PP-K D EREDUA OKER ARI DELA DIO
Gaztelania irakastearen inguruko Hezkuntza Sailaren datuak aditu juridikoen eskuetan jarri dituela adierazi du PPko Iņaki Oiartzabal parlamentarioak. 200 ikastetxek, legeak dioenaren aurka, gaztelaniako klase orduak murriztu dituztela adierazi du, eta horregatik, Hezkuntza Saila prebarikazio delitua egin izan dezakeela. Bere ustetan, Hezkuntza Saila "jakinaren gainean" dago. Adituek datuak aztertu ostean erabakiko dute ustezko ilegalitate hori egon den ala ez.
EUSKARAREN TRANSMISIO ERABATEKOA XEDE
Haurrek euskara eskolan ikastea ez da nahikoa euskara bereganatzeko. Erdal giroan hazitako haurrek zailtasunak izaten dituzte eskolatik kanpo euskaraz hitz egiteko. Hori sahiestearren, "Gogoa zubi" egitasmoa jarri dute martxan Errenterian. Hiru ikastarotan, guraso euskaldun nahiz erdaldunek kanta, ipuin eta jolasak landuko dituzte, haurren euskararen erabilera eta kalitatea bermatzeko
EUSKARA EREDUAK GORA NAFARROAN
Hamar gurasotik seik euskarazko eredua (A edo D eredua) hautatu dute Nafarroan aurten. Gaztelania hutsezko G ereduak 25 puntu galdu ditu azken hamarkadan, eta D eredua igo egin da (%3 aurten). Bestalde, bada albiste ezkorragorik Nafarroan. Parlamentuak ez du hizkuntza politika aztertzeko batzorde berezia sortuko, EH, EA eta IUren proposamenak UPNren kontrako botoak eta PSNren abstentzioa jaso dituelako.
"HIZKUNTZ AGUNEA" SINPOSIUMA BILBON
Deustuko Unibertsitateko Euskal Filologia eta Filologia Hispaniar sailek antolatuta, Bilboko hizkuntza egoeraz hausnartzeko topaketak egin dira Bilbon. Historian bi hizkuntza ofizialek izandako bilkaera eta elkarbizitza aztertu dira.
Aurpegia
Gernikako Onda Vasca irratiko zuzendari eta esatari
guztia irakurri
Bagak
Helburua: euskal kultura digitalizatzea eta kultura digitala euskalduntzea. Ondorioa: Irratia.com jaio da. Azaroaren 1ean hasi ziren emititzen Internet bidez eta emaitzek pozik utzi dituzte: 300 entzule, 1.000 web orrialde ikuskatuak eta chat-a erabili duten 20 pertsona. Izan ere, entzuleek chat-aren bidez (IRC-Hispanoko #irratia kanalean) denbora errealean esatariekin solasean aritzeko aukera dute. Emisorak hainbat kanal du entzuteko, hala nola, musika 24 ordutan (sei kanal), zuzeneko irratsaioak (kanal nagusian), chat-a (IRC programarekin) eta grabatutako saioak
ANTZERKIAREKIN TOPO
GUZTIRA, lau lan estreinatuko dituzte azaroaren 4an hasi eta abenduaren 21a arte luzatuko diren
Azpeitiko XVIII. Antzerki Topaketetan. Lehena "Emakumezkoen zapatak" lanaren euskarazko emanaldia izan zen. Baina horrez gain, abenduaren 2an Zurriola Antzerki Eskolak "Gure haurtzaroko lorategia" aurkeztuko du. 8an berriz, Txalo antzerki taldeak "Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona... eta beste kasu batzuk" taularatuko du. Oliver Sacks neurologo estatubatuarraren lana Ramon Bareak egokitu du. Eta hil horren 16an Azpitiko Musika Bandak, Aretxabaletako Abesbatzak, Julian Barrenetxea Abesbatzak eta Itsasi dantza taldeak Guridiren "Baserria" zarzuelaren euskarazko bertsioa estreinatuko dute. Hamahiru lan izango dira oholtza gainean aurtengo Topaketetan, hauetatik bi soilik amateurrak. Gainera, Gabriel Arestiri omenaldi berezia egingo zaio. Idazleak sortutako antzerki lanak gogoratuko dira, eta horretarako azaroaren 25ean Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek hainbat testuren irakurketa antzeztua burutuko dute. Tanttakaren "Novecento. Ozeanoko pianista", Maskaradaren "Kaio luma zikina", Bederen 1 taldeko bi lan eta Dar-Dar-en "Alizia bitxikerien lurraldean" lanek osatuko dute aurtengo egitaraua.
KULTURARI ZELATAN
HILABETE barru osatuko da Kulturaren Euskal Kontseilua. Dagoeneko Eusko Jurlaritzak KEKren antolaketa, osaketa eta funtzioak arautzeko dekretua onartu du. Kontseilu berriak administrazioko sektoreen, ekimen pribatukoen eta kultur eragile ezberdinen arteko eztabaida, parte-hartzea eta lankidetza bultzatuko ditu. Honela, EAEko organo gorena bilakatuko da kultur lankidetza, partaidetza eta aholkularitzari dagokionez. Mari Karmen Garmendia kultura sailburua izango da organoaren lehendakaria. 35 kidez osatua egongo da, 15 erakunde publikoen ordezkariak eta beste 20 euskal kulturaren esparru eta erakundeetako pertsonak. KEK Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren baitan kokatuta egongo da.
ARGITALETXE JAIOBERRIA
AZAROAREN 8an aurkeztu zen Donostian Utrisque Vasconiae izeneko argitaletxe berria. Ekitaldi berean argitaletxearen lehen bi liburuak aurkeztu ziren, Paulo Iztuetarenak biak: "Euskal irakaskuntza autonomi aroan (1983-1994)" eta "Hezkuntza, hizkuntza eta boterea Euskal Herrian". Iztuetak berak eta Jokin Apalategik sortutako argitaletxeak liburuak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratzeko asmoa du.
SAREAN EHUN ALE
ZIENTZIA eta kulturako gaiei buruzko "Euskonews & Media" astekari elektronikoak lehen ehun aleak bildu ditu "Euskonews & Media 100 ale (1998-2000)" CD-ROMean. Hilaren 15ean eginiko aurkezpenean gainera, Eusko Label-Kalitateari buruzko 100. zenbakia agerrarazi zuten.
Joxerra Garziaren hitzak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n esanak: "Oso jende gutxi bizi da hemen idaztetik, eta literaturatik, berriz, gutxiago. Idazleen Elkartean izena emateko garaian, kontzientzia txar halako batez eman izan dugu gehienok izena, ez baita gauza bera zerbait idaztea eta idazle izatea".
Emilio Lopez Adanek zera zioen egunkari berean: "Iparraldean abertzaletasuna flakoa da -populazioaren %10a edo-, eta mugimenduak berak ez dio euskarari lehentasuna eman (...)".
Juan Karlos Romerak bertsolaritzaz hausnartu zuen "Deia"n: "Arestik hainbat garrantzi eman eutson ahozko literaturari, eta Euskal Herriko ahozko literaturaren atal inportanteena bertsolaritza da (...) Bere ustez hitza indarra gorde behar dauan arma da, bertsolariak sortzen dauan pentsamenduan datzan indarra, eta pentsamendu horrek zelanbaiteko erakundeak tartekatuta badago, ikuskizuna baino ez da geratzen (...)".
Koldo Izagirre honela mintzo zen "Gara"n: "Beste kultura batzuetan barne exilioaz mintzatzen diren bezalaxe, gurean exilio linguistikoaz hitz egin
Badirudi batek baino gehiagok euskaldunok Interneten nabigatzen ez dugula uste duela. Edo bestela, bost axola zaio. Nekanet.net web orrialdeari, Euskal landa espazioaren informazio zerbitzuaren helbideari, begiratzea besterik ez dago. Informazio ugari topatu daiteke bertan, baina dena gaztelania hutsez.
Ainhoa Arteta sopranoak disko berria aurkeztu zuen azaroaren 7an. Kantari tolosarraren disko berria bere bakarkako lehen lana da.
"Recital" izena darama eta besteak beste, Guridi, Vivaldi, Verdi, Puccini, Faure eta Respighiren lanak abestu ditu bertan. Guztiak ere Alejandro Zabala piano jolearen laguntzarekin osatu ditu.
Juan Kruz Igerabidek "Alima Polita" liburua aurkeztu berri du. Lana Alberdaniaren eskutik argitaratu da. Argitaletxe honek Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak protagonista dituen sail berri bat sortu du. Igerabideren liburua sail horren lehenengo lana da.
Paco Sagarzazu donostiarrak aktore onenaren saria jaso du Errioxako Garnacha Antzerki Lehiaketan "El Florido pensil" obran egindako lanagatik.
PRINTZA
Jesus Maria Makazaga Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeko kide eta idazkariak honakoak esan zituen "Zabalik"en euskararen erabiltzaileek euren lanarekiko duten jarreraz:
"(...) Bi erabiltzaile mota bereiziko nituzke nik. Batetik erabiltzaile 'profesionalak' dei ditzakegunak. Hauek gure lanak oso ondo ezagutzen dituztela uste dut, bai gramatika eta bai euskara batuko arauak. Interes handiz jarraitzen dituzte gure lanak eta eskatu ere eskatzen digute oraindik erabakitzeke edo ikertzeke dauden puntu asko eta asko argitu eta finkatu ditzagun. Desadostasunak desadostasun, Euskaltzaindiaren helburuak eta filosofia ongi ezagutzen dituzte, oro har. Bestetik, profesionalak ez diren erabiltzaileak: euskara ikasleak, erabiltzaile arruntak... Hauen artean iruditzen zait askotan ez dela Euskaltzaindiaren lana behar bezala baloratzen, baina ez seguruenik haien erruagatik; Euskaltzaindiaren, edo areago irakasleon, akatsa da, noski, behar bezala ez gizarteratzea (...) Euskaltzaindiaren filosofia eta metodologia. Zenbat aldiz entzun behar izan dugun 'berriz ere ari garela bazterrak nahasten', araututa (omen) zegoena 'desarautzen' eta berriz beste era batera arautzen, eta berriz ikasi beharko dutela euskaraz hau edo bestea nola esan edo idatzi. Alde horretatik iruditzen zait Euskaltzaindiaren irudia aldatzeko lan handia egin beharra dagoela (...)".
HITZETIK HORTZERA BERRIZ ERE ANTENAN
Bertsolaritzari buruzko saioa itzuliko da ETB-1era, iganderoko Gaur Egun-aren ostean eta zenbait berrikuntzekin. Dekoratua aldatzeaz gain, Josu Goikoetxea eta Arantza Hirigoienen saioak kantuak ere eskainiko ditu eta ikusleei gaiak jartzeko parada emango die. Azken finean programa fresko, umoretsu eta hurbila izatea nahi dute.
ENPERADORE BERRIAREN HAUTESKUNDEAK EDONON
Azkenean EEBBetan saltsa handia izan da, baina saltsarik gabe ere gure inguruko telebistentzat berdin zatekeen. Agindutako lana ondo bete dute: Washington-go Gorteraino hurbildu eta amerikar inperioaren nagusitasuna erakutsi. Globalizatuak baino, berriz ere kolonizatuak garenaren beste adibide bat, oraingoan arma pantaila delarik.
ETB-REN AZKEN UNITATE MUGIKORRA PLAZARA
380 milioi pezeta, (15,2 milioi libera) 14 metro luze, 3 metro zabal eta 4 metro altueran, 20 tonako pisua, 12 kamerek eta 30 langilek aldi berean lan egiteko gaitasuna... ETBren (eta merkatuko) unitate mugikorrik modernoenaren zenbakiak dira. Erabat digitala, azkeneko teknologia du eta hainbat ikuskizunetan erabiliko dute.
"Lezo berriro euskaldun" euskara plan estrategikoa abiatu du Lezoko Udalak. 400 herritar ari dira lanean, euskararen erabilera gune guztietara hedatzeko asmoz. 26 lan talde osatu dira sei alor jorratzeko; besteak beste, elkarteak, merkataritza-ostalaritza, hezkuntza eta iritzi publikoa.