DISKOA
GRISA
Bide Ertzean
IZ
14 kanta
2.295 pezeta
91 liberaEtsipena uxatzeko modua tinko irautea izan daitekeenez, bizitzako oztopoei aupergi emateko gomendio adoretsua transmititzen du Bide Ertzean-en azken CD honek. Hamalau kanta biltzen ditu denera, "Zuek esan", "Betikoa", "Badakit", "Ia dena", "Haize zaharrak", "Parez pare", "Berandu", "Sinetsi nahi dut", "Hesiak", "Lilian", "Gurea", "Eromenaz", "Aingeru berriak" eta "Grisa" hain zuzen ere, "ezertan gailentzen edo nabarmentzen ez dena"ren adibidea. Dena dela, Kaki Arkarozen ekoizpena eta moldaketez lagundurik entzun ahal izango dira Karlos Arangizen bateria eta perkusioa, Fran Iturberen gitarra elektrikoa, Joni Ubedaren gitarra apala eta koroak, eta Imanol Ubedaren gitarra eta ahotsa.
LIBURUAK
IKUSGAIAK
Batzuen artean
EUSKO IKASKUNTZA
172 orrialde
2.300 pzta/96 lib.
ZINEA IKERTZEKO ZALETASUNA DUTENENTZATEuskal zinea ikertzeko zaletasuna izateaz gainera, Euskal Herriko errealitatea zinearen bitartez aztertzeko zaletasuna dutenei eskainia dago, batik bat, "Ikusgaiak", Eusko Ikaskuntzako zine sailak aldiro kaleratzen duen aldizkari hau. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten bere laugarren zenbakia, non, besteak beste, honoko gai hauek aztertuak dauden: euskal irudiaren arkeologia, Euskal Herrian egindako lehen filmaketak; gure herrian, bertako diruarekin, euskal gai bati lotuta eta zuzendaritzan euskaldun batek parte hartuz egindako lehen fikziozko filma, hots, 1920an egindako "La Capitana AlegrØa"; Ideal zine aretoa edo zinematografiak Portugaleten XX. mendeko 20ko hamarkadan izandako finkapena; Gernikak jasandako bonbardaketaz zineak gorde dituen oroimenak; Simón Blasco Salas mediku nafarrak zine munduan egindakoak eta beste asko. Honaino aipatutako gaietatik at, Montxo Armendarizen filmen inguruan egindako azterketa bereiz genezake. Baina badira, gainera, ezohiko ikuspegitik egindako azterketak ere. Victor Ericeren "El espØritu de la colmena" edota "El sol del membrillo" ikuspegi psikologikotik aztertuak izan dira, adibidez.
DEABRU JAUN MAITEA
Christine Nöstlinger
AIZKORRI
36 orrialde
650 pezeta
26 libera
DEMONIOAK "LAN" BILA
Hamar bat urtetik aurrerakoentzat egokia da Mari Jose Kerejetak euskaratu eta Pep Montserratek marraztu duten liburu hau, "Deabru jaun maitea" alegia. Infernuan alferkerian bizi diren demonioentzat ere nagikeria ez dela lagunik onena estimatzen du Deabru andreak, eta lurrera "lan" bila igotzea erabakitzen du halako batean. Hortik aurrera, deabru xarmangarri batzuren gorabeherak kontatzen zaizkigu idazlan honetan. Christine N÷stlinger idazle austriarrak gazteen heziketa eta prestakuntzari buruz ideia oso liberalak ditu, eta horregatik nahikoa polemiko da batzuen ustez. Ez hala bere irakurle preziatuenentzat, ordea, haur eta gaztetxoen artean arrakasta handia izan baitu beti.
ENBEITATARRAK III
Jon Enbeita
SENDOA
179 orrialde
1.000 pezeta
40 libera
BALENDIN ENBEITARI BIHOTZEZ Batzuentzat aittitte, hurrengoentzat aitte eta besterentzat osaba maitea den Balendin Enbeitaren bizitzan egondako nondik norakoetan (kartzelan egon beharra egokitu zitzaion epea barne) oinarriturik dago Jon Enbeitak Sendoa argitaletxearen eskutik oraingoan aurkezten digun idazlan hau. Gaztetxoei eta hain gazte ez direnei ere zuzenduta dago Bizkaiko bertsolaritza garai latzenetan bizirik mantentzeko ahaleginak egin zituen pertsona honen biografia, 1936.eko gerra anker haren aurrekoen eta ostekoen arteko zubia izaten jakin zuen Balendin Enbeitarena, hain zuzen ere. Bizkaian, Muxika herriko Usparitxa auzuneko Jeuri baserrian jaio zen, 1906. urteko maiatzaren 20an, eta "euskararen arnasa" deitua izan zenak bizi eta kantatu izan zituenetatik asko dago hemen jasoa.
CUENTOS TRADICIONALES VASCOS
Lurdes Auzmendi /Koldo Biguri
JOSE J. OLAÑETA
147 orrialde
2.200 pezeta
88 libera
AHOZ AHOKO LITERATURAREN GARRANTZIA
Ahozko literaturak herri baten kulturan duen garrantzia azpimarratu nahirik, Bernardo Atxagaren hitzaurrearekin batera aurkezten zaigu Lurdes Auzmendik eta Koldo Bigurik egin duten euskal tradizioko ipuinen bilduma hau. Ipar zein Hego Euskal Herrian ahoz aho transmititu izan diren euskal elezaharretatik gustukoen dituztenak aukeratu eta horiexek aurkezten dizkigute, gazteleraz ahatik. Izan ere, aukeraketa eta itzulpenaren egileek ohartarazten digutenez, ipuin hauetatik asko frantsesera itzuliak zeuden aspaldi, baina ez hala Cervantesen hizkuntzara, gaztelerara esan nahi dugu. Ipuinaren itzulpena eskaintzeaz gainera, haietako bakoitzaren amaieran, non entzuna izan zen, noren ahotik eta nork jaso zuen adierazten dute zehatz-mehatz.