URUGUAITIK IRUÑERA
Miguel Sanchez Ostiz nafar idazleak 1999ko irailean Gorritxenean sinaturiko liburuan, hau da, "Los Barruntos de la Botica" izenekoan, Gabriel Biurrun Garmendiaren biografia zabala, erran nahi baita kritikoa, literarioa, eskaini digu.
Gabriel 1889an jaio zen, Uruguaiko Rotxa herrian. Aita Izarbeibarreko Olkozko karlista bat zela medio guda galdutakoan alde egin behar izan zuen, Hego Amerikako alde hartan aterpea erdietsiz. Bertan abeltzaintzaren bitartez aberastu zen, halere, abereak garraiatzeko itsasontziak ere erabiliz.
Gabriel Iruñerat itzuli zen, tikitan, ikasketak egiterat. Saratsate (Valentzia) pasealekuko eskolapioetan eta done Jose plazako institutuan ere batxilergoa burutu zuen. Salamankan zuzenbide ikasketak gainditu eta abokatu bilakatu zen, Iruñean bertan bulegoa irekitzeko. Garai hartan, antza denez, hainbatetan Baiona, Iruñea eta Uruguai artean bidaiatu zuen. Uruguaik Nafarroan zuen ordezkari ofiziala bera zela erraiteak, halaber, ez gaitu harritu behar.
Abertzalea, Gabriel Euskal Herriko zenbait aldizkari nahiz egunkariren laguntzailea izan zen, "Gabirel" goitizena lekuko. Adibide gisa, EAJ alderdiak Iruñean karrikaratzen zuen egunkarian, "La Voz de Navarra" zelakoan kronika batzuk idatzi zituen, 1934an bilduma moduan "Discreteos" izenburupean Bilbon argitaratuz. Lantxo horien mamia feminismoa, ezkontzak, ohiturak eta jendearen aitzinasmoak zirela dio Sanchez Ostizek.
Bere lagun minen artean aita Donostia, Alfonso Gaztelu, Felix Gastearena, Javier Ziga margolaria, Walter Starkie kazetaria ziren. Dirudienez, Bigarren Mundu Gerra zela eta hegazkina galduriko piloto aliatuendako bitartekari lanak bete zituen, gaulanean lizentziaturiko anitzen artean ere, horregatik, laguntzat hartuz.
"Ekin" argitaldari abertzalearen bitartez "Rosas de Ninive" plazaratu zuen Buenos Airesen (1944) eta berrogeiko hamarkadan oraindik inprimatu gabe dagoen 172 orriko "Adios al viejo Pamplona" lana Iruñeko Udalak antolatzen ohi zuen "Olabe Liburutegia" lehiaketan aurkeztu zuen. Xalbadorren gisa, lirismoz eta tristuraz beteriko bere idazkeran XX. mendeko Iruñeko hizkera jaso zuen, "en la que pervivían, y lo harían por mucho tiempo, abundantes modismos vascos". Hamarkada horretan, ildo beretik, "Pregon" aldizkarian bertze kronika batzuk idatzi zituen, larunbateroko azokan bizi zen eta aspaldi desagertua den giro alaia islatuz. Iruñean hil zen, 1969an
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.