Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-10-22 -- 1780.zenb

SEKTORE ELEKTRIKOA

ENDESA ETA IBERDROLAREN BAT-EGITE KALTEGARRIA

Daniel Udalaitz

Azken orduko funtsezko aldaketarik ez badago, Iberdrola euskal enpresa Endesa enpresa espainiarrak bereganatuko duela iragarri daiteke laster batean. Eragiketa hau, aurreikusitakoaren arabera gauzatzen bada, kaltegarria izango da euskal Ogasunarentzat.

Joan den irailaz geroztik entzun dira dagoeneko abian zegoen eragiketa horri buruzko datu ofizialak eta ofiziosoak. Orain arte, ofizialki eta publikoki, bat-egite hori negoziatzen ari direla besterik ez dute onartu bi enpresek. Ikusteko dago kontzentrazio enpresarial eta elektriko honek Espainiako Estatuan, Europan edota mundu osoan zer nolako ondorioak izango dituen, baina argi dago euskaldunontzat beste ikuspegi bat ere izango duela. Euskal Ogasunak, bere lurraldean aritzen diren eta egoitza bertan kokatutarik duten enpresen zergak jasotzen dituen neurrian, galera garrantzitsua izango luke Iberdrola desagertu eta elkarte berriaren egoitza Madrilen ezarriko balitz, eta hala izango dela dirudi.


SOZIETATE BATEN EGOITZA SOZIALAREN GARRANTZIA.

Orain arte, Iberduerok lehenik eta Iberdrolak gero, Oriolen enpresarekin bat egin ondoren, Bilbon izan du bere egoitza. Horren ondorioz, horien zerga guztiak, ekonomi jarduerarenak, sozietatearenak, BEZarenak eta abar euskal Ogasunari ordaindu behar izan dizkio. Horrela, adibide bat jartzearren, 1999ko ekitaldian, orain arteko azkenean, Iberdrolak 129.803 milioi pezetako (5.192 milioi libera) mozkinak izan zituen, zergak ordaindu aurretik. Beraz, sozietateen zergari dagokionez, mozkin horiengatik 50.357 milioi pezeta (2.014 milioi libera) ordaindu behar izan zizkion Bizkaiko Foru Ogasunari.
Endesak Iberdrola bereganatuz gero bi enpresa horiek bat egiten baldin badute eta, dirudien bezala, talde berriaren egoitza Madrilen kokatzen bada eta ez Bilbon, Iberdrolaren zergarik gabe geratuko litzateke euskal Ogasuna. Eta ikusi denez, ez da inolako huskeria.
Beste arazo bat, bat-egite guztietan gertatzen den bezalaxe, Lehendakaritza nork bereganatzen duen izango da. Orain artean, Rodolfo Martin Villa zen Endesako lehendakaria. Bere garaian izendapen politikoa izan zen, eta hor jarraitzen du sozietatea pribatizatu ondoren ere. Iberdrolan, berriz, Iņigo Oriol Ybarra da lehendakaria, Neguriko euskal oligarkiako familietako partaidea. Honelako bat-egiteetan, hasiera batean, bien arteko lehendakaritza bat izendatzea da ohikoena, eragiketaren ondorengo bi urteetan lehendakaritza bakarra hitzartuz. Ziur aski, orduan bietako inork ez du bereganatuko lehendakaritza. Akziodun nagusiek, BBVAk eta La Caixak, aukera ezin hobea izango dute memento horretan beren ordezkariren bat jartzeko.
Langileen gaia izango da beste gai korapilatsua. Bat-egite guztietan, edo gehienetan, gehiegizko langileen arazoa eta kostuak murrizteko plan bat aztertu ohi da. Eta lehenengo kostu murrizketa langileak egoera berrira "egokitzea" izaten da. Eta horrek, beti, lanpostuen murrizketa ekartzen du, baja pizgarriak eta aurretiko erretiroak eskaintzearen bitartez. Bakoitzaren 1999ko memoriako datu ofizialen arabera, Iberdrola Taldeak, 1999ko ekitaldiaren amaieran, 11.063 langile zituen. Endesak, berriz, 33.712, horietako 18.199 langile Espainiako Estatuan arituz, eta gainerako 15.413ak atzerrian. Horrek esan nahi du, bat-egite horretatik sortuko den talde berriak 44.675 langile izango lituzkeela. Zenbat milaka langileri eragingo dio "egokitzapenak"? Horra hor eragiketa honek sortzen dituen zalantza ugarietako bat.
Abian dagoen bat-egite horrek aldaketa eragingo du Espainiako Estatuko arlo elektrikoak duen enpresa egituran. Sektoreko erraldoi berri bat izango da, munduko hamar enpresa handienetakoa bihurtuz. Kopuru batzuk ikustea besterik ez dago sozietate berriaren tamainaz jabetzeko.
Endesak bere ustiapenean izandako diru sarrera garbia bi bilioi pezetatik gorakoa (2,245) izan zen 1999an. Zergak ordaindu ondorengo mozkina 212.653 milioi pezetakoa izan zen ekitaldi horretan. "Cash Flow"-a (mozkinak gehi amortizazioak), zergak ordaindu ondoren, 734.974 milioi pezetakoa izan zen. Bertako akziodunen artean 103.758 milioi pezetako dibidenduak banatu zituen 1999an. Bere aktiboa zortzi bilioi pezetatik gorakoa da (8,272). Fondo propioak bilioi bat pezetatik gorakoak dira (1,550) eta 33.612 langile ditu. Espainiako Estatuan instalatutako potentzia 22.576 MW-koa da, eta atzerrian 13.962 MW-koa.
Iberdrolak, bestalde, bilioi bat pezetatik gorako dirusarrera garbia (1,039) izan zuen 1999an. Zergak ordaindu ondorengo mozkina 121.531 milioi pezetakoa izan zen ekitaldi horretan. "Cash Flow" garbia 242.594 milioi pezetakoa izan zen. 73.927 milioi pezetako dibidenduak banatu zituen. Fondo propioak bilioi bat pezetatik gorakoak dira (1,303) eta 11.063 langile ditu. Iberdrolak instalatutako potentzia 16.041 MWkoa da.
Azkenik, bat-egitea onartu behar duen Espainiako Gobernuak eragiketa honen inguruan erantzun beharreko galdera bat hauxe da: bi enpresa horien arteko bat-egitea gauzatzen denean, zer gertatuko da Administrazioak, sektorearen liberalizazioaren konpentsazio gisa, enpresa elektrikoei joan den urtean "opari emandako" bilioi eta erdi pezetarekin, kontuan izanik kopuru horren ia hiru laurdenak bi enpresa horien artean banatu zirela? Bat-egitea gauzatzen bada, zentzuzkoa litzateke Iberdrolari eta Endesari egokitu zitzaien kopurua altxortegi publikora itzultzea berriro.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan