Musika
agur esatea erabaki du. Horretarako kontzertu sorta eskaini dute Euskal Herri barruan zein hemendik kanpo. Azkena ostiral honetan, hilak 3, Bilboko Kafe Antzokian.
Iragarritako heriotza baten kronika da hau. "Argi dugu taldea ez dela betirako. Ez dugu inertziaren poderioz jarraituko. Agur esaten jakitea garrantzitsua da". Joxe Ripiau laukotearen buru Iņigo Muguruzaren hitzak dira, eta ez gaur goizean esandakoak. Taldea desegiteko erabakia eta data iazko urte amaieran hartu omen zuten; hitzok, ordea, duela hiru urte baino gehiago, 97ko ekainean, esan zizkion Muguruzak ARGIAri.
Duela bost urte, Negu Gorriak desegiterako, Iņigo Muguruzak garbi zuen bere hurrengo proiektua zein izango zen. Oporretan Santo Domingora joan eta han Perico Ripiau taldeak ezagutu zituen; hemengo erromerien antzera, herri txikietan jotzen duten taldeak sinpleak dira: güiroa, tanbora, esku soinua eta ahotsa. Formazio horietan oinarrituta eta izenari euskal kutsua emanez sortu zen Joxe Ripiau, Jabi Muguruza esku soinuan, Sergio Ordoņez güiroan eta Iņigo Muguruza baxuan zituela. Duela bi urte eta erdi Irungo hirukoteari Asier Ituarte ondarrutarraren tronboia gehitu zitzaion. "Tronboiaren nota grabeek, baxua eta bonboarekin batera, dantza egiteko orduan taldeari 'punch' handia ematen zioten, baita melodia ere" dio Iņigo Muguruzak, "lehen ez zeukan gorputza eman zion taldeari".
Euskal Herrian horrelako formaziorik ez zen ordurarte eta "eta ez dakit aurrerantzean egongo den ere". Erronka gisa hartu zuten; euskaldunak hotzak omen gara eta guztiak talde bitxi horrekin dantzan jartzea zuten helburu.
Dantzarako sekretua.
Bost urteko ibilbidean lau disko kaleratu ditu Joxe Ripiauk: "Positive Bomb", "Karpe Diem", "Paradisu Zinema" eta "Bizitza triste eta ederra". Lehena premeditatua izan zela diosku taldearen doinu eta hitzen egileak, "bagenekien zer egin nahi genuen jendea dantzan jartzeko. Gero" jarraitzen du Iņigok "bakoitzaren gustua islatzen joan da, taldea aberastuz". Lehenengo bi diskoak eskeletoak zirela esan omen zien kritiko batek, baina Muguruzaren iritziz, "xarma handiko diskoak dira". Dantzarako gonbitea izateaz gain, azkeneko lana etxean ere, lasai, entzun daitekeen diskoa dela diote. Diskoaren tituluak berak ere ("Bizitza triste eta ederra") anbiguotasuna islatzen du. "Woody Allenek txiste bat kontatzen du 'Annie Hall' filmaren hasieran: bi emakume daude bainuetxe batean eta batak besteari esaten dio: 'Zein txarra den ematen diguten janaria!'. Eta besteak erantzun: 'Bai, eta gainera, zein razio txikiak diren!'. Bizitza horrelakoa da, bakartasunez eta miseriaz beteta dago, baina aldi berean zein motza den!"
Zuzenean.
Eta hala ere, euren jarduna etetea erabaki dute. Talde gisa bederen, bakoitzak bere aldetik proiektuak izan badituelako. Iņigo 84an Kortatun hasi zenetik, Delirium Tremens, Negu Gorriak eta Joxe Ripiau taldeetan aritu da eta orain talde berri bat jarri du abian: Sarrionandiaren testu batetik hartuta, Sagarroi izena ipini dio eta Negu Gorriak-en alde hard-coretik gertuago dago. Sergio Ordoņezekin batera, film labur bati musika jartzeko lanetan dabil, gainera. Synbiun Pandora eta La Bemba Blanch taldeetan egona den Sergiok ere Venas gitarrajolearekin batera proiektu bat du esku artean. Jabier Muguruzak bere bakarkako bidean jarraituko du. Azkenik, Txatanuga Futz Band eta Skandalu taldeetan jardundako Asier Ituartek tronboia lurperatuko duela esan du, "baina ez diogu sinesten".
Agur esateko 5 kontzertu antolatu dituzte: Oiartzunen, Bartzelonan, Madrilen, Ezpeletan eta, azkena, hilaren 3an Bilboko Kafe Antzokian. Erabakia pena handiarekin hartu zutela dio Iņigo Muguruzak. Eta seguruenik agur kontzertuetan kantatzeko bertso hau ere pena handiarekin prestatuko zuen:
Gure azken kontzertuan
Kaiser Sose dantzan
Margarita, Gabriela,
Clousseau iritsi da.
Pedro Mayo tabernan
botila bat ardau
Pantxo Villak oihu egin du:
"Agur Joxe Ripiau"
![]() |
|
||||
1782 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa