BIDE BERRI BATEN AITZINDARIA
"Ingura Mingura" ikuskizuna hazia eta fruitua da aldi berean. Fruitua da, Maritzuli izeneko konpainia batek ereindako haziaren emaitza delako. Maritzuli dantza eskola ekimen berri, indartsu eta adoretsua da. Dantza eskola bat da, baina orain arte ezagutzen denarekin alderatuz, nahiko ezohikoa. Eskolaren helburu nagusia dantzari tradizionalaren esparrua zabaltzea da; dantzariak ikuspegi zabalagoa izatea nahi du. Beste dantza estiloak, atzerriko kulturak... Ezagutzaren bidez aberastea da xedea. Horretarako, euskal dantza tradizionalaz gain, bertan jarduten diren laurogei ikasleek teknika klasikoa, dantza garaikidea eta antzerki eskolak ere jasotzen dituzte. Apustu berri bat da, aitzindari izan nahi duena, eta zalantzarik gabe eskaintza berri zein interesgarria egiten duena.
Lehenengo fruitua umotzen doan heinean, ordea, fruitu berriak sortzen joango dira. "Ingura Mingura"k dantzari-partehartzaile gazteengan ilusioa piztu du, eta datorren urtean beste hainbat eduki landuko dute eskolatan. Haurrentzako eskolak ere ematea erabaki dute Maritzulin datorren urterako.
Izan ere, dantzari zein ikuslearentzat bide interesgarri bat jorratzen du. Euskal dantza tradizionaletik abiatuta bide berri bat sortu nahian dabil, eta bizi ditugun garaietan arrakastatsua gerta liteke hori. Berrikuntzen zaleentzat bada zerbait eta tradizionalistenentzat ere onargarria izan daiteke. Bide-laburrean bide zabal eta berria eraiki dezake Maritzulik
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.