ARDOA
Negutik negura Bastidako (Araba) mahastiak, mahatsondoak eta bodegak fotografiatu ditu Joseba Olalde argazkilariak. Alderdi dokumental garrantzitsua du Arabako Zalduondon dagoen erakusketak, baina egileak aitortu digunez, batez ere alde estetikoa landu du. Erakusketa Gipuzkoa aldera ekartzeko asmotan da.
Remelluri izeneko Arabako bodegak eskatu zion Joseba Olalderi mahastiei buruzko lan bat egiteko. Bertako lursailetan argazkiak ateratzen aurrera eta atzera ibili behar izan zuenez, argazki sorta bikaina atera eta erakusketa antolatzea erabaki zuen. Erakusketa ez da Euskal Herriko mahastien adierazgarri fidela, Bastida herriko eta Remelluriko lursailetan soilik atera baititu argazkiok.
Sarea, piramidea, Kristo aurreko zirko erromatarra, alfonbra, itsasoaren erdian uharte bat lauzpabost bat zuhaitzekin... 50 argazkiren aurrean ordu erdiz begira egon eta honelako sentsazioak eragin ditu Joseba Olalderen erakusketak. Berez, argazkietan ikus daitekeena bestelakoa da: mahatsa, mahatsondoa, mahastiak, bodegak... Ardoaren aurrekariak diren elementu horiei kolorea, argia, eguzkia, distantzia eta adibidez, enkuadraketa gehitzen badiegu ordea, emaitza bestelakoa da; anitza. Hala esan digu Olalde gasteiztarrak: "Zuk begiratu argazkiak eta horiek sortzen dizuten sentsazioa, hori da nik nahi dudana. Mahastiak eta mahatsondoak hor daude, nik irudi autonomoak atera ditut eta emaitza estetiko jakin batzuk lortu nahi izan ditut. Argazki hauetan ez dago muntaiarik, errealitate aberatsak berak eman dit estetika berezi hau lortzeko aukera".
"Zikloak" jarri dio lanari izen gisa eta 50 argazkiak mahatsaren ziklo naturalaren arabera ordenatuta daude. Heriotzatik heriotzara, zuritik zurira. Mahasti elurtua da lehen argazkia eta baita azkena ere. Bi zurien arteko 48 argazkietan denetarik; hostoaren berdea, gorria edo hori puntua, lurraren gorritasuna, egunsentiaren distira, ilunabarra...
MAHASTI ELURTUA.
Mahastiek eta baita mahatsondoek ere triste jarraitzen dute, baina paisajeak, naturak, noiznahi bere edertasuna agerian uzten du; behe lainoaren bisita dute mahatsondoek. Behe lainoak ihes egin duenean kolore berriak ageri dira argazkietan. "Alfonbran" edo "sarean" berde kolorea nagusitu da eguzkiak indar gehiago du eta udaberriarekin batera lursailak indartu dira. Mahatsondo zaharrak eta berriak ere tartekatuta ikusiko ditugu. Segidako irudi batean Olalde argazkilaria helikopterotik argazkiak ateratzen aritu dela dirudi, baina berak gezurtatu du hori. Aldameneko mendixka batera igo eta mahastien lerro paralelo anitz fotografiatu du. "2" zenbakia deitzen den argazkia ere topatuko dugu. Egia esan, "2" zenbakia Olaldek berak deitzen dio, baina irudia begiratu besterik ez dago. Mahatsondoak inguratzen dituzten belar sortek 2 zenbakiaren itxura hartzen dute, urrunetik begiratuta bederen.
Mahatsondoak lerro paraleloetan eta lursail lauetan ikusi ohi dira Errioxa, Nafarroa eta Arabar Errioxan. Mahasti oro ez dago ordea berdinean, Toloņo mendi barreneko mahastiak aldapan ere badaude eta 600 metrotik gora hazten da mahatsa. Altuera honetako paisajea ere berezia da eta berak eskaintzen dituen irudi eta formak ere bai.
"ZEZEN PLAZA"
![]() |
|
||||
1782 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa