizkora". Baina ez dago bakarrik, Zebda, Wagner, Muñeko, Eneko Bap, Anari, Selektah Kolektiboa, Nacho Murgui, Shantal Arroyo "Overbass", Jexux Artze eta Pello de la Cruz berarekin baitaude. Eta bakoitzak berea eginez eskaini ahal digute "Ekhi eder", "Bere-bar", "Itaka berriro", "Gizon armatuak", "Big Beñat", "Mendebaldarketa", "Diru espaiñol zikina", "Radical chic" eta "Irudikeriak", gorago aipaturiko "Dub Manifest"-ez gainera.
AXA MIXA ZILARRAJ.M. Olaizola "Txiliku"
ELKARLANEAN
220 orrialde
2.900 pzta./116 lib.
EUSKARAZ JOLAS EGITEKO LIBURUA
Oso liburu bitxia da J. M. Olaizola "Txiliku"k osatu eta Elena Odriozolak marraztu eta egokitu dutena. Euskaraz jolas egiteko liburua da, eta irakurle orok aurki ditzake bertan jolas horretan murgiltzeko nahi adina igarkizun, ipuin, kanta, hitz-joko, aho-korapilo eta beste hainbat bitxikeria. Berez, haurrei zuzendua dago, baina noski, jolas egin nahi duen haurrak ez baldin badaki oraindik irakurtzen, guraso edo hezitzaileen laguntza beharko du "zeregin" polit horretan abiatzeko, eta horiek guztiak izan dituzte kontuan liburua egituratzerakoan. Bukaeran, adibidez, beraientzat espreski egindako atal bat dago, "Erabilerako oharrak eta aurkideak" izenburua duena, non argi eta garbi adierazten zaien liburua ondo pasatzeko, kantu zaharrak kantatzeko, zozketak egiteko formulak ikasteko, aho-korapiloekin mihia trabatu eta hiztotelka hasteko, ipuin zahar eta berriak irakurtzeko dela, baina izan dezakeela beste balio bat ere, alegia hizkuntzarako tresna bezala erabiltzea. Izan ere, hizkuntza batek baliabide asko ditu (eta baliabide asko behar izaten ditu hiztunak) eta haur-garaian baliabide horiez jabetzea, eta jolasean bada hobe, ikasten ari denaren hizkuntz altxorra aberastea izaten da.
EUSKALDUNAKNikolas Ormaetxea "Orixe"
KOLDO MITXELENA
44 orrialde
500 pezeta
20 libera
EUSKALDUNON IRAGAN MITIKOAZ DIHARDUEN POEMA
Orain dela berrogeita hamar urte kaleratu zen lehen aldiz Nikolas Ormaetxea "Orixe" ospetsuaren "Euskaldunak" poema plazaratu du berriro ere Gipuzkoako Foru Aldundiak, Koldo Mitxelena Kulturuneko liburu bilduman. Bide batez, "III. Gaztaiñaro" gehitu dio ere, euskaraz zein gazteleraz, Antonio Maria Labaienek Cervantesen hizkuntzara egindako itzulpena eskainiz. "Orixe"k "Euskaldunak" poema idatzi bazuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz egin zuen, euskaldunei buruz idaztea eskatu ziotelako. Poema mardula, zaila eta arrotza da, gaur egungo euskaldun batek nekez uler dezakeena, Foru Aldundiko aditu baten ustez. Alabaina, garrantzi itzela du euskal literaturaren barnean, oso poema bakuna delako, esan nahi da, ez dagoela euskal literaturan beste poemarik antzeko ezaugarriak dituenik.
PEÑA Y OTROS RELATOS EXTRAÑOSAntonio Arrarßs Arratibel
TXERTOA
189 orrialde
1.900 pezeta
76 libera
GURE INGURUAN DAGOKEEN ESPANTU MIRAGARRIA
Erakarri ohi gaituzten mendi eta hiri maite horiek gorde ditzaketen sekretu harrigarrien berri ematen digu Antonio Arrarßs Arratibelek "Peña y otros relatos extraños" liburuan. Batzuetan, iraganean gertaturiko pasarte misteriotsuren bat oinarritzat hartuz, besteetan, gaur egungo egoera arruntenetatik abiatuta, Euskal Herriko mendi, baso eta hirietan, Donostia kasu, edonori suerta dakizkigukeen istorio izugarriak kontatzen ditu idazle donostiarrak bere lanean. Lekurik baketsuenean izan dezake batek ezustea. Parajerik atseginenean amil daiteke hondamendian. Mendi tontor maitatuenean ezkuta daiteke herio. Hori dirudi idazlearen irakaspena, sinestu ala ez, norberaren esku gelditzen bada ere. Dena den, garbi dagoena zera da: inork ezingo duela axolagabe ibilalditxo bat egin, istorio hauek irakurri eta gero.
LANBRO Antton Kazabon
GERO
61 orrialde
1.100 pezeta
44 libera
ADISKIDEAK NAHI ZITUEN ARTZAIN BAKARTIA
Bazen behin bere txakurrarekin eta ardiekin bakarrik bizitzen ohituta zegoen artzain txiki bat. Halako batean, ordea, ezagun berri bat egiteko aukera egokitu zitzaion, eta hark alde egin zuenean, bakardadeaz jabeturik sentitu zen gure artzaintxoa, oi ene! Geroztik, oso tristeak iruditzen zitzaizkion mendi tontorreko txabolan bakar-bakarrik pasa behar izaten zituen neguko gau luze eta ilunak, lagunartea eskatzen baitzion barruak. Gauzak horrela, ilargi beteko gau argi batean errekastoa ibai bilakatzen zen tokira abiatu zen, lamia baten bila, haretxekin ezkontzeko asmotan. Eragozpen ugari izango zituen horretarako, baina... Eta lagun berriak egin ahal izateko bizi behar izan zituen abenturak kontatzen ditu Antton Kazabonek, Gero argitaletxearen eskutik kaleratu berri duen 8-10 urtetik gorako haurrentzat aproposa den ipuin honetan.
2001 EGUTEGIABatzuen artean
ARGIA
367 orrialde
850 pezeta
34 libera
2001. URTEA EGUNEZ EGUN, JAKINGAI UGARIREKIN
Urteko zein hilabete eta egunetan bizi garen jakitea oso komenigarria izaten da, jakina. Mende berri bati hasiera eman behar diogun honetan, zer esanik ez. Baina lasai egon gintezke kontu horri dagokionean behintzat, ARGIAren egutegia eskuratzearekin nahikoa izango baitugu 2001. urteko hil eta egunak begi-bistan eduki ahal izateko beti. Eta hori gutxi balitz, historia, osasuna, umorea, literaturako pasarteak, zientzia, errezetak eta beste hamaika jakingai irakurtzeko aukera ere izango dugu, gainera. Potoloegia iruditzen zaizuela horrelako egutegi bat, egunero eta bazter guztietara aldean eramateko? Ez larritu, horretan ere pentsatu baitu ARGIAk, eta etxean edo bulegoko mahaiaren gainean eduki dezakegun egutegi mardulaz bestalde, patrikan erosotasun osoz gordetzeko aproposa den egutegi txikia eskaintzen digu baita ere.
EDO ZU EDO NIIxiar Rozas Elizalde
EREIN
134 orrialde
1.625 pezeta
64 libera
NORBERA IZATEKO ATZEAN UTZI BEHARREKOAK
Ixiar Rozas lasartearraren lehen nobela da "Edo zu edo ni", askatasun pertsonala berreskuratu ahal izateko emakume heldu batek atzean utzi behar dituen guztiaz diharduen eleberria. Hirurogei urte inguru ditu protagonistak. Horietatik hogeita hamar daramatza ezkondurik gizon berarekin, noizbait elkarrenganako izan zuten maite-gar hura nahikoa itzalirik, bere seme-alabei gertatzen zaien guztiaren berri izanez eta trukean ezer gutxi jasoz. Ohikeriak agintzen du bere bizitzan, zaletasun propioak zein bizitzeko irrikak bazterrean utzi behar izan baititu, besteen zorionerako edo. Baina halako batean emakume honek berealdiko astindua emango dio bizitza kamuts horri, bere buruaren aldeko erabakia hartuz. Eta senarrak "Edo zu edo ni" hautu gogorra azaltzen dionean, "aukeran, ni" askatzaileaz erantzun ahal izango dio.
LOS BAILES DE ESPADA Y SUS SIMBOLOSJuan Antonio Urbeltz
PAMIELA
615 orrialde
5.000 pezeta
200 libera
INAUTERIA, IZURRITEAK UXATZEKO ERRITOA
Juan Antonio Urbeltzek, Pamiela argitaletxearen eskutik, plazaratu duen saiakera sakon honen izenburu zehatza hauxe da: "Los bailes de espadas y sus sØmbolos. Ciénagas, insectos y 'moros'". Bertan defendatzen den tesiaren arabera, inauteriak, aratusteak, San Joan suak eta beste, gure arbasoek izurriteak eta gaixotasunak uxatzeko asmoz egiten zituzten erritoak baino ez dira. Eta hain zuzen ere, intsektuei, eta hauek ekar zitzaketen izurrite eta gaitzei, aurre egin ahal izateko, ezpatadantzariz, "calusari" erromatarrez, banpiroz, sorginez eta abarrez mozorrotzen ziren, intsektuen metafora legez. Horrela esanda, Juan Antonio Urbeltzen ondorioa hutsaltzat jo daitekeen arren, liburuak dauzkan seirehun orrialde baino gehiagotan azaltzen dituen arrazoibideak ez dira txantxetan har daitezkeenak, ezta gutxiagorik ere.