EZ, ETA EZ GAUDE KONFORME IRAKASLEEK
M¬ Isabel Aldasoro, 1970-X-11
Baina konforme gauden puntu batetik hasiko gaituzu: "Diplomazi ezti eta gozoko denborak joan ziren". (...) "Hori adiskidetasuna, hori demokrazia" bi esaera hauek dela bide, hona gure erantzuna: Nor da nor demokraziaz hitzegiteko? Lehenik, eskerrak ematerakoan inor ez ahaztea izango zen adiskidetasuna. Loiolako kurtsilloen prantaketan gogotik lan eginiñiko andereñoak ba ziren, eta zer esanik ez ikastaldi barruan. Buru-belarri besteek konpondu gabe uzten zituzten zuloak hornitzen ibili arren, ez dute idatziz, ez hitzezko, eskerrik hartu. Edo beste honako hau izan al daiteke? Titulo ofizial bat agindu zitzaien igaz andereñoei. Inola ere ez daukagu titulo baten baitan gure eginkizuna, baina giroak bultzatzen gaituenez, joan ginen horren bila ere, bai. Igaz ez zuen ofizialtasunik; aurten are gutxiago, "euskeraz" idatzirik izanagatik. (...) Edo-eta hirugarren hau izango da. Lehengo urteko ikastaldiaren ondoan, eztabaida bat izanik gure artean, Lasa jaunak, zuzendari bezala, kontuak eta kursilloko informazio sakon bat azalduko zeuzkigula hitzeman zeukun. Baina... ez zen horrelakorik gertatu. Aurtengoan, berriz, matrikula eta ostatu, bi mila eta bostehun pezeta dauzkigute. Garbi geldi dedin diogu: halere, beti eta une oro diru hau ordaintzeko prest egon ginela guztiok. Zera izan zen kezka bakarra gure baitan, alegia, aurreko ikastaroa (uztailean Loiolan bertan irakasleok organizaturik izan zena) zortzi eguneko ikastaroa, zortzirehun eta berrogei eta hamar gostatu zen guztira; orain berriz, hamabi egun izanik, nola zitekean alde hori? Eta garbi geldi dedin diogu, diru hori zertan eralgi behar zen azal zezaigutela eskatu genuen. Hori bakarrik! Azkeneko eguneraino zain eduki gintuzten, eta azkenean, EZ! esan zitzaigun, ez genuela hori eskatzeko eskubiderik. (...) Gauza bat ere ahaztu zaizu, Lasa jauna, eta hau garbi esan zitzaizun, dirua ordaindu zutela; alegia, ez zutela berentzat gorde andereñoek. Zuen eskuetara ez baldin bazen heldu, ba dakizu zergatia: eskatzen ez genuen azalpena eman ez zenigutelako. (...)
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.