HIRU PROTAGONISTA, HIRU ARAZO
Mikel Aramendi
Hiru protagonista kolektibo nagusi ditu gure politikagintzak egun. Bitan bilbatuta geratu behar zutela ematen zuen Lizarra-Garaziko Akordioa eta ETAren treguaren ondoren; baina iazko azaroaz geroztik, triangelu bat antolatu da. Batzuk benetan ahalegintzen ari diren arren, ez dirudi 97ra arte hamar urtez izan genuen eredu bipolar desorekatura itzuliko garenik; besteak beste, bere barne kontraizan eragilez egin zuelako porrot eskema hark. Epe laburrera, bestalde, deskartagarria dirudi baita ere askok Euskal Herriaren etorkizunerako desiragarri iritzi dioten "lau hankako mahaia" -bi indar abertzale, bi espainolista; bi eskuindar, bi ezkertiar- eratu daitekeenik.
Esan gabe doa egungo hiru protagonista horiek Espainiako aginte politikoa -PPko gobernua buruzagi duela-, ezker abertzalea -ETAren zuzendaritzapean, fun-tsean- eta Gasteizko gobernukide diren bi alderdi abertzaleak -EAJren aitzindaritzapean- direla. Luze joango litzateke elkarren arteko indar harremanak, gatazkak, konbergentziak eta gainerakoak zehaztasun pittin batez aztertzea; edota bakoitzak darabiltzan irizpide estrategikoak, taktikak eta abar argitzea. Aski bedi azpimarratzea erabakimena oso pertsona gutxirengan dagoela esparru horietako bakoitzean (bestelako kontua da gero estrategia horien garapen eta sozializazioan parte hartzen duen jendetza, askoz ugariagoa), eta iruditzen zaidala hiruretako estratega bakan horiek, errealismo/boluntarismo maila ezberdinekin, ez dutela nork bere garaipena deskartatu. Eta garaipen horrek, funtsean, aurkarien -beste bien- menderakuntza suposatzen duela, kasu bakoitzean. Gure historia garaikideak ukatzen duena.
HIRUKOTE horretako edozeinetan kokatzen ez garenok, edo behintzat batere gustura ez gaudenok, arrazoi eta haserre potoloak edukiko ditugu golkoan, baina gertakarien ildo nagusiak baldintzatzeko ahalmen oso eskasa daukagu. Eta egitate hori aintzakotzat hartzea da, seguru asko, geure buruari egin diezaiokegun mesede nagusia. Ondorengoa izan daiteke politikagintzaren hiru protagonista horien mugapen nagusiak ere aintzakotzat hartzea. 98az geroztik ikusi dudana hausnartuz, esango nuke bakoitzak bere buruaz segurutzat, egintzat, ebidentetzat jotzen duena dela, hain zuzen, korapilotsuena, nekosoena, eragozpenik handiena.
ETAk dio bere plataforma politikoa gauzatu ezkero, "Alternatiba Demokratikoa" deitua funtsean, erakunde armatuaren desagerpen efektiboa berezkoa eta automatikoa izango litzatekeela. Fededun kaskarra naizenez edozertan, ezetz uste dut. 40 urteko historia agindu batez amai daitekeela sinestea ezinezkoa egiten zait, edozein erakunde armatu klandestinoren desaktibatzea, arazo oso zail eta konplexua izaten dela argi eta garbi erakusten didalako historiak. Eta euskaldunok ez gara horren espezialak. Jarraitzeko arrazoiak noraino heltzen diren eta amaitzearen zailtasunak non hasten diren jakitea komeni litzaiguke, beraz.
EAJ eta EA alderdi abertzale moderatuen betidaniko diskurtsoa izan da, metodo armatuak baztertu ezkero, ezker abertzalearekin independentziaren bidean abia-tzeko eragozpenik ez luketela. Gehiegitxo da nire sinesmenerako. Onar dezaket, salbuespenak salbuespen, bi alderdi horietako gehien-gehiengoaren xede politikoa Euskadi independientea lor-tzea dela; baina, uste dut, ezker abertzalearekiko metodo ezadostasunak (utz ditzagun oraingoz helburuak) biolentziaren erabilpenari buruzkoak baino askoz zabalagoak direla. Demagun, egungo instituzioen garrantzia eta betekizunari buruz oso ikuspegi kontrajarriak daude, tregua garaian ikusi dugunez. Komeni litzaiguke gauzak argiago, eta osoago, aurkeztuko balitzaizkiguke.
Eta zer esan Madrilgo botereari buruz? Tirorik gabe zernahi litzatekeela zilegi zioen leloa uste dut oso leku txarrean geratu dela azkenaldian. Edozertaz hitz egin ahal izatea eta hura lortzearen artean dagoen alde handia azpimarratu beharrik ere ez dagoenez, komeni litzateke mahai gainera-tzea zergatik Euskal Herritik, edo beste edonondik, egin daitezkeen subiranotasun demanden aurrean Estatu espainolak horren jarrera ezkorra, egoskorra eta erasokorra har-tzen duen beti. Beraiek, edo aurkariek, argi eta garbi irabazi ezean, hori ere eztabaidatu eta aldatu beharko delako.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.