Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-01 16:35:12
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-09-17 -- 1775.zenb

Arturoren kaiera


JACQUES ALIERES HIL DA

Jacques Alieres ohorezko euskaltzaina hil da, 72 urte zituela. Tolosako unibertsitateko irakasle zela, euskara ikasi eta ikertu zituen. Halaber, Euskal Herriari eta euskarari buruzko hainbat liburu idatzi zituen irakasle gaskoiak, besteak beste, "Manuel pratique du basque". Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1960an eta 1984tik ohorezko euskaltzain zen. Euskaltzaindiak bere aholkuak izan zituen euskal hizkuntza atlasa egiteko.


OZTIBARREKO IKASTOLAREN EGOITZA ARAZOA

Ezusteko galanta hartu dute Oztibarreko ikastolako (Nafarroa Beherea) ikasle, irakasle eta gurasoek ikastaroa hastearekin batera. Algeco enpresak eraikuntza prefabrikatuak bukatu behar zituen ikasturte hasierarako. Eraikinaren oinarriak ez ditu ondo ezarri, eta ez ditu segurtasun baldintzak betetzen. Arazoa konpondu bitartean, hamahiru haur ikasgelarik gabe daude eta jangela oihalezko etxola batean dute.


"AUKERA PAREGABEA" AEK-REN ESKUTIK

Arabako AEK-k 2000-2001 ikasturterako matrikulazio kanpaina jarri du abian "Aukera paregabea" lelopean. Maiatzean hasitako ildoari jarraituz, euskara jakiteak eskaintzen dituen abantailak azpimarratu ditu. Berrikuntzei dagokienez, Zorrotzan (Bilbo) beste barnetegi bat irekiko dutela adierazi dute arduradunek. Durangoko Abarrak euskaltegia ere berriztatua izan da ikasturte honetarako.


EIBARREKO EUSKARA AZTERGAI

Eibarko euskararen inguruko unitate didaktikoa prestatzen ari da herri horretako udala, besteak beste, herri komunikabideak, kultura eta ohiturak jasoko dituen lanerako. Mikel Sangroniz filologoa arduratzen ari da bertako euskararen fitxa batzuk egiteaz eta urte amaierarako bukatuta egongo dela espero da.

Aurpegia

Txomin L. Aramaio. Ondarroako Radixun "X Jaunaren Ordua" aurkezten du larunbatero
guztia irakurri

Bagak

Espainiako Gobernua espazio irrati-elektrikoa erabiltzen duen orori (irrati eta telebista kateak barne) kanon edo zerga berri bat ordainaraztea pentsatzen ari da. Batzuen ustez, erabakia gobernuaren politikarekin oso ados ez dauden emisorak isilarazteko sortu da, nahiz eta gobernukideek zergarik izatekotan denentzako berdina izango dela adierazi. Zientzia eta Teknologia Ministeritzatik adierazi dutenez, zalantza gaur egungo tasa sinbolikoekin jarraitu ala irrati eta telebistetatik benetan dirua biltzen hastea litzateke, beste herrialde batzuetan egiten duten bezala

EZPALAK


ENERGIAK IKERTZEN NUP-EN

NAFARROAKO Unibertsitate Publikoak eta EHNek (Nafarroan energia eolikoa kudeatzen duen enpresak) energi berriztagarrien garapenerako katedra bat sortu dute. Honen helburua energi berriztagarrien ikerketa eta garapena da. Bertan topatzen diren aurrerapen teknologikoak Nafarroako enpresetara helaraziko dira gero. Katedran unibertsitateko ikertzaile eta titulatuek parte hartuko dute. Honela NUPek giza baliabideak jartzen dituen bitartean, EHNek proiektuen finantziazioa burutuko du. Oraingoz, hiru urterako akordioa sinatu dute. Baina aurrerantzean beste enpresek esku hartzea espero dute, eta gainera, energi berriztagarrien inguruko ikasketak bultzatu nahi dituzte.


ASTEBURU ELEKTRONIKOA

BIGARREN aldiz burutuko da aurten Donostian Elektronikaldia. Sirope eta Gin & Tonic etxeek antolatu dute Elektronikaldia 2000 jaialdia, eta aurtengo ediziorako iaz baliatu zuten aurrekontua hirukoiztu dute, guztira 16 milioi pezeta xahutu baitituzte. Mundu osoko 24 talde hurbilduko dira hilaren 29an hasi eta urriaren 1era arte luzatuko den jaialdira. Hamaika areto ezberdinetan sakabanaturik izango dira ekitaldi ezberdinak, eta era guztietako ikuskizunak izango dira. Kontzertuei dagokienez, Gasteszenan eta Etxekalten eskainiko dira. Hauez gain, disko azoka, instalazio multimediak, bideo-gela, Internet aretoa, Arrai Txiki izeneko taberna eta erakusketa aretoa egokituko dituzte. Hitzaldiak ere izango dira: Alex Martin musika elektronikoaren adituak eskainitakoa eta Lluis Les kazetaria buru izango duen mahaiingurua, besteak beste. Iaz 2.000 pertsona hurbildu ziren Elektronikaldiara, aurten berriz, 6.000 lagun inguru espero dituzte.


INSTRUMENTUEN NORTASUNA

ARGENTINA, Jugoslavia, Maroko, Txina, Euskal Herria, Galizia eta Kataluniako musika instrumentuak daude, besteak beste, ikusgai Gasteizko Cordón Etxean hilaren hasieratik. Ismael Peña erakusketaren komisarioak urteak behar izan ditu instrumentu hauek -guztira, 84- biltzeko. "Musikako instrumentua: kulturen fusioa" bildumak jatorri eta mota desberdinetako instrumentuek duten aberastasuna erakusteko xedea du.
Lau ataletan daude sailkatuak instrumentuak: txalaparta, marinbak, txindatak, kriskitinak eta antzekoak batetik; tanborrak, eltzagorra, danbolina eta hauen senidekoak bestetik; kitarra, arpa eta sokazko beste instrumentuak hirugarrenik; eta azkenik, alboka, txistua, gaita, dultzaina eta abarrek osatzen dute erakusketaren laugarren taldea.


MENDEKO BIZIPENAK GOGORA

DATOZEN lau hilabeteetan Baionako Udalak hiriak azken mendean bizitako gertakariak gogoratzeko hainbat ekitaldi prestatu du. Talde ugarik hartuko du parte "Un siècle de vie à Bayonne, 1901-2000"n. Ekitaldien artean, udal liburutegiak erakusketa bat prestatu du hiriaren bizitza artistiko eta kulturala erakusteko. Bestetik, Bonnat museoan Henri-Achille Zo margolariaren "León Bonnat au milieu de ses élèves" lana zaharberrituko dute, eta lan honetan arituko denari laguntzeko, Versant antzerki taldeak lan bat eskainiko du. Orchestre Bayonne Côte Basque-k ere kontzertu bat emango du urriaren 14an.

HITZ BITAN

Xabier Isasik zera zioen "Euskaldunon Egunkaria"n "Begira" euskararen prospekzio tresnaren emaitzei buruz: "Euskaldunon kopurua abiada biziagoan handitzen ari da biztanleen kopurua baino, eta horrek esan nahi du euskara berreskuratuz joango dela (...)".
Larraitz Ugartemendia dantza klasikoaren beharraz mintzo zen "Gara"n: "Nik uste dut dantzatzeko oinarria klasikoan dagoela eta euskal dantza ikasi beharreko zerbait dela, baina dantzarako prestaketa egokiena klasikoa da. Gaur egun, euskal dantza erakustearekin batera, dantza klasikoan lan egiteko erak sartzen ari dira gero eta gehiago (...)".

Anjel Lertxundik honako hausnarketa egin zuen "El Correo"n artearen eta diru irabazien inguruan: "Horra koska: ekimen artistikoak euskal bokazioa duen bitartean (...), industriak barre egiten dio dirurik ematen ez duen bokazio orori, sosak ez baitu lurraldetasunik".

Mariasun Landak esanak dira hauek "El Diario Vasco"n: "(...) Beldurgarria irizten diot liburuak telebistarekiko daukan menpekotasun horri".



Ikatza

Donostiako Renfeko geltokian euskaldunoi errespetatu gabe jarraitzen dute. Ohikoa bihurtzen ari da trenen atzerapenak gaztelania hutsez entzutea. Udan hainbeste atzerritarren bisita jasota, ahaztu egingo al zitzaien zein herritan gauden? Gure esku dago non dauden gogoraraztea.

IZENAK

Pedro Miguel Etxenike zientzialari nafarrak Donostiako Urrezko Domina jaso berri du. Aho batez onartu zuen Donostiako Udalak Etxenikeri domina ematea. Bestalde, honen lankide den Juan Colmenero de Leon EHUko irakasle eta fisika katedradunak 2000ko Ikerkuntzaren Euskadi Saria jaso du. Polimeroen inguruko esperimentu garrantzitsuak burutu ditu honek.
Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde azkoitiarrek irabazi zuten hilaren 3an burutu zen Dantza Sueltoko Txapelketako finala. Bigarren izan ziren Azpitarte anai-arrebak.
Marea talde nafarraren bigarren diskoa irailaren 15ean izango da kalean. "Revolcón" izeneko lana hamaika abestiz dago osatua eta Gor disketxeak argitaratu du.

PRINTZA

Piarres Xarritonen hitzak dira hauek "Zabalik"en jasoak euskal jaien inguruan:
"XIX. gizaldian Abbadiak sortu eta bultzatu zituen Euskal Lore Jokoen antzik duen festarik ez da egun inon antolatzen. Azken euskal Lore Jokoak 1914. urtean ospatu ziren. Hendaian eta Hazparnen, esaterako, antolatzen diren Euskal Festak ez dira Lore Jokoen ondorengo zuzenak, ez dute haien antzik. (...) Jaiei dagokienez, Iparraldean bederen, udatiarren eta turismoaren legea nagusitu da. Beraz, anitz herritan jaien datak eta edukiak aldatu egin dira. Udan eta udatiarrentzat pentsatuta egiten dira. Sara eta Lekorneko festak dira euskal ukituari eusten dioten jai bakanetakoak. Gainerakoetan, euskaldunak eta euskal folklorea elementu exotikoa bezala aurkezten dira. Tamalez, Euskal Jaien herri ospakizunek ohitura zaharren eta erlijioaren kutsua galdu dute. Orain, sarritan indioek egin ohi zuten lez, bisitariei edukirik gabeko ikuskizunak eskaintzen dizkiete.
(...) Alde batetik, XIX. mendean egiten ziren euskal ezteien antzezpenak ugaldu egin dira herrietako jaietan (...). Bestalde, Zuberoan pastoralak eta maskaradak berreskuratu dira. (...) Euskal dantzak dira modan jarri den elementua. Sona handia irabazi eta Hazparnen, Donibane Garazin zein Maulen uda gorrian antolatzen diren Euskal Festa famatu horien oinarri bilakatu dira"

Txori Batek Esan Digu


LAU IKUSLETIK BAT EUSKAL PAISAIEI SO

"Euskal Herria: La mirada mßgica" izeneko dokumental bilduma ETB-2n indar handiz hasi dela esan genezake, lehenbiziko kapitulua "prime-time"n liderra izan baitzen gurean. Ikusleek Euskal Herria airetik erakusteko ETBk izan duen ideia gogokoa dutela dirudi, irudi ikusgarriez gain narrazioa eta soinu-banda ere atseginak baitira.


EUSKAL KIROLARI OLINPIKOEN JARRAIPENA

Irailaren 15 honetan hasten diren Joko Olinpikoei begira ETBk ez du programa berezirik eskainiko, baina Sidneyn bertan izango den Andoni Arratibel kazetariari esker egunero gertatuko denaren berri izango dugu albistegi eta kirol saioen barruan, batez ere, gure kirolariek bertan beteko duten papera izango duela ardatz.


GUGGENHEIMEKO LANAK ETB-1n IKUSGAI

Irailaren 4tik hasita, arte modernoaren zaletuek Bilboko museo ospetsu honek 1999an zehar erakutsi dituen maisulanen berri dute. Ez da museoan bertan behatzea bezala izango, baina 23:30etako saio honetan edozein ikuslek ulertzeko moduko azalpenak eskainiko dira, arduradunen asmoa arte modernoa gizarteratzea baita.



Urrea

Baliagarritaun publikoko elkartea izatea aitortu dio Orereta Kultura Elkarteari Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, 1968an sortutako elkarteak kultur, kirol eta heziketa jarduera ugari egin ditu. Halaber euskararen aldeko lan handia egin du, Orereta Ikastolaren bitartez, batez ere. Zorionak!

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan