Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-09-10 -- 1774.zenb

EMAN HITZA

Alain Iriart

Iparraldetik so eginez, azpimarratu nahi nuke gauzak ez ditugula berdin ikusten ahal Hegoaldean eta Iparraldean. Euskaldun eta abertzale izanez ere, bi errealitate arras desberdinak ikusten ditut: historikoki, soziologikoki, kulturalki... Hegoaldeko gertakariak hango konflikto politikoan kokatzen dira. Abertzale garen aldetik, Ipar eta Hegoaldearen arteko loturak berez doaz guretzat, Iparraldeko abertzaleek bi errealitateak gureganatu baititugu. Aldiz, Iparraldeko gizartea ikusmolde horretarik urrun dabil. Harremanak eta loturak bere eginak dituela pentsatzea alegia egitea da eta gure buruaren eta euskal gizartearen aurka joatea.
Begi txarrez ikusten dut Iparraldean Eraikuntza Nazionala oihukatzea, jakinez hemengo jende gehienarentzat euskaldun izatea zaharkitua eta modernitateari uko egiten dion zerbait dela. Oroz gainetik, ez du amesten euskal gizarte bat izan daitakenik ere. Esloganak aldarrikatzen duenaren artean eta jendeek onar dezaketenaren artean amildegi bat dago. Jauzi ikaragarri hau urra-tsez-urrats egitea ere aski lan lukeelarik Iparraldeko jendeak.


IPARRALDEKO abertzaleek hogeita hamar urte hauetan urratu duten ildo berezi horretarik segitu behar dugu. Alta, ez zait iduritzen eslogan batzu errepikatzearen bor-txaz herritarrek bereganatuko dutela haientzat arrotza den gorputz bat. Hegoa eta Iparraldearen artean beharrezkoa den elkartasuna beste nolazpait konkretatu behar da, errealitatearen hurbilarazteko urratsetan naski. Hala nola bi aldeetako unibertsitateen arteko loturak finkatuz, formakuntza amankomunak muntatuz jendeak aukera ukan dezan lana bi aldeetan egiteko; Udalbiltza departamenduarekin proiektu sendo batzu elgarrekin finantziatuz; bi aldeetako herrien arteko kultur festibalak indartuz. Finean, jendea alde batetik bestera naturalki ibil dadin.
Gehiengoa kontra edo indiferentzia hutsean bada ere, Iparraldeko euskal gizartea prest da abertzaleei entzuteko. Euskal kulturak merezi duen lekua lor dezan, ordea, ez dugu beste kulturen kontra ari izanez lortuko, beste kulturak kontutan hartuz baizik, eta konkretuki Iparraldeko jendeak azken mende hauetan hain sakonki bereganatu dituen Frantziarekiko lotura administratiboa, ekonomikoa, soziala eta kulturala kontuan hartuz ere.
Hegoaldeko giroa minberatsua izanez ere, bi aldeetako aber-tzaleek ez dugu uzkur egon behar hitza hartzeko, nahiz eta hitz desberdinak izan debatea osatzean. Euskal Herritarrok-eko Otegik "Sud-Ouest" egunkarian erran duen bezala, ETAk talde abertzale moderatuak eta espainol estatua bultzatu nahi ditu subiranotasun nazionala eta euskal presoen egoera arakatzera. Abertzale bat ez da nehondik ere helburu horien kontra izaiten ahal. Hala ere, ez dut uste EAJko abertzaleak -ETAren alde ez diren abertzaleak- eta espainol estatuaren ordezkariak zaku berean sar daitezkeenik.


IRUDITZEN zait joko politiko guzia ETA eta espainol gobernuaren arteko indar jokoan mugatzen dela soilik. Eta azkenean talde politikoak eta denbora berean herritarrak jokoz kanpo daudela. Jendeak parte hartzen badu ere alderdien manifestaldietan, euskal gizartea eskuak loturik agertzen da. Beldurra sartua du bere baitan. Oroz gainetik, gizarte baten perspektiba politiko eskasa senditzen du naski. Euskaldunek gerla hori geldi dadin igurikatzen dute eta anartean Eraikuntza Nazionala aipatzen delarik ez dute funtsez parte hartzen.
PPk eta PSOEk egiten dituzten kondenak egoera hein berean uzteko gisan egiten dituzte. Haatik, estatu baten botereak ez du bere politika errepresiboa postura batean bakarrik finkatzen ahal. Konflikto politikoaren ukatzea Euskal Herriak bizi duen errealitatearen aitzinean itsu izaitea da, eta gero eta gehiago entzuten da estrategia maingu hortarik atera behar duela espainol estatuak. Zorigaitzez, frantses estatuak begiak idekitzen lagundu behar lukeelarik are gehiago sustengatzen du porrotaren bidea.
ETAk ere behar du herria entzun, ordea. Tregua eman zuelarik esperantza ikaragarria sorrarazi zuen. Iduritzen zait denbora sobera labur izan dela garai hartan egin ziren urratsen konkretatzeko. Udalbiltza zutik ezar-tzea azken urte hauetako ekintza politiko handiena izan daiteke, Euskal Herriko hautetsi guziak deituak izan baitira. Nahiz eta Iparraldeko hautetsi bakar batzu bakarrik izan, Iparra eta Hegoa egitura berri bakar batean elgarretaratzen ditu. Botere eta demokrazia eskasian izanik ere -ez baita herriak zuzenean bozkatu duen egitura bat-, biltzeak berak populu baten izatea egiaztatzen duen lekuko da. Maingu da oraino, zango bakar baten gainean pausaturik. Ez genuke beraz zango hori moztu behar! Horregatik, Lizarra-Garaziko Akordioa neholaz ere ez da hautsi behar. Espainolek herria esperantza horren aurka jazarrarazi nahi dute. Ez badugu haien zepoan sartu nahi, guk eman behar diogu hitza euskal gizarteari.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan