Arturoren kaiera
UDAL EUSKALTEGIEN KANPAINA
Euskal Autonomia Erkidegoko udal euskaltegiek matrikulazio kanpaina abiatu dute "Udal Euskaltegiak. Jokaldirik onena!" lelopean. Ohiko ikastaroez gain, aurtengoan multimedia eta bakarka ikasteko programak eskainiko dituzte, ikaslearen erritmora gehiago egokitzeko asmoz. Halaber, aurrerantzean euskaltegi bakoitzak bere curriculum proiektua prestatu beharko du eta hiru urteko epea izango du horretarako.
TOKI ENTITATEETAN EUSKARA BIZIBERRITUZ
Toki entitateetan hizkuntza norrmalizatzeko toki zerbitzuak hedatzea eta euskara biziberritzeko lan ildoak sendotzea helburu duen laguntza deialdia egin du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Udal eta bestelako toki entitateei zuzendutako laguntzak 100 milioi pezetako (4 milioi libera) aurrekontua dute eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 28an amaitzen da.
"BAI EUSKARARI" MARTXAN IPARRALDEAN
"Bai euskarari" akordioa izenpetu zuten Ipar Euskal Herriko gizarte eragileek plan estrategikoaren bigarren fasea abiatu dute irailean. Helburu eta ildo estrategikoak definitzen aritu dira egunotan, gogoeta bilkuren bigarren faseari amaiera emateko. Azken fasea urri bukaeran hasteko asmoa dute eta orduan bilduko dira berriz gizarte eragileak ekintza konkretuak proposatzeko.
FILM GEHIAGO EUSKARAZ ZINEMALDIAN
Sei pelikula emango dituzte euskaraz bikoiztuta Zinemaldian, iaz baino lau gehiago. Horrietako bi haurrei zuzenduak daude: "Asterix et Obelix contre Cesar" eta "The Little Vampire". Azken film hori zinema komertzialetan estreinatzen denean, euskaraz eta gaztelaniaz ikusi ahal izango da Zinemaldiko kopiari esker.
Aurpegia
Izaskun Iturriagaetxebarri. Bizkaia Irratiko "Kantuka eta Kontuka" saioan esatari
guztia irakurri
Bagak
Radio Euskadiren goizeko saio nagusia esatari berriekin itzuliko da, Oscar Perez, Pedro Garcia Larragan eta Almudena Cachoren eskutik. Eguneko albisteentzako lekuaz gain hiru gonbidatu finkok berriotaz bere iritzia emango du, eta orain arteko jende ezagunari, pertsona berriak hurbilduko zaizkio, hala nola, Joaquin Navarro epailea, Kepa Landa abokatua, edota Gorka Espiau Elkarriko bozeramalea. Gainera, gai batean sakontzeko egunero gonbidatu batekin ordu erdiko elkarrizketa izanen da. Roberto Moso eta Iñaki Calvo kazetariek ere saioan beren lekua izango dute, besteak beste.
EZPALAK
DIRULAGUNTZEN KEXU
GUZTIRA, gehienez, 14.500.000 pezetako dirulaguntza eskainiko du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskal bibliografia ekoizpena nazioartean sustatzeko. Hori zioen abuztuaren 17tik aurrera eraginkorra den aginduak. Helburu hori lortzeko hiru alderdi hartzen zituen kontuan: batetik, EAEn jaio edo bertan helbideratuta dauden idazleen euskaraz zein gaztelaniaz sortutako jatorrizko lanak beste hizkuntza batzuetara itzultzea; elkarte profesionalek nazioarteko azoketan parte hartzea; eta euskal literatura EAEtik at hedatzeko jarduerak martxan jartzea. Hainbat idazle eta editore kexu agertu ziren ordea, agindu honek itzulpenetarako diru laguntza murritza aurreikusten zuelako eta EAEko literaturara mugatzen zelako. Konponbidea aurkitzeko hilaren 15ean bildu ziren Euskal Idazleen Elkarteko kideak eta Kultura Sailekoak Donostian. Bileraren ondorioz, igandean amaitzen zen eskabideak aurkezteko epea luzatzea hitzartu zuten eta Kultura Sailak laguntzak banatzeko garaian, euskararen lurraldeko egileak izango zituela kontuan, eta ez soilik EAEn jaio edo bizi direnak.
GARAI BATEKO ESKOLARI BURUZ
MAPAK, jostorratz lanak, laminak, jostailuak, uniformeak, argazkiak, diplomak, liburuak eta beste hainbat tresna bildu da Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prestatutako erakusketa ibiltarian. "Eskola 1936-1955" izena daraman erakusketak Euskal Herriko eskolari buruzko oroigarri ugari biltzen du. Urriaren 3a bitartean izango da Leioan ikusgai, eta ondoren, Bermeo eta Portugaletera abiatuko da. Orain bi urte sortu zen egitasmo honek Eskola Museo bat eratzea du xede.
EUSKAL IKUS ENTZUNAK HEDATZEN
IRAILAREN 14an ezagutzera eman zuten EITBk eta Ibaiak (Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Ekoizle Independienteen Elkarteak) adostutako hitzarmena. Ondorioz, 4.500 milioi pezeta inbertituko ditu hurrengo hiru urteetan EITBk euskal ikus-entzunezkoen ekoizpenak sustatzeko. Horrez gain, akordioaren bidez koprodukzioak bultzatuko dituzte eta honek etxean ekoiztutako lanak kanpora zabaltzea ekarriko du. Hilaren 27an Donostiako Zinemaldian Ibaiak eta EITBk antolatuko duten "Euskal Zinearen Eguna" izango da lehen pausoa.
GAZTEAK ANTZERKIRA
HILAREN 30ean hasiko da Gasteizko XXV. Antzerki Jaialdia. Aurtengoan Els Comediants, Némore, Els Joglars, La Tentación eta Tricicle taldeak izango dira bertan. Edizio honek bereziki ikusle gaztea erakarri nahi du.
ESKOLAK MUSEOAN
HISTORIAURREA eta Etnografia museoa dago martxan Eskoriatzan uztailetik. Eskualdeko arkeologia eta etnografia jorratzeaz gain, haurrek historiaurreko leizeetako margoak eta aizkora txikiak egiten ikasteko eskolak eskaintzen dira.
HITZ BITAN
Luis Fernandezen hitzak dira hauek "Gara"n esanak: "Bertsoa ahozko euskerearen adierazgarria zana pentsatzen genduanok oker gengozan (...). Behintzat euskera publikoa espero geinkean bertsoarengandik, eta ezta hori bere ez. Bertsolari gipuzkoarrak ez daukee problemarik gipuzkera sano eta normal batean kantatzeko, eta ez jako inori estrainatzen, baina bizkaieraz bertsorik entzutea beste munduko gauzea bihurtu jaku".
Ibon Sarasolak honakoa zioen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Zientzialariak hizkuntza elitista ari dira sortzen. Espainola inposatzen dute teutonizazioa aitzakia".
Luzien Etxezaharretak Iparraldeko literaturari buruz hausnartu zuen "Euskonews & Media"n: "Egungo Iparraldeko literatura oso lotua da Hegoaldeari. Gaur egun ez da erraten ahal Ipar Euskal Herriko literatura, baizik eta 'euskal literatura' bere orokortasunean".
Idazle eta editoreek argitaratutako agiriak honela zioen Jaurlaritzak agindutako dirulaguntzen inguruan: "Laguntza hauek ez dute hartzen ez euskal literatura bere osotasunean ez euskal idazle guztion lanak, baizik eta 'EAEn jaio edo bertan helbideratuta dauden idazleena'".
Ikatza
"Jai berri" pilotari buruzko egunkariari begiratua eman diogu eta gaztelania hutsez aurkitu ditugu orrialde guztiak. Herrialde ezberdinetako pilota partiduen berri eman dute bertan, baina bertako hizkuntzan izenak besterik ez dugu irakurtzerik izan. Bada garaia euskarari tartetxo bat eskaini diezaioten.
IZENAK
Eduardo Txillida eskultorearen lana biltzen duen museo monografikoa joan den ostiralean aurkeztu zuten Donostiako Kursaalean. Hernaniko Zabalaga etxean kokatua dagoen Txillida Leku larunbatean inauguratu zen. Horretarako, Espainiako politika eta kultura arloko hainbat pertsonaia izan zen bertan.
Fernando Morillo Grande azpeitiarrak irabazi du III. Igartza literatur beka "Ilargiaren Mintzairak" izeneko lanagatik. Lan honetan gazteen kezkak eta bizipenak jorratzen ditu. Gainera, Alberto Ladron Arana iruindarrak aipamen berezia jaso du "Kontalarien Elkartea" kontakizunarengatik.
Gabriel Aresti idazlearen biografia idatziko du Anjel Zelaietak Susa argitaletxearen eskutik. Urriaren erdialderako izango da kalean.
PRINTZA
Elixabete Garmendiak "Bertatik Bertara"ko zuzendariak telebistan euskaraz aritzearen ondorioez eta euskal produktuen lehiakortasunaz jardun zuen "El Diario Vasco"n:
"Neretzako zalantzarik gabeko abantaila zera da, hizkuntzak hezurmamitzen duen komunitate horretako kide sentierazten zaituela, hizkuntza handiek eskaini ezin duten konplizitatea sortzen duela erabiltzaileon artean. (...) Hizkuntz komunitate hori dugu abiapuntu eta helburu, Zuberoatik Mendebalera, ia ia elebakar direnetatik euskaldunberrietara. (...) Zumalakarregi hilobiratua dagoen herria non den ez dakien kosmopolitak ez du gure saioa ikusten, jakina. Hasierako urteetan gure artean erabiltzen genituen modu honetako esaerak: gaur txapela pare bat zentimetro sartu dugu ba, edo alderantziz. "Huertatik huertara" deitu izan digute etxe barruan (...). Denbora aurrera joan ahala dexente lotsagabetu gara, baita Bilboko Gran VØan euskal hiztunen bila joateko ere. Nolanahi ere, nik uste literaturak eta zineak besteak beste ondo erakutsia dutela istorio eta pertsonaia lokal eta pintoreskoekin irakurketa unibertsaleko piezak egin daitezkeela. (...) Lehia basatia da. Hortaz zer egin? (...) ETBren lehen katea kontuan hartuz, nik uste produktu labeldunak eskaintze horretan daukala irtenbidea. (...) Labelduna izateak ez du esan nahi jatorkeriak egiten ibili beharra dagoenik (...) ".
Txori Batek Esan Digu
ITZULERAK ETA "BATAIOAK" GOENKALEN
ETB-1en azken garaia markatu duen telesailaren zazpigarren denboraldirako aspaldian ikusi ez ditugun Anabel Arraiza, Aaron Elizari eta Paul Zubillaga pantailara itzuliko dira irailaren 18tik aurrera eta datorren uztaila arte. Pertsona berriei dagokienez, Najat Kaanache neskak Arralden bere agerpena egingo du
BAZKAL OSTEAN MUNDU "ARROSA NAGUSI"
Txetxu Ugalde eta Yolanda Alzola berriz ere gure artean ditugu udako etenaren ostean, eta ospetsuen bizitza eta istorio arinak ardatz, gure digestioa arintzen ahaleginduko dira. Eta ez pentsa euskal ospetsuak musika, kale inkesta eta ikuskizunez jantziko den saio honetatik libratuko direnik, euren jarraipena ere egingo dutelako.
IRAUNBIZITZEAK EZ DU HAINBESTE ERAKARTZEN
Irailaren 10ean estreinatu zen, eta "Gran Hermano"k utzitako arrasto usaintsuari jarraitu nahi zion, baina bere lehenbiziko emisioan Tele5eko "Supervivientes"ek ez zuen aurrekoaren arrakasta erdia ere lortu, ikusleen %27an geratuz. Ikusi beharko da Antena3ko "El Bus"ekin izango duen lehia odoltsuaren emaitza zein den
Urrea
Euskarazko lehen bideo jokoa atera du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Jokoa Kontxako estropadetan dago oinarrituta eta 3D News etxeak egin du. Bideo joko hau euskararen erabilera gazteengan sustatzeko asmoz Gipuzkoako Diputazioak uda hasieran abiatutako Euskara Biziberritzeko Planaren fruitua da.