Alfonso Gerra, Espainiako Gobernuko lehendakariorde sozialista: "Gero eta gehiago kostatzen zaigu betebeharra dena egitea: terrorismoaren aurkako borrokan Gobernua sostengatzea".
Arnaldo Otegi, EHko heleduna: "Gure bila datozenean, desarmaturik aurkituko gaituzte, zutik, duintasunez eta irtenbideak topatzeko prest".
Xabier Arzalluz, EAJko EBBko lehendakaria: "Jarduera batasuna ezinbestekoa dela abertzaleok zenbait eta beranduago barneratu, denbora gehiago galduko dugu gure eraikuntzaren garapenean".
Teresa Diaz-Bada, Terrorismoaren euskal biktimen kolektiboko lehendakaria: "Ez gara Ibarretxek deitutako manifestaziora joango, gutaz inoiz arduratu ez den jaun baten hauteskundeetarako maniobra lagunduko genukeelako".
Jaime Ignacio del Burgo, UPNko diputatua: "Aukeran, nahiago ditut Iruņean egondako falangistak jeltzaleak baino, azken hauek ETAri laguntza ematen diote eta".
Francesco Cossiga Italiako lehendakari ohiak gogor kritikatu du EAJ kristau-demokraten internazionaletik kanporatu izana; Euskal Herriari dagokionez, bestalde, euskal alderdiak makurraraztea ez dela gatazkaren konponbidean aurreratzeko bide zuhurra zehaztu du.
Josu Onaindi EAEko CCOOko idazkari nagusiaren esanetan, CCOOk ahalegin berezia egin behar du negoziazio kolektiboari begira ELA eta LABekin elkarlanean jarduteko, baina zeregin hori ez dela samurra izango aurreratu du.
Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiaren ustez ezin da atzera egin dialektika politika-militarrera, baina ezta Estatutua biziberritzeko ahaleginera ere; bere ustez, Estatutuarena itxita dagoen bidea da eta ezin da Lizarra-Garazitik atzera egin.
Jakoba Errekondo
Euskal Herriko baso eta lorategietan makina bat zuhaitzek guk baliatzeko moduko zur mota anitz eskaintzen du. Ez dago zertan haritz zuraren irrikitan egon beharrik.
guztia irakurri
Jabier Agirre
Anestesia lokalarekin, ordu erdian operazio mahaian etzanda egonda eta ebaki bati esker, disko-hernien ebakuntza errazak egiten hasi dira. Pazienteak berehala errekuperatzen dira.
guztia irakurri
PP-K EZ DU BARKATZEN
BIGARREN Mundu Gerra eta gero bere sorreran izan eta mende erdi pasatxo kristau-demokraten internazionalean egon ondoren, PPk EAJ erakunde horretatik kanporatzea lortu du, erakundeko estatutuak aldatzeko zenbait trikimailu egin ondoren. Txikiaren historiak, argudioak eta printzipioak, handiaren indarraren aurrean gutxi balio dutela adierazten du jel-tzaleentzat horren mingarria den gertaerak. Jazarpenak aurrera darraiela jakinarazi dio PPk EAJri. Nazioartekoari inongo garrantzirik kendu barik, Espainiako Estatuak atzerriko bidezidorretan duen eraginaren erakusle da; akaso gehiegi ere ez da izango, baina itsaso da euskal eraginaren tantoaren aurrean.
ZIRRIKITUAK KOMUNIKAZIO ITSASO UNIFORMIZATZAILEAN
HILAREN 9an hil zuen ETAk Granadan Luis Portero, Andaluziako Auzitegi Nagusiko fiskaltzaren burua. Atentatuak ohiko erreakzioak eragin zituen, baina berriro ikusi ahal izan ziren tirabiraren batzuk PPren leialtasun eskakizun zorrotzaren eta PSOE popularren soka motzetik askatzeko egiten ari den ahaleginaren artean. Horrez gain, Espainiako uniformismo komunikatiboaren baitan zirrikituak ari dira agertzen, batez ere Jaime Mayor Oreja barne ministroaren eraginkortasunaren inguruan. Bestalde, oraindik ez dago argi PPk eta beste zenbait taldek Bilbon hilaren 21ean ETAren aurka izango den manifestazioarekin bat egingo duten ala ez. EAEko ETAren biktimen elkarteak, dena den, ez dela joango jakinarazi du.
EUSKAL KOMUNIKABIDEEKIKO BOIKOTA MIARRITZEN
EUSKAL medio desberdinetako hamairu kazetarik ez zuten izan Europako Batasuneko estatuburuen gailurra jarraitzeko aukerarik, Frantziako Barne Ministerioak horretarako baimena ukatu zielako. Indar euskaltzale eta zenbait kazetal erakunderen salaketa izan du jarrera honek, besteak beste Mugarik Gabeko Kazetariak elkartearena. Adierazpen askatasuna eta teorian gailurrean ordezkatutako beste zeinbait baloreren garrantziaren adierazle dira debekuok, baina baita kontraesan ikaragarri baten agerle ere: herri bateko herritar askok ezin izan duela jarraitu herri horretako gertaera oso garrantzitsu bat bertako hizkuntzetako batean. Guztia XXI. mendeko Europan gertatua
FAXISTA ESPAINIARREN ADIERAZPEN ASKATASUNA
PRINTZIPIOEKIKO zorrotz eta zintzoa izanda, ultraeskuindar espainiarrek egungo Euskal Herrian publikoki biltzeko eskubidea izan beharko lukete, edozein ideiaren izenean berbera egin nahi duen beste edonork bezala. Ez ordea beisbol makila edo egur sendoekin eta aurpegia estalirik desfilatuz gero, Iruņean Madrildik etorrita lehorreratu ziren faxista asko moduan. Eta, jakina, hauek horretarako eskubidea badute, berdina dute kontramanifestazioa egin gura dutenek. Poliziaren lana bien arteko borroka saihestea litzateke baina ez lehenak babestuz eta bigarrenak egurtuz. Ultraeskuindarrek beren ekitaldia egiteko ordu eta erdiz udaletxeko plazaranzko pasoa edonori -zahar, gazte, bertako biztanle...- moztea da ulertezina dena. Nafarroako Gobernu Ordezkaritzaren esanetan, bost 'kontramanifestari' atxilotu zituen poliziak hauek ultraeskuindarrak erasotzeko polizi-hezia apurtzen saiatu zirenean. Gezur borobila baina ulergarria, falangistak Iruņera iritsi zirenetik poliziaren aldetik izan zuten babes eta gozotasuna kontuan hartuta.