KOMUNIKAZIOA
Udalatx mendiaren pareko izan nahi du Goienak. Debagoiena bailara osoak begi bistan duen mendia bezain ikusgarria, garaia eta eskualdearen ipar orratz. Herri aldizkariekin egin bezalaxe, azti ibili dira oraingoan ere gisa honetako egitasmoa garatzeko orduan. Hain zuzen, Goitb lehen emaitza izan den arren, Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatibak, beste zenbait egitasmo biltzen du bere baitan, hala nola, bailarako egunkaria, irratia eta Internet, berandu baino lehen abiarazi nahi dituztenak Euskal Herri osora ere hedatzeko xedez.
Tokian tokiko berriak ematea izango da Goienaren indargunea. Egitasmoari izugarri samurtu dio bidea Arrasate Telebistako azpiegituraz baliatu ahal izateak. Halaxe, Goitb-ko emisio gune nagusia Arrasaten egongo da, gaur egungo ATBren egoitzan, Otaloran hain zuzen. Horrez gain, hiru ordezkaritza izango dira Aretxabaleta, Oņati eta Bergaran. Hasieran ATBko programazioa ardatz izango bada ere, ez dute Arrasateko kontuek protagonismo berezirik hartzerik nahi, bailara osoko ikuspegia eta tokian tokiko berriak tartekatu daitezela baizik.
Egitasmo hau haatik, ezinezkoa izango zen 80ko hamarkadaren hondarrean Arrasate Press aldizkariak bidea ireki izan ez balu, argia ikustean euskarazko herri hedabideen aitzindari bihurtu baitzen. Denbora gutxiren buruan, bailarako gainontzeko herriak beren aldizkariak plazaratzen hasi ziren, loraldia Euskal Herri osora zabalduz. Hona hemen Debagoiena bailara aldean dauden herri aldizkariak: Aretxabaletako "Aretxagazeta", Bergarako "Berrigara", Elgetako "Goikobekokale", Oņatiko "Kontzejupetik" eta Eskoriatza eta Gatzagako "Nun barri?".
Aipatu aldizkari gehi Arrasate eta Aretxabaleta telebisten bidez, kazetariak herri mailako informazioa landuz trebatu egin dira eta, bide batez, jendartean ohitura ere sortu da berriak euskaraz irakurri eta entzuteko. Orobat, azpimarratzekoa da herri aldizkari eta telebistei esker, euskarak, aspaldiko partez, dirua egiteko balio izan duela. Bere produktu edo zerbitzua iragarri nahi izan dituenak euskara erabili behar izan du-eta.
"Goiena egitasmoa bide beretik doa. Duela hamar urte herri hedabideetan hutsik zegoen gunea baliatzean egon zen koska. Bada, oraingoan beste hainbeste egin nahi dugu Goienarekin, alegia, besteei aurre hartu, atzean utzi ez gaitzaten" diosku Mikel Irizar Goienako bateragileak.
Beraz, satelite, kable eta telematikaren zirimola gainean dugula, Goienakoek ez dute ostrukarena egin edo lozorroan geratu nahi izan. Jakin badakite ate joka dugun telebista digitalean jendeak menu zabala izango duela aukeran. Gaikako kateak eta Interneten bitartez, gaur egun dugun eskaintzaren merkatua eskari merkatua bilakatuko da, zeinean ikusleak "eguneko menua" jatetik "kartara" aukeratzera pasako diren. Kate uholde horren erdian baina, berri lokalek aise atxikiko dute jendearen jakinmina, ez baitago satelite bidezko saiorik herriko kontuen tiradizoa gainditu dezakeenik. "Teknologia arloan gainera, duela 10 urte pentsaezina zena egingarri bihurtu da gaur egun. Garbi daukagu bide berri hau urratu beharra dagoela, eskualdeak tamaina egokia baitu elkarlanean aritzeko".
Tokikotasuna aldarri badu ere, irla bakarti bat izateari muzin egin nahi dio Goienak, euskarazko beste hedabideekin loturak bultzatu nahian baitabil. ETBrekin kasu, balizko elkarlan baterako prest agertu dira.
GOIENKARIA PRESTATZEN.
Bitartean, egitasmoa errotzeko diru iturriak lehen baino anitzagoak izatea nahi dute, Estepan Plazaola Goienako lehendakariaren esanetan "publizitatea eta diru publikoa izan dira finantziazio bideak. Orain aldiz, hirugarren diru iturri bat zabaldu nahi dugu, jendearena, alegia, Goienari bere ekarpena egin diezaion. Hirugarren hanka hori falta zaigunez, datorren urtean helduko diogu harpidedunak lortzeko ahaleginari".
Goiena abiarazteko hitzarmena zazpi euskara elkartek sinatu zuten: Arrasateko AED, Aretxabaletako Loramendi, Bergarako Jardun, Oņatiko Laixan, Eskoriatzako Axtroki, Elgetako Goibeko eta Antzuolako Idolazek. "Goienako partaide diren arren, elkarte hauek Goienako kudeaketatik kanpo daude une honetan. Bakoitzak bere herri aldizkariarekin segitzen du. Baina prozesu baten ondorioz, litekeena da Goiena herri aldizkari horien guztien kudeatzaile ere bilakatzea". Horri lotua, eskualde osorako aldizkari bat sortzearen ideia buruan darabilkite, urritik aurrera herri aldizkariekin batera osagarri gisa banatzeko. Gehigarria ordea, zubia baino ez da izango, egosten ari den "Goienkaria"k argia ikus dezan.
MCC-REN eRAGIN-PEAN.
MCCren harira, aipa dezagun bailarak dituen 65.000 biztanleen artean heren batek diharduela lanean, 20.000 inguru alegia. Bada, horien artean erdia baino gehiago MCCn, 12.000 lagun gutxi gorabehera. Plazaolak dioenez, "momentuz ez gaude MCCn sartuta. Dena den, aukera dago langileak Goienako bazkide izateko, udalak ez ezik, erakunde pribatuak ere bazkide laguntzaileak izan daitezke".
KABLEA BURUAN.
Bestetik, bailara osora zabaltzeko egin beharreko loturak daude sare eraginkor bat osatzearren. Udaldia frogak egiteko baliatu dute, herrien arteko elkarlanak eman ditzakeen zailtasun tekniko eta bestelakoak gaindituz. Gauzak horrela, joan den udaberritik Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Aramaion ikusgai izan delarik, udazkenean, Bergara, Oņati, Elgeta eta Antzuolara zabalduko da Goitb-ko seinalea. Eta arestian esan bezalaxe, Arrasatetik hedatuko bada ere, Bergara, Oņati eta Aretxabaletan ordezkaritzak ere taxutu dituzte plato baten gisara jarrita. Udazkenetik aurrera aldiz, Goitb bailara osora zabaltzen denean, Bergarako eta Oņatiko ordezkaritzetatik zuzenean sartzeko aukera ere izango da, "baina oraingoz, Aretxabaletatik bakarrik" agertu digu Jon Aldanondo Goienako teknika arduradunak. "Beste bi adarrak abiatzeko, alegia, Bergarakoa eta Oņatikoa, inbertsio handiagoak egin beharko dira; baina horretarako, erakunde publikoekin hitzarmenak lotu beharko dira".
Analogikoan emititzen jarraituko badute ere, epe erdira kable bidez helaraziko da Goitb, "Arrasaten kablea ipini gabe dago oraindik eta Bergaran leku batzuetan bakarrik. Bailara gehiena kableatuta dagoenean ekingo diogu kablez emititzeari". Hain zuzen, hitzarmena dute Euskaltelekin berauen plataforman sartzeko, "herri bakoitzean Euskaltelek kate bat libre utzi behar dio Udalari, bere programazioa eskaini dezan". Kable bidezko irudia eta soinua askoz hobeak dira euskarri analogikoan baino, bideo galera oso txikia baita. Lotura gehiago ditu edozein lekutatik sartzeko aukera ahalbidetuz. Joan-etorriko seinalea, gainera, elkarreraginezkoa da, hau da, ikusleak saioetan parte hartu ahal izango du.
Halaber, unitate ibiltari berria estreinatu du Goiena Telebistak. "Bailarako edozein tokitako gertakariak edo ekitaldiak zuzenean eman ahal izango ditugu unitate ibiltariari esker: kirol emanaldiak, kultura ekitaldiak, herrietako festak eta abar. Dudarik ez da honek jauzi kualitatibo ikaragarria dakarrela, herrietako ordezkaritzetatik ez ezik, bailarako edozein bazterretatik ere zuzenean emititu ahalko dugulako" erantsi du Aldanondok.
Bestalde, Internet eta telematika kontuak azterketa fase batean daude oraindik. Kontuak kontu, lau bat fase horietan, 40 milioi pezeta xahutu dute.
HARROBI JORIA.
Bestalde, elkarlanaren ondorioz finkatuko da euskara batua edo euskalkia erabiltzea. Bailarako mintzamoldea nagusiki bizkaiera bada ere, herri batetik bestera aldaketarik badelako. Horren jakitun da Iriziar, "egin kontu, Oņatin edo Bergaran berezitasun fonetikoak dituzte. Esaterako, batuan 'esan diot' hori bizkaieraz 'esan dotsat' baldin bada, 'esan jat' diote Bergaran. Saio batean aldagai horiek guztiak sartzea beraz, gehiegizko mazedonia litzateke. Nire ustez, euskalkiek kutsatutako batua erabiltzea da egokiena. Eta herritarren kaleko hizkera aldiz, bere horretan jaso. Iritziak iritzi, Goienako batzordeak erabakiko du zein euskara hobetsiko den".
ETBrentzako harrobi naroa izan da Arrasate Telebista. Horra hor Jon Andueza, Ane Igartiburu edota Maider Egües kamera aurrean eta beste zenbait profesional trebatu kamera atzean. Orain, egitasmo handizaleago honen baitan dela, Goitbk jauzi-ohola izaten segiko du, baina ez soilik telebista handiagoetara joan daitezen, Goiena, bere horretan, enpresa multimedia garrantzitsua bihur liteke-eta. Hona hemen Goitbko albistegi lantaldea osatzen duten kazetariak.
Amagoia Lasagabaster:
Lorea Agiriano:
Aintzane Gardoki:
Rosa Mondragon:
Monika Belastegi:
Maider Osa:
Bailararen atxikimendua euskararekiko pisuzkoa da proiektu honetan sinesteko. Hain zuzen, Debagoiena bailaran, bi urtez gorako euskaldunak 40.000 dira guztira; ia euskaldunak 8.000 eta erdaldunek berriz, 14.500eko kopurua harrapatzen dute, alegia, biztanleriaren %20 inguru baino ez dira. Arrasaten esaterako, biztanle autoktono gehienak euskaldunak dira.
Hala ere, 1950etik 1980ra arte Espainiako hainbat lurraldetatik etorritako etorkin multzo handiaren eraginez, udalerrian erroldan jasotako biztanle guztietatik %50k bakarrik daki berbetan euskaraz. Nolanahi ere, hainbat arlotan egiten ari den lanaren ondorioz, -ikastola eta ikastetxeek, kultur erakundeek, Udalak, eta abarrek- euskara suspertzeko eta euskara jakin eta erabiltzeko joera zabaldu da.
Bergaran adibidez, erabilera 14 urte artekoen artean %60 inguruan dabil; ezagutza aldiz, %90koa da. Erabilera %45 ingurukoa da gazteen artean. 25 urte eta 65 urtekoen artean ordea, ezagutza %50ekoa den arren, erabilpena %25era jaisten da. Adinduen artean %40 inguruan dago erabilera, ezagutza %60koa izanez. "Honen kontura hala ere, kalkulu akats nabarmena egiten da, alegia, ezagutza %90ekoa baldin bada eta erabilera %60koa; bada, %30eko jauzia dagoela esan ohi du jendeak. Bada, ez, hori baino konplexuagoa da. Esaterako, lau lagunen artean bi euskaldunak badira, bi horien arteko harreman konbinaketen artean, bakarra dago euskaraz egitekoa, beste biekin erdaraz egin behar dutelako. Aldagai hori beraz, ez da kontuan hartzen" zehaztu digu Plazaolak
![]() |
|
||||
1773 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa