BAHEA
Joseba Permach, HBko Mahai Nazionaleko kidea: "Ez Sinn Feinek Irlandan ezta Hego Afrikako Kongresu Nazionalak, ez zituzten atentatuak gaitzetsi; alabaina, bietan lortu zen gatazkarekiko irtenbide politikoa".
Xabier Arzalluz ETA eta HBrekiko: "Ez gara bakarrik bitartekoetan desberdintzen, baita gizartearen ikusmoldean ere. Ez ditut demokratatzat hartzen. Nazionalista erradikal moduan beraiekiko hurbil nago, baina ni demokrata naiz eta beraiek ez. Ez dut zerikusirik nahi pistola eta biolentziarekin beren iritziak inposatu nahi dutenekin".
Txema Urkijo, BAKeko kidea: "Elkarrizketarako dei egitea eta gero berau garatu dadin baldintzak jartzea kontraesankorra da; eta jendeak ez du halakorik ulertzen".
Joxe Manuel Odriozola, irakaslea: "Ezker Abertzaleak borroka-bide batzuk gutxietsi egin ditu eta beste batzuk, berriz, sobera handietsi".
Pere Esteve, Kataluniako CDCko idazkari nagusia: "Borroka antiterroristaren kontsentsuak ez du esan gura PPk zehazki gura duena esan behar denik".
IZPIAK
Daniel Vaillantek ordezkatu du Jean-Pierre Chevenement Frantziako Gobernuko barne ministro gisa, azken honek Kortsikako elkarrizketeekiko Lionel Jospin lehen ministroak daraman politikagatik bere dimisioa aurkeztu ondoren.
Alberto Lopez de la Calle preso ohiak Abuisson herrian jarraitzen du konfinaturik, Frantziako auzitegiek bere kanporatzeaz erabakiko dutenentz zain.
Eneko Borda amikuztarra 1998ko irailean atxilotu zuten Iparretarrak-eko kide izateaz akusatua. Irail honetako 7an askatua izanen da, eta 8an, berriz, Donapaleuko Herriko Etxearen aitzinean harrera egingo zaio.
Pello Gonzalez Urretxuko alkateak (EA), Udalbiltzako lehendakariorde izateari utzi dio, ETAren jarduna dela eta, arrazoi moral eta etikoak arrrazoituz.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Oraingo lorategiak begiaren gozamenerako prestatzen dira, baina garai batean baserri inguruko baratzak edo kortak ziren "lorategi", erabileraren zutenak, alegia.
guztia irakurri
OSASUNA
Jabier Agirre
Aski frogatua geratu da Xenical botika berriaren eraginkortasuna obesoetan, batzuek sei hilabetetan zortzi kilo galdu baitituzte.
guztia irakurri
TERMOMETROA
KONSTITUZIOA ETA ESTATUTUA DEMOKRAZIAREN AGERLE
ESPAINIAKO Konstituzioa eta Gernikako Estatutua ETAren aurkako bilgune politikoa berregiteko erreferentzia nagusitzat jo dituzte PPk eta PSOEk. Horietatik kanpo ez da posible "demokraten batasunik" eta, beraz, arau eremu hauetatik kanpo geratzen direnak demokratak ez direla ondorioztatu liteke, egunerokotasunean komunikabide espainiar gehienek egiten dituzten interpretazioetan ikusten den legez. PP eta PSOEren batasun ildo honetan, ikuspegi politikotik ez dago beste ezertaz hitz egiterik eta eguneroko lanean, segurtasun indarrei eta epaileei lehentasuna eta babesa eskaini behar zaie. Ajuria Eneko Itunaren garaietan baino atzerago jo gura bide dute, orduan behintzat, besteak beste, gatazka bati buruz eta balizko irtenbide zenbaitetaz hitz egiten zen eta.
AJURIA ENEAN ERE BERBETAN
JAIME Mayor Orejaren erronda bukatzear dagoenean eman zaio hasiera Ibarretxe lehendakariak deitutako elkarrizketa saioari. PP joan ere ez zaio egin, azken deialdian egin zuen moduan. Ez dirudi aldaketarik antzemango denik eta bakoitza bereari eusteko prest ageri da. Aldakuntza garaietan bakoitza berean tinko, esaten dute, eta euskal politikagintzak ere horretan dirau. Mugimenduak, ostera, egon egongo dira. Ez dirudi EHk Jaurlaritza gehiago sostengatuko duenik, eta ikusteko dago Eusko Legebiltzarrean duen partehartzea nola bideratzen duen. EHk sostengua erabat kenduz gero, hauteskundeak gertu izango dira. Bestetik, 'hirugarren espazioa'ren zurrumurruak zertan gauzatzen diren ikusi beharko da. Eta guztiarekin, Ibarretxe lehendakariak ere ikusi beharko du bere elkarrizketa foroarekin jarraitu ala, oraingoz, baldintzarik ez dagoelako aparkatu.
EH-REN MANIFESTAZIOA BILBON
"BURUJABETZA eta bakea. Euskal Herriak askatasuna" lelopean, manifestaziorako deialdia egin du EHk larunbaterako Bilbon. Goiz horretan bertan bilduko da HBren batzar nazionala bakea eta burujabetzaren inguruan hausnarketa egiteko. Oraingoz bederen, edozein forotan parte hartzekotan, Euskal Herri osoko agenteek egon beharko dutela azpimarratu dute EHko arduradunek eta ez bakarrik Eusko Autonomi Erkidegokoek.
ERREFERENDUMA FRANTZIAN
HILAREN 24an burutuko da Frantziako presidentearen agintaldiari buruzko erreferenduma. Errepublikako buruaren kargua bost urtera murriztu nahi da, orain arteko zazpi urteko iraunpenaren ordez. Abertzaleen Batasunak, ordea, erreferenduma baliatu nahi du Iparraldeko herritarrek Euskal Departamenduaren eta euskararen ofizialtasunaren aldeko jarrera har dezaten. Oraingoz, dena den, ez dago zehaztua abertzaleen asmoekin bat egiten duten herritarrek nola agertarazi ahal izango duten beren jarrera.
ARAZOAK NAFARROAKO BAK-EN EUSKAL HERRIA HITZA DELA ETA
MANUEL Indiano PPko zinegotziaren hilketaren aurka protestatzeko, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak (BAK) Iruņean deitutako ekitaldian ateratako pankarta erretiratu behar izan zuten talde bakezaleko kideek honetan "Euskal Herria" agertzen zelako. Azken boladan halakorik gertatu ez bada ere, arazoa aspalditik dator eta aurrerantzean ere berdin gertatuko dela dirudi Euskal Herriarekiko edozer agertzen bada bederen.