Orain dela 30 urte
ZENTSURA GUZTIEN GAINETIK
Pilar Iparragirre
Burgoseko epaiketa halabeharrez bazterturik, ZERUKO ARGIAk Israelgo egoerari eta Euskaltzaindiaren aholku eta oharrei jarri zien arreta 1970ean.
Hain era tamalgarrian 1970. urtean famatua egin zen Burgoseko epaiketa gogor hari gure herriak aurre egin behar izan zion garaian, jaio gabea izango zen egungo ARGIAren irakurle asko, ziurrenik, eta beste batzuk pixa-oihalarekin ibiliko ziren oraindik. Neronek hamazazpi urte beteak nituen jada, eta Bartzelonara abiatzekotan nenbilen, mundua pixka bat ezagutu eta, bide batez, Kazetaritza ikasteko asmo sendoa burutzekotan. ZERUKO ARGIA aldizkariak, ordea, bere bizitzaren XXXI. urteari eusten zion tinko, frankismoak ezarritako isilune luzeari atzea emanda, ondorengo jazarpen eta zentsura guztien gainetik, euskaldunoi baginela nor gogoratuz astero-astero.
"Naparroko-Kantauriko Kaputxinoak" babestua, Miren Jone Azurza Aristegietaren zuzendaritzapean argitaratzen zen orduan, oso-osorik txuri-beltzean, kolore eta infografia kontuak ahantz ditzakeen egungo egunkari arrunt baten itxura eta tamainarekin.
Salneurriari dagokionean, bere urte osoko harpidetzak 215 pezetatxo baino ez zitzaion kostatzen "barruan" zegoenari (horrela bazion ere, ez du ematen preso egon zitezkeenei buruz ari zenik: behar bada, Euskal Herriaren Hegoaldean edo Estatu espainiarreko edozein bazterretan bizi ziren harpidedunak aitatzeko era zuen). Garestixeago, berriz, "barruan" ez zegoenari: 265 pezeta bere bizilekua zeukanari "korreo batasuneko errietan" (arren, ez zaidazue galdetu zeintzuk izan zitezkeen herri horiexek), eta 285 pezeta "atzerrietako beste errietan" aldizkaria jasotzen zuenari. "Arpide saria"ri eskaintzen zizkion xehetasun horien guztiengatik, harpidetzari zor ziola bere biziraupena pentsa daiteke, baina kioskoetan ere saltzen zen horregatik: 5 pezeta ordaindu eta zurea zenuen Z. ARGIAren alea! Merke baino merkeago ematen du, ez da hala? Baina orduko soldata garbiak ere horrenbestean zebiltzan, noski.
EUSKARA, OI EUSKARA
Eta zeintzuk ote ziren garaiko gure aldizkariaren kezka nagusiak? Bada, irailaren 6an kaleratutako alearen lehenengo orrialdean, adibidez, "Israeldarren bizi nahia" goraipatzeaz gain, aurreko igandean Zarautzen bildutako "milla bat dantzari"ei egiten zitzaien txalo: "Itzak motz gelditzen dira an ikusi genituen jantzi, kolore eta txinparta adierazteko. Kale guztietan txistu, danboliņ, dultzaina ta jai usaia. Euskalerri guztitik etorritako pospoliņ eta dantzariek, edozein lekutan irrintzi eta oiuak odeietaraiņo botatzen zituzten. Nafarroako Jaurrieta-ko neskatxeren jantzi beltzak, luze eta apaiņak, kaitarreren eta iruleerenakin bat egiņik". Uler daiteke kronikariaren poza, ziur aski ez zen egunero erraz topatzerik legokeen ikuskizuna eta. Baina bazuen ordea idazlea kopetilun jartzera behartu zuen gorabeheratxorik ere: "Euskaldun giro aldetik, utsune handi bat: dantzari talde barruetan nekez entzuten zan euskera. Jantziak bai euskaldunak. Ori da errazena... Urrengo billerarako eskea egiņa dago" zioen, amaiera itxaropentsu gisa.
Hala ere, zorionez, denak ez ziren berri tristeak ez Z. ARGIArentzat, ez euskara berarentzat ere. Han zegoen "Euskaltzaindiaren oharra", gure hizkuntza idatziaren batasuna bultza nahian. Baina euskaldun guztiak bat zitzakeen horrexek ere, bazuen aurkakorik, "h" letraren onarpena zela eta ez zela batik bat. Eta Euskaltzaindia aurre hartu beharrean izan zen "ikusirik 1968-ko Arantzazuko batzar eta erabakiei buruz, iritzi desberdinak daudela", beste gauzen artean honako hauxe zehaztuz: "a) Arantzazuko batzar hura, Euskaltzaindiarena zen, eta ez zenbait idazleena. b) Han irakurri ziren lanak, Euskaltzaindiak Euskaltzaindiakoei eskatutakoak ziren. d) Azkenean han irakurritako agiria, bertan ziren jaun euskaltzain osoen artean hartutako erabakia zen". Eta, jarraian, "Literatura euskararen batasunari buruz Euskaltzaindiaren agiria" zetorren (ikus Hemeroteka).
Agiri hori, ez zuten begi onez ikusiko aldizkarian bertan ordura arte idazten zuten guzti-guztiek (Hemerotekan ageri den Ugalde-tar Martinen "Norkeria eta 'bagoi-itzak'" irakurtzea besterik ez dago, horretaz ohartzeko), baina Z. ARGIAk berak pozez gainezka hartu zuela bistan da. "Pozik artu du Z. Argiak Euskaltzaindiaren oharra. Garai egokian iritxi zaiola uste du gaiņera" zioen editorial antzeko lan batean. Izan ere, " Z. Argiak irakurleak ditu beti gogoan. Ez daki asmatzen duan ala ez baiņa beti oien serbitzuan jardun nahi luke". Eta zer gertatzen zen? Bada, "euskara etxean ikasitako erri xumea" zuela "irakurleetan ugariena" eta "erri xume ori ikasien eta maixuen atzetik eraman naihean" omen zebilen, "poliki-poliki ikasleak irakasleen maillara jasotzeko". Mantso joate horren arrazoiak ematen zituen baita ere: "azkarregi joanda erriak etsi ez dezan. Orregatik geienbat gipuzkoeraz izan arren, tarteka beste euskalkietakoak ere sartzen ditu, beste itz eta aditzetara ere ohitu dedin. H izkia ere nahi zuanari ipintzen utzi diogu erri xume ori ortara ezartzen joan zedin. Saiatu gera euskera batuaren arazoa ere argitzen batzuen eta besteen eztabaidak azalduaz". Dena prest zeukan, beraz, Euskaltzaindiaren araudiak jarraitzeko. Baina hainbesteko zuhurtziaz jokatu eta gero, eromen kolpe batez ez zuen dena pikutara bidali nahi ere, antza: "Orregatik eskatzen diegu, bai irakurle eta bai idazleei, jarrai dezaizela Z. Argian beintzat Euskaltzaindiaren erabaki auei. Baiņa aurrerantzean ere ez dugu zorrotzegiak izan nahi. Ez baidugu erri xume ori zapuzterik nahi. Ezta euskal-idazle onik baztartu ere euskera-batuaren arazo au dela-ta".
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.