XOSEPE VEGA, FACENDERA POLA LLINGUAKO LEHENDAKARIA
Leoneraren aldeko mugimendua berriagoa eta ahulagoa da, hiztunak ere gutxiago baitira eta diglosia nabarmen handiagoa Gaztelako eta Leon bertako sektore batzuen aurrean. 80ko hamarkadako elkarteen bilgune, Facendera pola Llingua. Conceyu de Falantes de Llionés 1994an sortu zen Leon hiriburuan. Oraintsu Zamora probintziako adarra sortu dute, Zamoranos pola Llingua.
Hizkuntza osotasunean ikusita, Leongoak dirudi egoera larriena. Bertan beharrean diharduzuenok zelan laburbiltzen duzue egungo unea leonerarentzat? Oso atzeratuta gabiltza kontu gehienetan hemen. Asturiesen tradizio handikoa da hizkuntza borroka. Leonen berriz 80ko hamarkadan sortu zen, hau da, gaur egun, Asturiesen 70eko hamarkadan edo Euskal Herrian mende hasieran-edo nik dakit ba noiz bezala gaude. 80ko hamarkada hartan Eva Gonzalez idazlea izan zen aitzindaria. Egun oso zaharra da eta ezin du idatzi, baina oso garrantzitsua izan da.
Oso urte gutxi dira eta orduan elkarte asko sortu eta desegin egin dira. Gure artean urrats guztiak oso txikiak dira baina aspaldion egindako handienetakoa Institutu d'Estudiu Llioneses sortzea izan da, elkarte guztien erreferentziazko erakundea izango dena.
Madrilgo eta Gaztela-Leongo erakundeei eta udalei begira zein itxaropen eta borroka daukazue? Zein da alderdi politikoen jarrera? Orain garrantzitsuena udal mailako politikak garatzea da. Neurri dibulgatiboak bakarrik garatu dira oraindik. Llacianako eskualdeak garrantzi handia dauka hor, Cabreira eta Villablina bezalako udalerriek, han sortu ziren lehen neurri bultzatzaileak, seinalazioan, ikastaroetan... egitasmo batzuk badaude eta hango udalek badute nolabaiteko ardura. Edozelan, egoera historiaurrekoa da, kontzientziazioa, mentalizazioa eta antzekoak dira oraindik gure arteko berbak. Transmisioa bera ez dago ezelan ere bermatuta. Urte gehiegitan arloteen hizkuntzatzat hartu izan da, eta prestigiozko baloreak emateko udalen ekimena garrantzitsua da.
Hortik gora, hizkuntzaren aldeko defentsa oro maniobra politikotzat hartzen da Leonen eta ondorioz ez dago ezelango hizkuntza politikarik. PSOE zabalxeagoa da eta PP guztiz aurka dago. UPL -Leongo Herriaren Batasuna- fenomenoa dago gainera hemen. Indar handia hartu du azken urteetan, baina anbiguitate handiko jarrera dauka, kolektibo batzuek defendatu egiten dute eta beste batzuk aurka daude. Beraz, leonesismoari izua diote, eta hizkuntza izan ere badenik ez da onartzen. Halandaze ezin da hiztun kopuru ofizialik izan.
Zelan daude leoneraren transmisioa eta irakaskuntza? Hiri handietan badaude hiztun berriak baina zaharrak galtzen ari dira. Mintzo den eskualdeetan transmisioa ia etenda dago, eta haurrek hizkuntzari eutsi dieten eskualdeetatik irten behar dute Bigarren Hezkuntza egiteko. Unibertsitatean ere egurra dago. Filologia Hispanikoko saila oso itxia da, erabat aurka dauden filologo gaztelarrak dira, Uvieuko unibertsitatean Filologia Asturiarra sor ez zedin lortu dutenak. Hizkuntza sekula existitu ez dela diote, gaztelaniaren dialektoa dela, eta indar handia daukate. Hala ere, errektore berriak erronka hartuko duela uste dugu, ez baita ahaztu behar ikasleen artean erabateko gehiengoa lortu zuela Conceyu Xoven gazte talde leonesistak, eta indar eginez gero...
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.