orain dela 30 urte
EUSKARAZ EGITEN ZUTENEN ARTEAN
Pilar Iparragirre
Nazioarteaz harat, euskararen egoeraz arduratuta ageri zen Z. ARGIA. Mitxele-naren esanari eta euskaldunek hizkuntzarekiko zuten jarrerari jartzen zien arreta.
Paris eta Mosku elkarri lotuta", "Bolibia: Ezkertiarrak Herria berekin", "Soljenytsyne: Literatura Nobel saria"... Nazioarteko berriak bere pisua izaten jarraitzen zuten 398. zenbakiaren lehenengo orrialdean. Baina bertan ageri zen "Euskaltzaindia Zuberoara" hartatik hasita, igar zitekeen beste batzuk zirela ZERUKO ARGIAren gogoa asaldatzen zuten burutapenak edo arazoak: euskararen eta gure herriaren etorkizuna kolokan jar zezaketen jarrerak, kasu.
MITXELENAREN HITZALDIA.
Euskara batua zela-eta, Koldo Mitxelena hizkuntzalariak eman berri zituen hitzaldi batzuk, eta gure aldizkariaren arduradun zirenek behintzat, pozik hartu zituzten, editorial antzeko batean azaltzen zutenez. Izan ere, "ekaitzez eta lokatzez aspertutako nekazariak eguzki goxoa du amets. Alaxe guk ere Mitxelenaren argia". Baina, guztia garbi gera zedin, honoko zehaztapentxo hau eransten zioten aurrekoari: "Bai, argi-billa joan giņan. Ez urak geuron errotara ekarri nahian".
Behin azpimarratu beharrekoa azpimarratuta, iritsia zitzaien beren iritzia azaltzeko garaia: "Euskara batua beharrezkoa dugu. Baiņa egiteko dago oraindik. Ez 'Batasunaren Kutxak' agindu oraindik eta ez Liturji-batzordeak. Egiņa ez badago ere, ordea, egiteko bideak artu nahi ginduzke. 'Arian-arian' egin nahi genduke eta ez 'egonean-egonean'. Baiņa 'arian-arian' ortan, bakoitzok geuron pausoak eman behar ditugu. Liturjian batzuk, aldizkarietan geixeago, ikastoletan aundixeagoak, goi-maillako liburuetan sakonenak eta nabarmenenak".
Ulertu behar duenak, uler beza, erabakiko zuten mezuaren egileek. Batzuk izango zituzten buruan, ziur aski. Gauza da, pixka bat beheraxeago, honela ziotela: "Batasuna beharrezkoa dugu. Bereizkuntzak gaixorik daukate euskera. Ebaki, iriki, ikusi, miatu, kendu, garbitu eta berriro josi" egin behar omen zitzaion. Alabaina, hori ez zen okerrena: "Baiņa sendagillearen labana osasungarri edo iltzaille biur diteke. Bizirik iraun zezakeana eskutan ilda gelditu ohi zaie bein baiņo geiagotan. Aurrez gertutu egin behar da gaixoa ere operaziorako. Gertuera-tarte horretan ere il ohi dira, ordea, beste batzuk, zirt edo zart, il edo bizi, lehenbaitlehen iriki ez direlako".
EGURRA DENENTZAT.
Zer zegoen metafora esanguratsu horren atzean? Bada, euskara batuaren osaketa, noski. Horregatik esan omen zuen Mitxelenak "batzuk azkarregi eta besteak motelegi dabiltzala uste dut". Orohar, nahikoa jarrera ona igarria zioten editorialaren egileek hizkuntzalariari: "zentzuz, patxaraz eta soseguz betea ikusi dugu Mitxelena. Auzi galgarri eta seta gaiztoen sua itzali nahian bezala. Obeto esanda itzali nahian baiņo gehiago suari galga ongarrian eutsi nahian. Ortarako doai onak noski: adar-jotzaille ona izatez, eztabaidan argia, arrazoietan sakona"... Hor amaitzen ziren harentzako laudorioak ere, ordea: "... gaiaren arian illun eta nahastu xamarra. Agian bildurtiegia". Hara! Erretxindu zitzaizkion, nonbait. "Izkuntzalari bezala bere iritzia agertzeko beldurrez iruditu zaigu. Eta guk ain zuzen izkuntzalari ospetsu baten iritzia jakin nahi genduan. Alde batera edo bestera itsutu gabe gaudenok bere argia nahi genduan". Ulertzen zuten, halere: "Ez zan erraza, noski. Zenbait bere aldeko arrazoiak entzutera bakarrik joan bait zan. Noiz besteen aurka mintzatuko zai arpegira botatzeko", eta ustezko koldarkeriak alde batera utzita, Mitxelenak "zenbait aldiz auzi esarrea baretu zuan", baina! "onenean illunpea ez zuan gehiegi argitu. Tarteka mindu ere egin zituan baten batzuk". Erdipurdi atera zitzaiola kontua, beraz. Dena dela, barren-barrenetik hurrengoan hobeto desiratuz-edo, agur esaterakoan aholkua eta guzti eskaintzen zioten: "'Ez zaitez auzitan sartu, jauna' esango genizuke illetako otoitza gogoratuaz. Zure itzaldiak eta zure itzaldietako jokaerak osoro artuta ongarriak izan dirala uste dugu. Orregatik egin argi. Jarrai izkuntzalari bati dagozkion arrazoiak emanaz. Ezin izan zindezke eguzki diztizari, 'jakintsu' asko bait dago gure artean". Eta letra larriz, amaiera moduan: "Izan zaite izar argi euskeraren gau illunean".
ERDALTZALEEN KONTRA.
Editorial horren alboan, beste artikulu adierazgarri bat zetorren, Imanol Beristainek idatzitako "Erri erderatzailleak (1)", hain zuzen ere. Dagoeneko asmatuko zenutenez, erdaltzaleak zituen hizpide. "Zenbat eta zenbat kalte egin diote Euskal-Erriari ez da erraz esatekoa", zioen. Eta norena ote errua? "Gure txepelkeria eta lelokeriarena ere ez da txikia", adierazten zuen, deblauki. Zer zela-eta? "Garai batean isildu bearra zegoan", baina, "Konzilioa ezkeroz gauzak erabat aldatu dira eta egia esateko bat baiņo geiagoren pena eta zoritxarrerako. Erriko eskubideak, gizonarenak, nor bere izkuntzarenak eta abar"etaz ari zen. Zergatik aitatu ote zuen Kontzilio sakrosaindu hori? Arrazoi faltan ez, antza. "Zuk irakurle bear bada usteko duzu Euskal-Erriko erri txikietan beintzat, kale eta baserriak iya bat egiten duten erritxoetan, meza eta elizkizunak euskeraz izango dirala, orain arteko latiņ aspergarriaren ordez". Baita zera ere, maitea! "Altzolan ez da ala gertatu, bertako apaizak nai ez duelako. Euskara obeto dakien arren erdera maiteago du".
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.