Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-01 16:35:12
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-09-24 -- 1776.zenb

ARGAZKIGINTZA

MENDEAREN BEGIA

Nagore Irazustabarrena

Azken mendeko fotokazetaritzak eman dituen emaitza esanguratsuez bete dituzte Donostiako Boulevard 1 erakustokiko hiru solairuak. Kutxa eta EHIGEren eskutik eta urriaren lehena bitarte, argazkiz argazki ehun urteko ibilbidea egiteko parada izango du bisitariak.

Duela bi urte, 1900etik 1935era bitarteko argazkiak izan ziren. Iaz, berriz, 1936-1970 arteko irudien txanda izan zen. Orain aurreko bi erakusketetan bildutakoei azken 30 urteko argazkiak erantsi eta "Fotokazetaritzaren mende oso bat" bildu dute duela hilabete gutxi Kutxak Donostiako Boulevardean zabaldu zuen areto berrian. Egungo nahiz iraganeko kazetari grafikoen 466 lan dira ikusgai orotara.
Argazkiez gain, garai ezberdinetako argazki kamarak eta hainbat egunkari eta aldizkari paratu dituzte bisitariak kontsulta ditzan. "Ilustration" aldizkari frantsesaren kasuan, Gerra Zibilak eztanda egin zueneko alea dago ikusgai; barruan, besteak beste, Irungo mugan jende andana korrika ihes egiten erakusten duen argazki ikusgarria dago. Carrero Blancok zuzentzen zuen "Mundo" aldizkariko 1945.eko zenbakiarekin batera, "Arriba" eta "Vértice" falangisten ale bana jaso dute. Alemania nazitik etorritako "Signal" ere hor dago. Bertako argitalpenik ere ez da falta: "Ere", "Zeruko Argia", "Euskadi sioux", "Garaia", "Punto y Hora"...
Argazki gehienak Kutxaren Fototekako fondoetatik atera dituzte Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko (EHIGE) kideek. Gehienak diogu, hirugarren eta azken ataleko argazki batzuk EHIGEko kideek beraiek egindakoak direlako.

Errepublika, atalez atal. Goiko aretora jo eta bisitariak mende hasieratik Gerra Zibilera bitarteko irudiak izango ditu ikusgai. Gaika daude ordenaturik eta kirol irudi bitxiak paratu dituzte sarrera gisa: auto lasterketak Lasarteko zirkuitoan, txirrindulari probak Donostiako Boulevardean. Politika atalak garbi uzten du Errepublikako protagonistek Euskal Herrira egindako bisitaldietan bertako argazkilariak adi egoten zirela. Eta ez soilik politikariak hurbiltzen zirenean, pertsonaia famatu mordoa izan baitzen urte horietan Kontxako pasealekuan edo Iruñeko zezen plazan erretratatua. Uholde, istripu eta bestelakoek ere ez zieten gerra aurreko argazkilarien kamarei ihes egin.

Gerra eta ondorenak. Erakusketaren bigarren zatiari Eusko Jaurlaritzaren eta Agirre lehendakariaren irudiek ematen diete hasiera. Bitxikeria gisa, lehenengo Ertzaintzako kide "motorizatuen" irudi bat ere badago. Baina berehala dator gerra: Ormaiztegiko zubi suntsitua, Durangoko eliza atari bonbardatua eta, nola ez, Gernika.
Diktadura garaietan militarrak, elizgizonak, prozesioak... sarritan ageri dira argazkietan, protagonistek maiz eskua ondo gora dutela, badaezpada. Bisitariak Himmler Gestapoko burua ikus dezake Irungo geltokian edo Manuel Fraga gaztea Donostiako gazteluan.

Trantsiziotik hona. 70eko hamarkadako argazkietan Felipe Gonzalez, Txiki Benegas, Mario Onaindia... gazte ageri dira. Mayor Orejari ez zaio oraindik bizarra urdindu eta Odon Elorzak ilea du buruan.
Euskal kulturaren pizkundearen isla modura, Gaur taldeko kideen argazkiak ipini dituzte. Reala eta Athletic-eko jokalariak zelaira ikurriñarekin atera zireneko argazki ezaguna ere bertan da, Kursaal zaharra bota zutenekoa bezalaxe. Usurbilgo Sagardo Eguna, Ordiziako Feria, Donostiako Euskal Jaiak... ospakizunen argazkirik ez da falta, ezta bertsolaritzaren ingurukorik ere (Amurizak, oraindik bizarrik gabe, lehen txapela irabazi zuenekoa, kasu).
Politikaren esparruan, Txomin Iturbe atxilotu zutenekoa, Juan Carlos erregearen edota Aita Santuaren bisitaldia, Leitzarango autobiaren inaugurazioa, Lizarrako akordioa, Ardanza eta Ibarretxe lehendakariak... horien guztien irudiak daude ikusgai.
Everesteko hainbat euskal espedizio, Moneoren kuboak, Orfeoiaren mendeurrena,Irun eta Hondarribiako alardeak, Donostiako Zinemaldia, Indurain eta Olano Donostiako Alderdi Ederren... Amaitu da mendearen errepasoa eta Santa Agedako ospitale psikiatrikoko bi irudi ageri dira erremate gisa. Azken ehun urteko eromena islatzeko asmoz, agian .

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan