MUSIKA
Nazioarteko 32. Abesbatz Lehiaketa burutuko da egun hauetan Tolosan. Munduko abesbatzarik onenetarikoek hitzordua dute Leidor zinema aretoan datorren azaroaren lehenengora arte. Aurten Javier Bello-Portu zuzendari eta konposatzaile tolosarra omenduko dute.
Tolosako Abesbatz Lehiaketan abesten diren kantuen %15 gutxi gorabehera euskal konposatzaileen obrak dira. Kopuru hau urte batetik bestera asko alda daiteke. Lehiaketan parte hartzen duten euskal abesbatzen kopuruak eta obra behartuak hemengo konpositoreenak izateak eragiten dute kopuru horretan. Batetik, hemengo abesbatzek abesti libreetan euskal konposatzaileen kantuak hautatzen dituzte normalean. Bestetik, lehiaketan parte hartzen duten abesbatzek polifonia -eta folklore-obrak abestu behar dituzte. Folklorean bi obra behartu izaten dira: bata zehatza eta bestea aldez aurretik abesti anitzez osatutako sail batetik abesbatzek aukeratutakoa. Biak euskal konpositore batenak izaten dira eta euskaraz gainera. Aurten Javier Bello-Porturen "Une vielle chanson d'amour-Mendekoste phestetan" obra abestu beharko dute ahots nahasietako koruek.
Zortzi edo bederatzi hilabete izaten dituzte abesbatzek behartutako obrak prestatzeko. Partituraz gain grabazio bat bidaltzen zaie abestiaren ahoskerarekin. Lehiaketa amaitutakoan datorren urteko behartutako abestiak aukeratzen ditu Lehiaketako Batzorde Artistikoak. Enrike Azurza, Migel Amantegi, Jose Ignacio Sainz Alfaro, Javier Busto eta Jon Bagüesek osatzen dute batzorde hau.
Javier Bustoren "Ave Maria" obra izan da orain arte Tolosako lehiaketan obra behartuen artean oihartzun handiena izan duena. Hondarribiarrak obra aspalditik idatzia bazuen ere, Tolosan kantatuarazi zenetik ia koru guztiek abestu dute. "Sentimenduak ukitzen dituen obra da. Behartutako obra izan zen orain hamar urte Tolosako lehiaketan. Jendeak emozioz beterik negar egin zuen kantuagatik eta beharbada bizitzen ari ginen momentuagatik ere bai". Bustok hainbat abesbatza zuzentzeaz gain, abesbatzarako obrak konposatzen ditu. Bera da orain Euskal Herrian eta Europa osoan, konposatzaile ezagunena eta kantatuena.
MUNDUKO KORUAK EUSKARAZ.
Azken aldian enkarguz egindakoak izan dira behartutako obrak. Gogoan dute oraindik CITeko arduradunek Filipinaseko "The Philippines Madrigal Singers" taldeak "Enrike Ugarteren "Maritxu, nora zoaz?" kantatu zueneko hura, "euskaldunak izango balira bezala abestu zuten". Alemaniako Halenser Madrigalisten korua ere ez dute ahantzi. "Andreas G÷pfert-en zuzendaritzapean Alberto Mitxelenaren 'Jaun handiak ikus zazue' obra maisutasun handiz eskaini zuten. Euskaldunen gisan ahoskatzeaz gainera, karakter polita eta egokia eman zioten kantuari" dio CITeko arduradunak.
Euskal konpositoreak indartzea eta beraien lanak bultzatzea da lehiaketako arduradunen helburua. Euskal obra hoberen interpretatzen duenarentzat sari berezia dago. CITeko arduradunaren esanetan, "orain dela urte batzuk abesbatzarako musika konposatzen zutenak gehiago ziren. Orain musika instrumentala gehiago lantzen da. Ahotsak mugak ditu, baxutik zein altutik. Musika tresna batek, ordea, edozein nota eman dezake. Egungo konposatzaileek obra konplexuagoak, disonanteagoak egiten dituzte".
Helduentzako musika konposizio lehiaketa egin zen hainbat urtetan Tolosan CITek antolatuta. Gerora, Abesbatzen Elkartea hasi zen Haur Abesbatzentzat Konposizio Lehiaketa egiten. Baina helduentzako Konposizio-Lehiaketa abian ipintzeko ideia buruan dauka elkarteak. Joxe Mari Aierdi Abesbatz Elkarteko lehendakariaren ustetan "Euskal konposizioaren mundua itxita dago, ez baitugu partitura originalekin lan egiteko ohiturarik. Horren ordez fotokopiak erabiltzen ditugu, eta konpositoreek motibazioa galtzen dute. Obrak konposatzen dituzte, baina askotan ez dira argitaratzen". Datorren urtean Tomas Garbizu jaio zela 100 urte beteko dira eta oraindik argitaratu gabe dauden bere obrak argitaratzeko asmoa du elkarteak. Konpositoreek obrak egin arren, sarri ez daude hemengo abesbatzen mailara egokituta. Aierdiren aburuz, musikak ez du izan behar artxiboan gordeta edukitzeko, kantatua izateko baizik.
AURTENGO LEHIAKETA.
Lehiaketatik at, aurten Kubako Vocal Sampling taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Urriaren 31n agertuko da jendaurrean seikotea. Kubako musika tradizionala, jazza, saltsa eta rapa bezalako musika estiloekin nahasian eskainiko dute. Ahotsaren bitartez musika-tresnen soinuak egitea da hauen ezaugarrietako bat .
Javier Bello-Portu zuzendari eta konposatzaile tolosarra omendu nahi izan du 32. edizioak San Frantzisko elizan egindako kontzertuaren bidez. Orain 80 urte jaio zen Tolosan Javier Bello-Portu. Filosofia eta Letrak ikasteak ez zion musikarako trabarik jarri. Ikasketak hobetzera Parisera joan zen Kontserbatorio Nazionalera. Han Felipe Gorriti Eskolania sortu eta Espainiako eta Frantziako Estatuetan barna ibili zen. Sienako Chigiana Akademian orkestra-zuzendariaren lehenengo saria irabazi zuen. 60ko hamarkadan Ginebran lehenbizi eta Salzburgen geroago Herbert von Karajan eta Leopold Hager-ekin aritu zen. Hainbat abesbatz eta orkestra zuzendu du, horien artean Baionako Euskal Herriko Abesbatza.
![]() |
|
||||
1781 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa