DISKOA
ARIMA BELTZA
Arima Beltza
TIOBIBO RECORDS
6 kanta
1.675 pezeta
67 libera
FUNKY&BLUESBluesak bakarrik adieraz dezakeen barne mina eta bizipoza euskaraz entzuteko aukera paregabea eskaintzen digu "Arima beltza"k, Jon Gurrutxagaren ahotsak eta bateriak, Lander Trinidaden gitarra erritmikoak, Aitor Badiolaren bakarkako gitarrak, Iñigo Araujoren baxuak eta Joseba Alonsoren ahoko soinuak osatzen duten boskoteak. Ezberdintasunik badu, beraz, orain arte entzuten ohituta geunden bluesarekin, baina soil-soilik euskara delako lurralde ahaztuen miseri gorriaren mende bizi direnen garrasia maisuki trasmititzen duen doinuaren laguntzailea. Dena den, bluesa oinarri hartzen badu ere, rocka, funkya eta soula bezalako estilo ezberdinak nahasten ditu baita ere talde elgoibartarrak, bi kanta instrumental eta lau abestuak biltzen dituen CDan.
ARROTZA
Albert Camus
HIRIA
141 orrialde
1.650 pezeta
66 libera
ARTALDEKOA EZ DEN ARDIA
Xabier Galarretak euskaratu du Hiria argitaletxeak berriki kaleratu duen Albert Camus-en "Arrotza" nobela. Haatik, lehen ere euskaratua izan zen, 1970ean Herri-Gogoak eta 1987an Kriseiluk argitara eman baitzuten Jose Maria Agirre Eskisabelen itzulpena. Dena dela, Camus-en jatorrizko idazlana 1942an argitaratu zen, bigarren mundu gerraren triskantzak gori-gorian zeudenean. Bestalde, garai hartan Aljeriak Estatu frantziarreko kolonia izaten jarraitzen zuen, eta Albert Camus Aljerian bizi ziren frantziarretako bat zen... Bere nobela honetako protagonista bezala. Ama galtzea egokitu zaion gizaseme arrunta dugu. Edo ez hain arrunta, besteen aburuz. Eta hor ditu itaunka: maite al zezakeen ama, zaharren egoitza batean sartu eta haren adinik ere ez zekien semeak? Axola gutxi, gazteari. Bera, berera. Parisen baino gusturago bizi da Aljerian... bertako magrebiarrak arrotz zaizkion arren. Haientzat bera arrotz den bezainbat, gutxienez. Eta zer? dio bere artean. Baina bere izaera horrekin ez du aterako atarramendu onik.
CON EL VIENTO EN CONTRA
Patxi Iturregi
HIRU, 2000
191 orrialde
1.350 pezeta
54 libera
ITSASO HANDIARI BEGIRA
Haize kontra" du jatorrizko izenburua Patxi Iturregiren ipuin bilduma honek, itsasoa atze-oihal gisa duten bederatzi narrazio labur eskaintzen digun "Con el viento en contra"k, esan nahi da. Idoia Santamariak eta egileak berak gazteleratu dute. Urte asko pasa zituen Patxi Iturregik itsas zabalean lan eginez, nabigatzeaz aspertu, pilotu izateari utzi eta idazten hasi zen arte. Baina, orduan, bere itsaso propioa aurkitu nahi izan zuen, eta bidaia berri bat egiteari ekin zion. Oraingoan ere, oroitzapenak eta bete ez diren desirak bezalako uhin beldurgarriak topatu zituen, eta gertaera bitxi edo arriskutsuekiko malenkoniaren esku sentitu zen. Hala ere, azkenean, gizon-emakumeen bihotzez eta gogoz beteriko itsaso amestuarekin aurkitu zen. Eta horren guztiaren isla da "Haize kontra".
LA ESTELA DE LOS AHOGADOS
Edorta Jimenez
HIRU, 2000
167 orrialde
1.350 pezeta
54 libera
HISTORIA ETA KONDAIRAREN ARTEAN
Edorta Jimenezek "Urdaibaiko ipuin eta kondairak" liburuan bildu zituen hainbat ipuinez eta bestez osaturik dago orain Hiruk aurkezten duen "La estela de los ahogados". Bego Montoriok gazteleratu ditu bertan agertzen diren hamalau kontakizunak. Egitura eta mamiz oso ezberdinak dira guztiak, Jimenezen lanean maizen aurkitu ahal diren gai eta kezken adierazgarri. Itsasoa dute elkarren arteko lotura funtsezkoena, baina zenbaitetan leienda ukitua nabaritzen den bitartean -galtzadarrien azpian hondartza zegoela aldarrikatzen zuen iturginari gertatutakoa kontatzen duena, kasu-, beste batzuek oinarri historikoa dute, 36ko gerraren azken urteetan eta gerra ondorengo garaietan kokaturik daudenak: "Epopeiak", "Nemrod" edo "Nabarra bouaren azken orduak" bezalakoez ari gara.
MEDIATIKA
Jose Ignacio Aranes Usandizagak zuzendua
EUSKO IKASKUNTZA
278 orrialde
2.300 pezeta
94 libera
KOMUNIKAZIOA IKERGAI
Komunikazioa du ikergaitzat Eusko Ikaskuntzak argitaratzen duen "Mediatika" aldizkariaren azken aleak. Bertan, besteak beste, Mercedes del Hoyok hastapeneko euskal kazetak aztertzen ditu, Joxemari Muxikak gaztelaniaz idatzitako prentsaren zabalkundea Euskal Herrian, Edorta Aranak informazioaren homogeneizaioa telebistan, M. José Cantalapiedrak iturriak kazetaritzan, Ingo Niebelek multimedia teknologia kazetari eta historiagileentzako tresna gisa, Manuel Hierrok komunikazioaren eta identitatearen bilaketa, eta Carmelo Landa Montenegrok komunikazioaren gaineko doktoradutza tesiak. Bigarren blokean, komunikazio-esperientzia berriak daude aztergai. Eta bestenaz aurki daitezkeen sailen artean, ezin aipatu gabe utzi "Cara a cara" deritzana.