Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-10-22 -- 1780.zenb

Nafarroa Oinez 2000

1984AN, AZKEN ARRASTOA

Jon Torner / Erlantz Urtasun

Zizur Txikiko euskara zaharraren azken txingarrak duela guti itzali dira, jadanik ikastolako lili berriak loratzen hasiak zirelarik. Milurtetako katean eginiko ehun urteko eten eskasa deuseztu da.

Erdaraz idatziriko paper zahar administratiboetan "Cizur Menor" eta "Cizur de Juso" desitxuratuak agertzen bazaizkigu ere, toponimia txikian kausitzen ahal diren "Zizur txiki bidea" moduko toki izenek San Fermin Ikastolako herriaren izena guziz euskalduna dela ziurtatzen digute. Eta are gehiago, datu zehatzen arabera Iruņeko hegoaldeko mugan den inguru hartan euskal elebakartasun funtzionala nagusi zen Zumalakarregiren garaia arte (1835), hots, ez da harritzekoa nafar ikastolarik sendoena, euskal arragoa, bertan izaitea.
Zizur Txikia "Zizur" izeneko "zendea" ("ehunzendea", haran, ibar), eskualde historikoan kokaturik dago, bere ahizpa den Zizur Nagusitik hurbil. Hau da, Iruņeko itzalpean bizi den eta hirixka nahiz herri tipi anitzez osaturiko lurraldetxoan eraikirik dago, bertzeak bertze, Azterain, Saguets, Gazolatz, Zarikiegi, Gendulain, Undio edota Eultza hagitz herri ederrez lagundurik.
Paskual Madotz geografo iruinsemearen arabera dozena bat etxe zuen 1845. urte aldean. Halaber, herri honi dagozkion agirietan honako etxe izenak jaso ahal izan dira (Jimeno Jurio, 1986): Garatekoetxea (1402); Elizaldekoa (1586); Antsoainenekoa eta Gartxotena (1587); Antxoritzena, Arrietarena, Elkartearrarena eta Larratzekoa (1723); Arana eta San Martinena (1765); Elizondoa, Etxeberrikoa, Nagorerena, Nikolarena, Ordenakoa, Zabaltzarena eta Zokokoa (1837); Nonekua (Caro Baroja zenak aipaturik, 1982). 1865ean hasi ziren, haatik, ordurarteko paper ofizialetako euskal etxe izenak erdalduntzen eskualdean, une horietan zerrenda elebidunak osatuz (Azterainen kasu).
Etxe izen hauek ikusirik, Zizurko zendean ama hizkuntz historikoa euskara izan dela garbi dago, doike. Ezin dugu ahantzi, ildo beretik, eliza katolikoaren egituretarik bertan aritzen ziren apaizei mendez mende sermoiak euskaraz egiteko agintzen ohi zitzaiela. Medikuntzan ere honelako oinatzak, lorratzak aztertzen ahal dira, Zizurko sendagilea zen Francisco Lakabe zangozarraren testigantza lekuko, bertakoen hizkuntza euskara zela 1858an idatzi baitzuen.
Handik urte gutirat, Luis Luziano Bonaparte printzearen maparen bidez (1863) bertakoen artean euskara bizirik zela frogatzen ahal da, Erriberatik Aezkoaraino hedatzen zen Iruņeko nafar euskalkiaz baliatzen baitziren. Napoleonen ilobaren lana dela eta, badirudi Zizurko euskara Iruņekoaren baitan bereizi zuela, aparteko nortasunaz janztaraziz. Zizurren euskarak gozatzen zituen bitxikeria horietaz, halere, ez dago datu handirik (Pedro Irizar, 1992). Ongi miatuz gero, baina, 1557ko ezkontza batean (Jose Maria Satrustegi, 1977) honelako aditz formak azaltzen dira: naiz, zare, nauzu, zaitut, duzu, du, drauzut/draudazut (dizut). Era berean, eta XVII. mendeko testu bat aztertzerakoan (Juan Beriain, 1621), hauek dira islatzen direnak: zara/zarade, gada/garade, ninza (nintzen), gina, zina, zinate (zineten), zaizue, zazkit, zizayon, zizaigun, zizaizkion, nauzu, nau, zinduze (zenituen), ginduze (genituen), zinduste (zizuen).
Jose Maria Jimeno Jurio ikertzaileak herriko azken euskaldun zaharrez idatzi duela ezin ahantzi: "Faustino Erro Zabaltza 1865eko otsailaren 15ean jaio zen. Aita Zizurkoa zuen, Manuel Erro Irurtzun, eta ama ondoko Muru-Azteraingoa, Balbina Zabaltza Agorreta. Bada, Faustino, euskalduna, 1943an hil zen eta bere semea Francisco Erro Galar jaunak, 1984. urtean, gauza anitz ulertzen zuen oraindik".

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan