Orixe eta Batasuna
Orixe eta Batasuna
Letamendia, 1970-IX-13
Lehengo batean semaforo bat pasatzeko zai nengoela aspaldiko lagun bat ondoratu zitzaidan. Errotik eta betidanik euskaltzalea da bera hitzez eta bizitzez. Konturatu gabe (ex abundantia cordis...) batasunaz hasi ginen hizketan eta luzaz aritu ere semaforoaren keinu gorri-berdei jaramonik egin gabe. Eta gauza askoren artean hau esaten zidan: "egungo eguneko H eta batasun izurri hau 'halakoek' asmatu ditek. Batasuna nahi izanez gero Orixeren euskera erabili besterik ez genukean".
(...) Orixek aipatzen duen bidea zalantzarik gabe ederrena da: euskera bere bitxitasun guztiekin gordetzeko idazleek (eta irakurleek, adituko badute) euskalki eta euskalkiño guztiak ikastea. Baina gauza bat da ederrena izatea eta beste bat posible izatea. Berak, bai, txikitatik ederki zekien euskeraz, eta bizitza osoa horretara emana zedukan. Baina, damurik, zenbatek egin dezake hori? Ez, noski, fabrikan hamar ordutan ari direnek, ezta ikastolako umeek, ez euskaldun berriek ere.
Bide bat behar dugu euskeraz eta euskaldunentzat idatzi nahi dugunean (euskeraz eta euskaldunentzat diot, eta ez osintxueraz osintxuarrentzat). Horretarako zein deklinabide, zein idazkera eta zein hitzetaz baliatu behar dugun jakin behar dugu. Eta hau nork erabaki behar duen? Euskalkiak ezagutzen dituztenek, noski, eta ez beste inork! Orixe gure artean balego berari galdegingo nioke. Nolanahi ere den, hauxe da Arantzazun egin zena. Konforme ez daudenek eskaini dezatela beste bide bat, mesedez, baina bide bat! (eta hobea, noski). Badakit greziatarrek ez zutela Arantzazun bildu beharrik izan. Baina Grezian patxadaz egin zitzaketean gauzak; garai hartan dialektoz bazen ere ehunetik ehun grezieraz ari zen, eta inguruko hizkuntzak ere batugabeak ziren, prestijio gutxiagokoak eta telebisiorik ez zedukaten.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.