Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-09-10 -- 1774.zenb

GIZARTE SOLDATA

10.000TIK GORA FAMILIA POBREZIA LARRIAN HEGOALDEAN

Daniel Udalaitz

Itxurek eta aurrerapenek bestelako zerbait pentsaraz dezaketen arren, Euskal Herrian ere badira pobreak. Bizkaiak du txirotasun maila handiena. Iparraldean, ezin da esan pobrezia poltsak daudenik, nahiz eta han ere langabezia eta bazterketa kasuak egon.

Pobreziaren arazoa gure mugetatik kanpo gertatzen den zerbait dela ematen du. Baina, ez da horrela, gure artean ere badugu. Hegoaldean 10.000tik gora dira pobrezia guztiz larrian bizi diren familiak. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) badira beste 38.000 egoera horretan erortzeko arriskuan daudenak. Hala ageri da EAEko Administrazioak eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleek, Euskal Herriko lurralde horri dagokionez, emandako datuetan.
EAEko Administrazioa izan da arlo hori gehien landu duena. Eusko Jaurlaritzak pobreziari eta gizarteko desberdintasunei buruz EAEn egindako inkestak adierazten duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 179.200 familia dira ongizate egoeran ez daudenak eta diru sarrera nahikorik ez dutenak. Bestalde, egia da azken lau urteotan pobrezia eta desberdintasun maila gutxitu egin dela, baina hala ere hobekuntza hori ez dator bat azken lau urte hauetan euskal ekonomiak izan duen hazkundearekin, eta halaxe onartzen du azterketa ofizialak berak.
EAEn 663.700 familia daude. Horietako 167.600 familiatan aktiboak ez diren kideak daude. Kide guztiak aktiboak diren familiak 376.900 dira, eta kide guztiak langabezian daudenak 30.400. Inkesta ofizialak egiaztatzen duenez, EAEko familien %73ak gizartean espero daitekeen gutxieneko ongizate eta kontsumo mailari eusteko adinako diru sarrerak ditu hilero. Baina, oraindik, 179.200 familia daude Euskal Herriko lurralde honetan behar adinako ongizate mailara iristen ez direnak. Hau da, familia guztien %27a, eta duela lau urte kopuru hori %31,6koa zen.
Kide aktiboak eta ongizate maila onargarria duten familien kopuruak gora egin badu ere, langabetuen eta ez-aktiboen kolektiboetan, %52,4ak eta %46,1ak hurrenez hurren, ez dute gutxieneko ongizate eta kontsumo mailara iristeko adina baliabide. Pobrezia guztiz larrian daudenen kopurua ere murriztu egin da. Horrela, 1996ko 10.849 familiaren kopurua 6.000ra jaitsi da 2000. urtean. Pobrezia maila larri honetan, batez ere, epe luzeko langabetuak aurkitzen dira (%58,5).
Eusko Jaurlaritzak emandako mantenimenduko pobrezia larriaren adierazlea 1996ko %4,6tik gaur egungo %5,6ra igaro da, eta horrek esan nahi du 38.000tik gora familiek ez dutela oinarrizko premiei aurre egiteko adina baliabide hilero.


NAFARROAN EGOERA HOBEA.

Nafarroan, ekonomi garapen indartsua dela eta, gizarte bazterketak eta pobreziak Euskal Herriko gainerako lurraldeetan baino jende kopuru txikiagoari eragiten dio. Horrela ziurtatu dute Nafarroan Gizarte Agiria sustatu dutenek, besteak beste, Nafarroako Unibertsitateko irakasle diren Manuel Aguilar eta Miguel Laparrak. Beraiek esku hartu zuten bazterketaren aurkako borrokaren plana prestatzeko azterketan kalkulatu zutenaren arabera, Nafarroan 5.000 eta 7.000 familia artean daude guztiz larria den pobrezian edo bazterketa egoera latzean, hau da, Nafarroako familien %4.


BENETAKO POBREZIA POLTSARIK EZ.

Iparraldeari dagokionez, ez da erraza hango pobreziaren mapa egitea, horri buruzko azterketa ofizialik ez dagoelako, eta, gainera, ez delako Hegoaldeko testuinguru soziopolitiko edo ekonomiko berbera. Kontuan izan beharra dago Iparraldea Frantziako Departamendu batean kokaturik dagoela, Pirinio Atlantikoetan, eta hor bizi diren 598.100 pertsonetatik 261.400 besterik ez direla Iparraldekoak. Hor ere, Hegoaldean gertatzen denaren antzera, Iparraldeko estatistika eta azterketa soziologikoak Frantziako beste ingurune batzuetakoekin batera nahasten dira. Hor ikusten dugu, beste behin ere, Euskal Herri bertako datu soilez egindako azterketen premian gaudela, eta oraindik ez zaiola behar bezala aurre egin arazo honi.
Nolanahi ere, langabeziaren eragin pean edo lehen lanpostua lortu gabeko pertsonak egon arren eta arazoak egon badaudela ahaztu gabe, ez dirudi benetako pobrezia poltsarik dagoenik. Joan den urteko azaroan biltzen genuen orri hauetan bertan (1.739 zk. ARGIA) Iparraldeko egoera. Orduan, hango langabeziari buruzko datuak eskaini genituen. Bertan bilakaera nahiko baikorra sumatzen zen. 1998ko irailean 12.379 pertsona ziren lanpostu baten premian zeuden pertsonak, eta handik urtebetera, berriz, 11.234 pertsona (%10 gutxiago). Garai horretan bertan 8.359 pertsonak jasotzen zuten langabeziagatiko asegurua edo laguntza, eta 6.354 pertsona Frantziako Estatuaren gizarte laguntzari esker bizi ziren

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan