Berriro Eskolara 2000
Irakaskuntzan hainbat aurrerapen eta hobekuntza izango da teknologia hauei esker, baina eskolek jauzi hau itsu-itsuan egin baino nahiago dute aurrebaldintzak ziurtatzea: Irakasleak prest al daude teknologia berrietan murgiltzeko? Zein da behar den azpiegitura? Ikasleek zertarako erabiliko dituzte teknologiok?
Gure gizarte honetan gero eta gehiago hitz egiten da Teknologia Berriez. Ia gune eta arlo guztietan somatzen da bere eragina edota presentzia, eta nola ez, hezkuntzan ere bai. Eskolan egunero entzuten diren hitzak dira informatika, Internet, ordenagailuak, softwareak, CD-ROMak, posta elektronikoa...
Garbi dago irakaskuntzak ere Teknologia Berrietan inbertitu behar duela, gaur egungo gizartean atzean gelditu nahi ez badu. Ikasleak hezitzea eta bizitzarako prestatzea badu helburu eskolak, Teknologia Berrietan hezi behar dira, horien beharra izango baitute eguneroko bizitzan.
Joxemi Correa EHUko Irakasle Eskolako irakasleak dioenez, behar bikoitzak eragin du Teknologia Berriak irakaskuntzan sartzearen premia. "Batetik, irakaskuntzako baliabide propioak berritzeko eta hobetzeko premia; eta bestetik, ikasleak Teknologia Berriekin harremanetan jartzeak ekarri duen premia. Horrela, Teknologia Berriei aurrerapen eta ezagupen berrien arteko zubi lana egitea, eta sorkuntza eta aplikazio teknologikoak barreiatzen laguntzea egokitu zaie". Informazioaren Gizarteko eskolak funtsezkoa den helburu bat lortzen ahalegindu beharko du: bitartekoen irakaskuntza, hasi gizartean dituen helburu eta eginkizunetatik eta aplikazio eta garapen teknologikoetara iritsi arte.
Zeregin horretan Teknologia Berriak ongi erabiliz gero, hobekuntza nabarmena lortuko litzateke komunikazio pedagogikoan eta informazioaren gestioan. Gakoa ongi erabiltzean dago.
Teknologia berriak eta eskolaren birmoldaketa
Orain arte egin dena ikusita, Correaren ustez Teknologia Berriak ez dira era egokian txertatu eskoletan, presazko lana dela eman baitio aditzera gizarteak eskola sistemari. Txertaketa ongi egiteko, aurretik eskolan landuko diren ikasketak antolatu behar dira, eta horietara iritsi ahal izateko erabiltzaileak prestatu egin beharko dira.
Irakasleen prestakuntza funtsezkoa da
Hori guztia aurrera eramateko irakasleen formakuntza funtsezkoa da. Izan ere, irakasleen prestakuntzak berebiziko garrantzia du Teknologia Berrien integrazio prozesuan. Correa guztiz ados dago ideia horrekin. "Irakasleak baliabide berriak ezagutu eta horiekin lan egiten ikasten duen heinean, aukerak eta aplikazio didaktikoak gehitu egingo dira, eta giza baliabideen prestakuntzan eta azpiegitura teknologikoan egiten diren inbertsioetan errentagarritasuna askoz handiagoa izango da". Prestakuntza hori diseinu onekoa izatea ezinbestekoa da, irakasleak teknologikoki alfabetatzeko eginkizuna behar bezala garatzeko. Prestakuntza horretarako baliagarriak dira lan mintegiak, prestakuntza trinkoa eta iraupen luzea, ikastetxeetako ikerkuntzak, arazo berdinak edo antzekoak dituzten beste irakasleen lankidetza bultzatzea eta abar. Correak ziurtasunez esaten du: "ez da ahaztu behar azpiegitura teknologikoan inbertitzea giza baliabideetan inbertitzea bezain garrantzitsua izan daitekeela, baina, irakasleek gero ere garrantzizko eginkizuna izango dutela irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan".
Ikastetxeetako esperientziak
Horrek irakasleria osoa inplikatzea eskatzen du, eta lan hori informatika arduradunak/ek bultzatzen edo zuzentzen dute. "Informatika arduraduna/ak dira proiektuaren buru eta zenbait bilera, elkarketa, lan talde... sistematizatzen ditu klaustroan (ikastolako irakasleekin) eta Nafarroan (beste ikastoletako informatika arduradunekin)" azaltzen digu Crespok.
Gasteizko Antonio Lopez de Gereņu Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan 1997an hamar "pentium" ordenagailu, bi eskaner eta lau inpresora lortu zituzten, eta 1998an hasi zuten informatikako berrikuntza proiektu bat. Harrezkero, ikasle guztiak astero ordubete egoten dira informatika gelan. Irakasle gehienak astero bilera berezi bat egiten zuten programak lantzeko, aztertzeko eta abar.
Galdakaoko Eguzkibegi ikastolan 15 urteko eskarmentua daukate informatikaren ikaskuntza-irakaskuntzan. 1985etik 1999ra bitartean informatika leku eta momentu berezietara mugatua egon da. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik gora sistematikoki landu izan da eta era puntualetan beheragoko mailetan. Gaur egun, ordea, ordenagailua gero eta arruntagoa dela diote eskolako arlo askotan: lanean, aisialdian... Hori ikusirik, eguneroko tresna bihurtu nahi dute ordenagailua gelan: idazteko, kontuak egiteko, informazioa bilatzeko, aurkezpenak egiteko, posta elektronikoak bidaltzeko...
Eusko Jaurlaritzaren "Premia" proiektua
"Premia" proiektuaren bidez aldaketa kualitatibo garrantzitsua emango dela uste dute Hezkuntza Saileko arduradunek. Adibidez, gaur egun 20,6 ikasle/PCko dago, eta hiru urte barru 10 ikasle/PCko egongo da. Irakasleen ratioa ere aldatuko da, eta horrela 11,7 irakasle/PCko izatetik irakasleko PC bat izatera pasako da.
Proiektu hau bideratzeko Intranet eta Internet sareak ezarriko dira, hots, ikastetxe barruko zein kanpoko sareak. Horrek ekarriko du, besteak beste, zentroen arteko barne konexioa, administrazioarekiko konexioa, Interneten azkarrago ibiltzea, multimedia edukiak elkartrukatzea, teleformakuntza irakasle eta ikasleentzat, esperientziak elkartrukatzeko aukera eta liburutegi elektronikoetara sartzea.
Hau guztia aurrera eramateko irakasleen prestakuntza egokia behar da. Horri begira hainbat ikastaro antolatu du Hezkuntza Sailak "Garatu" planaren bitartez. Helburua da Internet eta tresna informatikoak menperatzea, sarean sartu eta datuak eskuratzen ikastea, eta informazio hori ikasleei irakasteko gaitasuna izatea.
Helburu horiek lortze bidean, "Premia" proiektuaren barnean Hezkuntza Sailak proiektu pilotu bat diseinatu du 15 ikastetxerentzat ikasturte honetarako. Horiek ekipamendu minimo bat izango dute, ikastetxeko arduraduna prestatuko da eta Teknologia Berrietako tekniko baten laguntza eta aholkularitza izango dute.
"Premia" proiektuak zeresana eman du irakasleen artean. Izan ere, 9.700 milioi pezetako inbertsioa ez da txantxetakoa, eta aldeko zein kontrako iritziak sortu dira, abantailak eta desabantailak ikusi zaizkio, ongi eta gaizki egindako gauzak. Sarean Elkarteak, EAEko Ikastetxe Publikoetako zuzendaritzako kideak biltzen dituen elkarteak, bere azken topaketetan gai hau aztertu zuen eta hainbat ondorio atera zuen. Proiektua, oro har, ongi ikusi zuten, baina Andoni Lizeaga Sareaneko kideak esan digunez "planak ez du hutsetik abiatu behar. Orain arte egindako esperientziak aintzat hartu behar dira, oso baliagarriak baitira". Ateratako beste ondorio bat izan zen formakuntzak eta hornikuntzak batera joan behar dutela, bata bestea gabe ezin dela ulertu. "Ikastetxeak ordenagailuz betetzearekin soilik ez dugu ezer aurreratzen. Ordenagailuak egoki erabiltzen jakin behar dugu, gure eguneroko jardunean ongi txertatzen eta behar ditugunerako erabiltzen. Horregatik, ezinbestekoa da irakasleok horretarako prestatzea, formakuntza jasotzea, alegia".
Proiektuak proiektu, bistakoa da Teknologia Berriek bere lekua eskatzen dutela irakaskuntzan ere, eta ahalik eta egokien burutu behar dela txertaketa hori.
![]() |
|
||||
1774 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa