Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-10-22 -- 1780.zenb


"GEU" DIRUZ LAGUNDUKO DUTE

Badirudi azken hilabetetako ika-mika konpondu dela eta azkenean Arabako Foru Aldundiak "Geu" aldizkaria diruz lagunduko duela (709.000 pezeta). Pedro Sancristovalek hala adierazi du Euskararen Batzordeak bilera egin ostean. Hala ere, "Geu"-k ez du oraindik baieztapen ofizialik jaso, eta diputatuak adierazi duenaren aurka (joan den urtean diru kopuru bera jaso zuela), iaz 300.000 pezeta gehiago jaso zituela dio.


EUSKARAZKO HEZKUNTZA JARDUERA GIDA

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Saileko Euskara Zerbitzuak euskarazko hezkuntza jardueren gida kaleratu du. Euskara Zerbitzu berak antolatzen dituen eskolaz kanpoko jarduerak, lehiaketak eta hezkuntza ikastaroak jaso dituzte besteak beste liburuki honetan, euskal irakasleei baliabide pedagogikoen berri emateko asmoz eta euren erabilera hobea egin dezaten. 1.800 ale argitaratu dira.


EUSKARAREN V. MARATOIA LASARTEN

Horixe da datorren asteburuan lasartearrek egingo dutena, 40 orduz arituko dira euskaraz inolako etenik gabe. Denetarik izango dute egitarauan: korrika maratoia, pailazo emanaldia, gazte olinpiada, musika kontzertua. Maratoi hau 1986an egin zen lehen aldiz. Ekitaldi honen arrakasta ikusita, Lasarteko Udaleko Euskara Batzordeak eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatu dute aurtengoa.


AHOKO TRADIZIOA JASOTZEKO EKIMENA

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eskualdeko euskararen ahozko tradizioari buruzko ikerlan bat egiteko eta hura herritarren artean zabaltzeko urratsak proposatzea helburua duen beka deitu du. Bekaren oinarrien inguruko informazio gehiago biltzeko, Bortzirietako Euskara Mankomunitatera jo.

Aurpegia

Lierni Ibargutxi. Euskadi Gaztearen musika-formulan esatari
guztia irakurri

"Anbotoko Damak" du izena eta mendiaren munduari buruzko Radio Euskadiren irratsaio berria dugu. Lorea Madina eta Bakarne Bernedoren eskutik, urriaren 8an hasi zen eta igandero mendizaletasuna, eskalada, mendiko kondaira eta mitoak, folklorea, eta orokorrean Euskal Herriko mendiei buruzko edozer izango dute hizpide. Horretarako, atal arruntez gain, astero aditu gonbidatuak izango dituzte eta entzuleek ere telefonoa zabalik izango dute. Esaterako, urriaren 8ko gonbidatuak Urkiolako parrokoa eta Gorbeako babeslekuaren arduraduna izan zituzten.


ALBOKAREKIN TOPO

BI egunetan zehar burutuko da aurten Albokarien Hernaniko zazpigarren topaketa. Urriaren 21 eta 22an zehar egitarau zabala prestatu dute Hernani Musika Eskola Publikoko Alboka Taldeak eta Euskal Herriko albokariek. Larunbatean, "Albokaz egindako bidea" kontzertu berezia eskainiko da Juan Mari Beltran albokariaren eskutik. Igandean berriz, Albokaldia burutuko da Ezkiaga Pasealekuan. Horretarako, Euskal Herriko eskualde ezberdinetatik hainbat albokari hurbilduko da Hernanira. Gazteekin batera, Arratiako Eujenio Etxebarria albokari beteranoa bertan izango da. 1994an hasi ziren Hernanin topaketa hauek antolatzen. Euskal Herriko albokariei elkar ezagutzeko aukera ematea, albokaren inguruko berrikuntzak eta lantzen ari diren musikak ezagutzera ematea eta jende arruntari musika tresna hau gerturatzea dira ekitaldi honen xedeak.


EMAKUMEEN ESANAK SARITUAK

LOURDES Oņederra suertatu da Euskarazko Euskadi Literatur Sariaren garaile "Eta emakumeari sugeak esan zion" liburuagatik, joan den urriaren 7an Donostian ezagutzera eman zenez. Mari Jose Olaziregik, Itziar Zubizarretak, Andoni Egaņak eta Kirmen Uribek osaturiko epaimahaiak Oņederraren liburuaren ausardia eta sortzen duen emozioa azpimarratu zuten. Itzulpengintzako Euskadi Saria berriz, Irene Aldasororentzat izan zen James Joyceren "Dublindarrak" liburuaren itzulpenagatik. Kasu honetan epaimahaiak Joyceren mundua euskarara zehaztasun osoz ekarri izana azpimarratu zuen.


ZINE KLASIKOAK ALFABETIKOKI

URRIAREN 17an hasi eta maiatzaren 16a bitartean, "Zinea Atik Zra" izeneko zikloa antolatu du Nafarrroako Unibertsitate Publikoak. "A" hizkitik hasi eta "Z"raino, letra bakoitzari dagokion film bat aukeratu dute horretarako. Filmak telebistan ikusten ez diren eta bideoklubetan aurkitzea ezinezkoa den klasikoak izango dira. Guztira, 24 astetan 24 titulu eskainiko dira. Besteak beste, Shohei Imamuraren "La balada de Narayama", Billy Wilder-en "Fedora", Charles Chaplinen "El gran dictador" edota Mankiewicz-en "La huella". Zerrendan gainera, bi film mutu aukeratu dituzte: "La caØda de la casa Usher" eta "La ley de la hospitalidad". Bi hauen proiekzioa pianoaren zuzeneko musikaz lagunduta egingo da. Proiekzioak Olite zineetan egingo dira astearteetan eta asteazkenetan.


ARTISAUTZAREN ALDIA

ORDIZIAN burutuko da aurten ere Artisaualdia 2000. Gipuzkoako Artisauen Elkarteak Gabiltzak eta Ordiziako Udalak antolatuta, 50 artisauk parte hartuko du, horietatik 40 gipuzkoar eta 10 bizkaitar. Artisautza mota ezberdinak landuko dituzte: keramika, larrugintza... Standak eta ekitaldiak Majori polikiroldegian burutuko dira. Azpimarratzekoak dira urriaren 21ean Patxi Gimenez artisauak era zaharrera burutuko duen 250 litroko kupela eta 22an Sergio Makirriainek egingo dituen Harri Aroko tresnak. Gainera, egitarau osoa Interneten ikusi ahal izango da.

Nestor Basterretxeak esanak dira hitzok "Euskaldunon Egunkaria"n: "Beti esan izan dut Guggenheim Euskal Herrira ekarri duen jendea arte modernoa inoiz maite izan ez duen jendea dela. Oraindik ere ez dute maite, ez dute ulertzen. Beraz, maniobra politikoa izan dela pentsatzen bukatzen duzu (...) Euskal artistek, antza denez, ez dugu mailarik ematen".

Xabi Puertak honela iritzi dio egungo antzerkiaren egoerari "Gara"k jasotakoaren arabera: "Egun ekoizten diren antzezlanek merkatuarekiko menpekotasun handiagoa dute".

Gari Berasaluzek eta Josemari Sorsek honela hausnartu zuten "Txalaparta" aldizkarian: "Espainiar gobernuak hartutako erabaki latzaren aurrean mutu daude Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Bada ordua gure liburugintzaren eta kulturaren aurka hartutako neurri berriei aurre egiteko. Isiltasun konplizerik ez dugu onartzen".

Lourdes Oņederrak adieraziak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n: "Euskaratik gauzak azkarregi itzultzen ditugula iruditzen zait. Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko ongi legoke esate baterako, itzultzeko, gutxienez, urtebete igaro behar dela erabakitzea".

Duela gutxi munduko hizkuntzei buruzko txostena izan zuten aztergai zenbait hizkuntzalarik Bilbon, Unescok bultzatuta. Egitasmoa txalogarria bada ere, harrituta geratu gara Unesco Etxearen web orrialdean dena erdara hutsez ikustean. Hobe lukete etxea oinarrietatik eraikitzen hasiko balira.

Jose Inazio Ansorenak "Gloria" izeneko liburua argitaratu berri du Alberdaniaren eskutik. Gloria Fuertes zenaren olerki bat hartu du haurrentzako idatzitako lehenengo liburu honetan. Liburuaren protagonistetako bat, parkeko eskulturaren itxurakoa da, eta beste batek, Peruk, Down sindromea du. Liburua Atzegi elkarteari eskaini dio.
Javier Alkain, Manu Muniategiandikoetxea eta Itziar Okariz gailendu dira Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gure Artea sarietan. Hiru artista hauen lanek osatuko dute "Gure Artea" erakusketa ibiltaria.
Itoiz taldearen diskografia biltzen duen kutxa argitaratuko du Elkarlaneanek. Bertan, zazpi CD eta taldearen garaiko komentario eta argazkiez osatutako liburuxka plazaratuko ditu. Gainera, "Anbulance" diskorako grabatu arren inoiz entzun ez den kanta gehituko du.


PRINTZA

HIZKUNTZAREN POLIZIA
"Euskaltzaindiak bi sail nagusi ditu: Iker eta Jagon. Historiak bere uneak ditu eta bere araberako egokiera eskaintzen du une bakoitzak. Iker saila, hau da, ikerketa, filologia, gramatika eta hiztegigintza lanak hartzen dituen arloa, bereziki landu eta zabaldu zen instituzioaren nortasun arauemaileak non ihardunik eduki ez zuen garaian. Ordea, Jagon sailak, euskara garbiaren bidean euskara gaizto guztien arriskuak non dauden adieraziko digun zaingoak, bere onenak ezagutu ditu euskarak eremu ofizial batzuk lortu dituen honetan. (...) Beldurrik gabe esan genezake, ikerlaria baino jagolea dela, oro har, egungo euskaltzaina, euskal hizkuntzaren zientzilaria baino euskal hizkuntzaren ertzaina, alegia. (...) Erakunde apolitikoa da Euskaltzaindia. Bitxia da benetan, zein adoretsu saiatu den unean uneko agintarien onarpen, ezagumendu eta babesa bilatzen, baina 'errege akademia' da eta hainbat euskaltzainen fobia politiko-ideologikoak instituzionalizatzera ere iritsi da. Bitxia benetan. Mintzaira normalizatuan ari diren herriak lasai asko bizi dira hizkuntza akademiei jaramon egin gabe, eta horrelako zerbait dutenean, ez da haientzat trufa eta iseka falta. Euskarak denen beharra du. Ez, barkatu, euskaldunok ez dugu poliziaren beharrik, hizkuntzaren 'txukuntasunaz' arduratuko den euskaltzantza bada ere."


"SAUTRELA" LITERATUR SAIOA BERRIRO ANTENAN

Hasier Etxeberriaren eskutik, eta Bernardo Atxaga aholkulari lanetan, saio kultural hau larunbatetara itzultzen da ETB-1n. Orio Ekoiztetxearen lan hau orain Miramonen grabatuko da, eta dekoratu eta estiloa arinduko dira, baina funtsean bere egitura mantenduko du, erreportaje sakonekin, gonbidatuekin eta liburuen aipuekin.


POLITIKA PIL-PILEAN, JENDEA PANTAILARI SO

Debate politikoak telebistan ematea aspergarria ei da oso, baina gauzak dauden bezala egonik, euskal herritarrok biziki jarraitu genuen zentsura-mozioen eztabaida ETBn. Arratsaldean 800.000 ikuslera heldu zen audientzia eta tarteka programarik ikusiena izan zen. Zenbait albistegiren laburpen "informatiboak" baino osasuntsuagoa


ZIENTZIA DOKUMENTAL BERRIAK TVE-2N

Urriaren 8tik aurrera TVE-2k martxan jarri dituen 13 zientzia-ataletan zazpi nobel saridunek hartuko dute parte. Unibertsoaren sorreran hasi, zahartzaroan segitu eta klonazioan amaituz, "2.Mil" seriea gizakiok geure buruari egiten dizkiogun hainbat galderari erantzunak ematen saiatuko da, igandero 21:05etan.

Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiak 27 lantegi anitz abiatuko ditu. Esaterako, antzerki, masaje eta Internet ikastaroetan parte hartu ahal izango dute ikasleek klase orduan astean bitan. Hala, euskaraz bizitzeko eta harremanak izateko aukera izango dute, eta, gainera kaleko jendeak ere esku hartuko du.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan