ERREFERENDUMA
Hil honen 24an eginen da Frantziako presidentearen agintaldia murriztea ahalbidetu dezakeen erreferemduma. Ipar Euskal Herriko ABk erreferendumari buruz bozkatu beharrean Euskal Departamenduaren eta euskararen ofizialtasunaren alde bozkatzera deitu du.
Udazkena izan da iragan bi urteotan Euskal Departamenduaren alde aldarrikatzeko garaia Ipar Euskal Herrian. Ohiko aldarrikapen hau testuinguru berri batean kokatu beharra dago: Frantziako politikagintzan erreferenduma da udazken honetako gertakizun garrantzitsuenetako bat. Iparraldeko politikagintzan, berriz, bi dira testuinguru politiko berria ahalbide dezaketen gertaerak: Korsikako arazoa -Jean Pierre Chevenement barne ministroaren dimisioak krisian sartu duena- eta Ipar Euskal Herriko RPR alderdiak Euskal Departamenduaren auzian harturiko jarrera. Aldarrikapen hau ETArena bera delakoan, Euskal Departamenduaren ideiaren alde dauden alderdikideei ideia ahanztea exigitu diete RPRko buruek. Artean, Michel Beguerie, Simone Kurutxet eta Pierre Hirigoien, Sohütako, Ozeraineko eta Senpereko auzapezak hurrenez hurren eta RPRko kideak, zuzendaritzaren jarrera inposatzailetik libre, alderdia uzteko prest agertu dira.
ABERTZALEAK TINKO.
KONSTITUZIOa ALDATZEA xede.
Eskualdeen deszentralizazioaren arazoari nahiz hizkuntz arazoari irtenbide bat eman ahal izateko, erreferendum posible oro errefusatua izan da demokraziaren seaska deitua den Frantzian. Korsikako arazoak, ordea, eragina izan du deszentralizazioan: "Korsikako afera bideratzeko eztabaida bat izanen da urtarrilean Asanblea Nazionalean. Ontsalaz, Korsikarako plangintza berria onartuko da, eta, aldi berean, bi fase zabalduko dira. Lehenean, Asanblea Nazionaletik Korsikako Asanbleara korsikar eskuduntzak pasatzea ahalbidetu beharko litzateke. Bigarren fasean, berriz, legeak egiteko boterea gauza liteke. Noski, horrek Konstituzioaren aldaketa ekarri behar luke", adierazi digu Xabi Larraldek.
Frantses alderdi politiko nagusiek (PS, RPR eta UDF) ez dute barne kohesio bat gordetzen estatu-afera hau trenkatzeko orduan. Erreferendumari buruz iritzi ezberdinak daude alderdi bakoitzean. Alderdi frantziarren ezaugarri hau are gehiago nabaritzen da deszentralizazioari dagokionean. Jakobinismoa da alderdi guztien ezaugarri komuna. PSko Jean-Pierre Chevenementek eta RPRko Charles Pasquak, ezkertiar edo eskuintiar izan, argudio bera darabilte deszentralizazioari eta Europako eraikuntzari buruz. Frantziak deszentralizaziori ekiteko heldutasun-test bat du Korsikako aferan, eta Lionel Jospin test honen giltzarria da.
BEREZKO KANPAINA.
Hautesontzian sartu beharreko boletinak honela dio: "2000ko irailaren 24ko erreferenduma. Bozkatzeko boletina. Euskal Departamenduari bai! Euskararen Ofizialtasunari Bai!". Ekimenak abertzaleen mugimendutik kanpoko sustenguarekin kontatzen duen arren, Euskal Departamenduaren aldeko Urriaren 9 izeneko plataformak -alderdi abertzaleez kanpoko taldeak biltzen dituena- ez du kanpainan esku hartuko. ABtik zaila ikusi dute plataforma hauetako hainbat partaideekin erreferendumaren aurkako ekimen bateratua eramatea. PSko, UDFko nahiz RPRko kargu esangura-tsuak daude Euskal Departamenduaren alde; PSko Frantxua Maitia eta RPRko Mixel Intxauspe, konparazione. Hauek presidentearen agintaldia bost urtera murriztearen alde daude, ordea
Frantziako estatuaren erregimen politikoa Errepublika da. Errepublika Konbentzio Nazionalak aldarrikatu zuen 1792an, Luis XVI.a erregea tronutik kendu ostean. Bost izan dira historian zehar ezarritako Errepublikak.
Egungo Errepublika 1958ko urriaz geroztik dago indarrean. Bigarren Mundu Gerraren ostean Charles de Gaulle jeneralak Konstituzioa aldatu eta V. Errepublika ezarri zuen. Frantziako errregimen politikoa presidentzialista da. De Gaulle izan zen lehen presidentea 58tik 69ra. Georges Ponpidou (69-74), Valerie Giscard d'Estaing (74-81), François Mitterrand (81-95) eta Jacques Chirac 1995tik, izan dira gaineratiko presidenteak.
Errepublikako botere legegilea Asanblea Nazionalaren eta Senatuaren esku dago. Lehena bost urtetan behin hautatzen da eta bigarrena bederatzi urtetan behin. Botere eragilea gobernuaren eta Errepublikako presidentearen artean banatua dago. Bi ganberako diputatuak eta senatoreak bezala, presidentea ere sufragio unibertsalez hautatzen da. Oraingo konstituzioaren arabera zazpi urtetan behin.
Erreferendum honen bidez konstituzioa aldatu eta presidentearen agintaldiaren iraupena bosturtera murriztu nahi da. Alderdi nagusiak (PS, RPR eta UDF) "quinquennat" edo bost urteko agintaldiaren alde daude; alderdi bakoitzeko hainbat kideen arteko diferentziak gorabehera.
Presindentearen boterea handia da eta lehen ministroarekin agintzen du kohabitazioan. Politiko batzuen ustez, zazpi urteko agintaldia luzeegi da egungo politikagintzan aritzeko eta bost urteko iraupena hobesten dute. Bestetzuen ustez, politikook bost urteko agintaldiaren kohabitazioa formula saihestu nahi dute. Chiracen (RPR) eta Jospinen (PS) artekoa, kasu.
![]() |
|
||||
1775 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa