"PASTORALA EZ DA ANTZINAKO SOZIETATEAREN MIRAILA"

  • Paue eta Zuberoa artean bizi da, lanbideari eta sorkuntzari estu atxikia. Batzutan, ordea, zuberotar beste kreatzaileengandik urrun ikusten omen du bere burua; artista izaera medio, bakartasuna bizi du batzutan. Ez du sofritzen lehen beste, alabaina: "Desoreka batean bizi naiz, anbibalentzian bizi naiz, orokortasuna bilatzen dut, sofrikario horretan garatzen dut ene bizitza". Haatik, norabait abian delarik, ez omen du bere burua bide hertsien barna mugatzen.

2000ko uztailaren 23an
Zure obran, zure kantuetan eta zure aipuetan etsipen gisako arrasto bat ageri da. Gaztetasunetik eramaten den etsipen puntua ote da zurea?
Ttipitako frustrazio bat da hori; hainbat sofritu bainuen ttipitan. Mauleko eskolara joaitean bizitua. Muskildin edota Urdiñarben euskalduna izatea gauza naturala zen, Maulen ez. Ez bakarrik eskuararen aldetik, hiriko gauza ere bazen, baserriko izaitea izugarria zen. Hartara, errebeldia amini bat sortu zen eskualdunon baitan. Zenbaitek errebeldia hori baliatu zuten eskuararen kontra joaiteko. Belaunaldi zenbait Parisera joan zen Euskal Herria fini zelakoan. Funtzionario eta jendarme sartuz hainbat. Beste batzuk, berriz, eskual kantuari eta kulturari ekin genion. Sofrikario hori daramagu nolazpait.

Zuberoako edota Mauleko sozietatean, bestenaz, zatiketa sentitu zenuten?
Mauleko burgesiarekin bai, bertako burgesiaren hertsidura bizi izan genuen; Zuberoako mentalitate hertsiaren aldetik zokoratze bat bizitu genuen, ez herri bihotzetik, ez baserrian. Herra pixkat bat gordetzen dut Mauleko jende handikiarekilako. Jende hori, burgesia ttipia funtsean, egun pastoralaren alde agertzen da, gartsua eta fidela, baina orduan ez. Ni hiriburura ikastera joan nintzen garaian ez zen halakorik bederen. Maule orain baino azkarragoa zen orduan ekonomikoki, burges ttipi eta herri xehearen artean alde handiagoak ziren. Orain berdindu dira klase horiek. Gu, berriz, laborari semeak ginen, badakizu...

Egun, berriz, nola ikusten dituzu zure inguruko euskaldunak?
Egun, eskualdun anitzek pentsatzen du Euskal Herria munduko bihotza dela; hori ere ez da ona. Frustraziotik jalgitzeagatik ez da bortxazko ekimenik egin behar. Alde horretatik sofritzen dut, ikusiz nola erdi hilak garen eta halako urguilu handi batekin oldartzen garen bizitzan. Umiltasun gehiagoz joan behar dugu munduan, Zuberoan, Iparraldean eta Euskal Herrian orobat.

"Baratze bat" diskoa plazaratu duzu berriki. Zer da berau zure ibilbide artistikoan?
Disko hau kasualitate bat izan da enetzat; ez nuen egitea pentsatzen. Gizakien arteko harremanen fruitua izan da. Jose Angel Arbelaitz eta Xabier Lete adiskideak gibelean izan ditut, besteak beste; Karlos Gimenez funtsezkoa izaki. Elkarlanean etxeari esker ere bada hein batean. Egia erran, ez da ene nahikaria izan, baina gertatu da.
Alta, ezin da ukatu, denok dugu nartzisismo puntu bat, eta horrekin bizitzen gara. Denek badugu nartzisismo puntu bat, eta hemen egin dudana hori da. Pentsatu dut, enetzat lehenik, bilduma txiki bat egitea on litzatekeela, xumeki. Disko baten egiteko halako zerbait behar da. Adin batekin hori guztia hobekiago asimilatzen duzu. Inkontzienteki gertatzen da. Ene nortasunean hozka bat utzi dut, nolazpait; konfiantza gehiago hartzeko balio izan dit. Alta, enetako, garrantzitsuago da pastoral bat egitea.

Pastoralgile trebatua izaki, nola bizi duzu pastorala gaur egun?
Gazte-gaztetan pastorala gauza iragankorra izanen zela uste nuen, orain pentsatzen dut oso modernoa dela. Badu bere mezua, eta bere erritoan betiereko jite bat. Ez daukat ene burua komunikatzaile ontzat, eta pastoralean aritzeak jendearekilan harremanetan sartzera behartzen nau. Pastorala egitean harremanetarako legitimitate handia hartzen dut. Pastorala apailatzea historian sartzea da, historian lan egitea, hori xerkatzen dut.

Hastapenean sofritu izan omen zenuen. "Harizpe" pastoralean berritzaile eta hausle izateaz kritikatu zintuzten.
Bai. Baina harrezkero, ikuskizun moderno baten legetan sartu da pastorala. Nik maite dut kritika, kritikak norberaren baitan erreusten du zerbait beti. "Harizpe"z geroztik, ikustez bederen, herri guztiek egin dute "Harizpe"ren hainbat berdin. Nehor ez dela gibelera etorri erran nahi dut: jantzien aldetik, ikuskizunaren legearen aldetik, berrikuntza sortzeko ideien aldetik... Denek egin nahi izan dute zerbait berri "Harizpe" pastoralaz geroztik.

Pastoralak elizako kutsua du. Zuberoako giro eliztarrak ez bide zaitu aise onartu.
Zuberoan apezek -eta hauen ingurukoek- sozietateko elitea direla pentsatzen dute. Pastorala haiek baino hobekiago egitea ez dela posible uste dute. Apezek nahi dute pastoraletan haien legimitatea azkartu, lehenik haiena dela ziurtatu. Ez dut herraz erraiten. Gaineratikoak, gu sekularrok, ondotik heldu gara beren ustez. Hori guztia inkontzienteki gertatzen da, baina funtsean holako zerbait badela pentsatzen dut. Pier Paulek pastorala egitean komedia musikala egin ote zuen pentsatu izan zuten, eta ez pastorala. Hori epaiketa txarra da. Ofentsiboki eta agresiboki jokatzea ere bada.

Aurtengo pastorala apailatzeko Eskiulatik deitu zizuten. "Maddalen Jauregiberri" ondu duzue. Zer nolako esperientzia bizitzen ari zara?
Eskiula herri oso bitxia da. Biarno partean da admistrazioaren aldetik, oso euskalduna da alta. Horrek erran nahi du egiturek ez dutela eskualduntzen, ez direla aski eskualduntzeko. Egunen batean Eskual Departamentu bat bada, Baiona eskualdunduko da gehiago? Ez dakit. Nahi nuke ikusi. Egitura ez baita aski bihotzaren zabaltzeko, ene ustez. Eskiulak bihotza badu.
Eskiularrek aspaldi zuten gogoan pastoral bat jokatzea. Suertez, enekin egin nahi zuten, 2.000. urtean egin ere. Sujeta ez zuten emana. "Zuk ekarri eta guretzat ongi izanen da", erran zidaten. Maddalen Jauregiberri nuen aspalditik gogoan. Bere bizitzarengatik lehenik. Bigarrenik, mende berriko lehen pastoralean emazte bat protagonista izanez, modernitatearen seinale ederra izaiten ahal delako. So egiten badugu pastoral generoa eta erritoa, Zuberoako mugan emazte garaikide bat protagonistatzat hartuz, denborarekin lotura bat erdiesten dugu. Mende oso bat bizi zuen emazte honek, bi gizaldien gaindi. Bere familia zatitua bizi izan zen; zuri eta gorri, eskualdun eta ez eskualdun. Espainiako gerra zibilaren denboran, Franco eta hemengo Ibarnegarairen jarraitzaileak ziren bere familiako erdiak, kontserbadoreak: ordena, zuzentasuna eta zorroztasuna. Beste erdia, iheslarien babesten eta frankisten kontra aritu zen. II. Mundu Gerran berdin, petenisten alde batzuk, erresistentziakoen alde bertzeak. Maddalena, tarteko, herriaren eta euskararen aldeko militantea izan zen. Hartakotz hautatu dut.

Hegoaldekoen begietara nola sentitzen zara pastoralgile gisa?
Zaila zait horri erantzutea. Pastoralera jiten den publikoa pixka bat intelektuala da; ez da gazteria zabala etortzen pastoralaren ikustera. Jende prestatua da gehienbat. Heldu dira, pixka bat, lehenagoko baratze galdu hartara, antzinako Zuberoara, eta Zuberoa engoitik ez da hura. Zuberoa egungo gauza bat da. Eskiulan ikusten dudanez, nik bezala egiten dute lana. Bizi moderno bat dago, jendea joan-jinean bizi da. Pastorala ez da antzinako sozietatearen miraila, egungo arte baten sortzea da, herriko gauza naturala da.

Ez duzu egitura politikoetan konfiantza handirik. Alta, Iparraldean eta Zuberoan partikularzki euskara hiltzen ari da.
Hori arazo ikaragarria da. Egiturak baitezpadakoak dira. Hor dituzu ikastolak eta bertze; egitura politikoak baino lehenago eginak izan direnak. Egiturak bai; ez naiz kontra. Izan dadin Baionan prefetura eta Maule suprefetura, bada, ongi. Ez naiz kontra, kasu! Baina ez dut ikusten hor dela Euskal Herriaren salbazioa. Batzutan alibi edo koartada gisa erabiltzen ote den beldur naiz. Ez dezagun pentsa horregatik egoera asko aldatuko denik, agian bai, baina gutti enetako.
Nahi nituzke betiere nafarrekin eta hegoaldeko eskualdunekin harremanak estutu; eskualdunentzat, kasu, unibertsitate bat egitea. Egiturak bai, prefosta, baina ez administratiboki soilik. Ez dut uste Euskal Departamendu berri batek gauza hainbeste aldatuko duenik. Sortze berri bat behar dugu; alta, ez dut ikuspen berri bat atzemaiten. Agian tronpatzen naiz, eta barkatu, baina Baionan eskual gauza gutti ikusten dut.

Bestalde, "Euskal Spiritua" agerraldiak profesionalismoan pentsatzeko irrika ematen du. Zuri ez?
Zirkuitu profesionaletik, marketing mundutik desbideratu dut ene eginbidea. Ez naiz profesionaltasunaren kontra. Ez da hori. Euskal arte eta kulturan dirua behar da. Guk ere behar dugu halakoa. Baina ene bidea ez da hori. Nik bertze bide bat hautatu nuen. Ene ikusmoldetik artegintzan arazoa izanen dugu aitzinantzean, artea ez baita kontsumitzen den gauza bat, ez bakarrik bederen. Artea herriarekin sortu behar da, herriak ez badu artea sortzen, arte sortzaileak galtzaile geldituko gara.
"Euskal Spiritua" edo "Elkanoren Semeak" agerraldiek indar handia dute, baina agertu ahala bere indarra galtzen dute. Emanaldi gehiago egiteko zirkuitu profesionalean aritu behar dugu, eta nik bertze manera batez funtzionatzen dut. Bost bat hilabetetan espiritu berezi bat sortzen dugu, bizitzeko molde bat funtsean. Ikuskizun eguna inportantea da, baina bizi izan dugun bost hilabeteko aldia inportanteagoa.

Egun loriatua bizi zara pastoralarekin. Magikotzat jotzen duzu.
Maite dut izen hori; pastorala magikoa da. Non ikusten dugu pastorala bezalako ekimenik? Ez dugu beste nehon ikusten. Zirkuitu profesionaletik landa ez dugu halako ideiarik kausitzen; ez anitz bederen. Ez da soilik pastorala egitea, pastorala egiteko sortzen den amodioa dago, jende arteko maitasuna.

Paue eta Muskildi artean bizi zara. Nola ikusten duzu Zuberoa, nola zure burua pertsonalki eta artistikoki?
Zuberoak lehenbizi bere laborarien beharra dauka. Ene herrian uros bizi dira; ni bezain. Nekez baina laborariek badute beren tokia egungo munduan. Paueko mundu modernoaren eta Zuberoaren artean daramat bizitza. Geografiak ez du lehen bezala kontatzen. Bidean bizi naiz berdin. Bankuetxe batean lan egiteak -formatzaile gisa- libertate bat emaiten dit. Artistikoki ez dut ene burua profesional gisa ikusten. Egin nahi nituen guztiak egina ditut; ez naiz frustratua. Menturaz, egin dudana baino gehiago eta hobekiago egiten ahal nuen. Azken 15 urteetan zerbait egiten dut urtero. Zuberoan jendearekin sortu ditudan harremanek biziki aberastu naute. Zuberoako herrietako bizizaleekin garaturiko harremanei esker, gustura bizi naiz ene espirituarekin, artistikoki nolabaiteko legitimitatea atzeman dut Zuberoan, eta hori ez da beti aise.

Gibelara soz, gaztetan nahi zenuen guztia erdietsi al duzu?
Behinola, Damaskorako bidean, argia ikusi nuen Beñat Sarasola eta Guk taldeko bertze lagunekin topatzean; suerte handia izan zen enetzat. Eskual kantua, kultura eta hizkuntzari lotua bizi naiz, eta ez dut duda egin sozietate horretan zela ene eginbidea. Bakezko bide zuzena, gure bizimoldeak jarrai dezan. Hori da ene gauza garbi bakarra. Ene bizitza pertsonalean gudu asko libratu dut. Ene bizitzan baitezpadako bi euskarri ukan ditut: herria eta etxea. Hirugarrena xerkatzen dut. Baina zein da hirugarrena? Jainkoa edo lurrekoa amodioa? Badakizu, eskas dugun zerbait xerkatzen dugu. Birekin ontsa zara; bat galtzen baduzu, lurrera zoaz. Hobe hiru ukaitea. Laugarren euskarririk ez dut nahi, lau puntu sobera dukezu. Mugiezin gera zaitezke. Menturaz, laster plantatuko naiz Zuberoan bizitzen. Lana utzi eta bertze gisa batez bizi, agian

Hamarrekoa
Hamarrekoa
ALLANDE OIHENART
"Bernard Etxeparetik landa, lehen idazlea zuberotarra. Idazle laikoa eta amodioaz eskuaraz idatzi zuena"

PIARRES BORDAZAR 'ETXAHUN IRURI'
"Zuberotarron ugazaita artistikoa, hots, aitabitxia"

JUNES XÜBURU
"Zuberotar lagun filosofoa"

MARZEL ETXEHANDI
"Ene kontseilari izpirituala. Ene bihotz-ontzaile. Biziki hurbila dut"

BEÑAT SARASOLA
"Hein handi batean berari zor diot musika munduan eginiko bidea"

MIXEL BERZAITZ
"Anaia"

DOMINIQUE ESPIL
"Ene uztarriko laguna. Bera gabe ezin izanen nuke gauza handirik egin"

KARLOS GIMENEZ
"Musikari handia. Badu euskal espiritu berezi bat. Berezko xumetasuna, apaltasuna"

XABIER LETE
"Euskal Herriko olerkari handienetako bat. Frantziako Apollinaire-ren parekoa. Poeta unibertsala. Sofrikario handia jasaten du egun maleruski"

ITXARO BORDA
"Bihotz handiko emaztea. Poesia iturri agortezina da Itxaro"

Tantoa
Tantoa
Bere sustraiak sakonki erroturik Xiberoko lurraldean -usu zilarrezko kolorez tindatzen duena-, Etxahun Iruriren melodietan junpaturik, laurogei kanturen eta lau pastoralen egilea -"Elkanoren Semeak" eta "Euskal Spiritua" agerraldien sortzailea-, Pier Paul, "Baratze bat" azken diskoarekin, euskal baratzean sartu da bere bidea areago zabaltzeko.
Bizitza profesional eta ezinbestean kartesiar batera desbideratu baino -Pier Paulek berekin darama poesia-, irrazionalerantza bidea da berea, zinezko xerkatze edota bilakatze espirituala.
Hertsikeri kulturala hautsi beharraz oharturik, gazteek nonahi bizi eta (hirian nahiz mendian) xede berberak dituztela eta ezberdintasunak aberasgarriak direlakoan, Pier Paulek, bere eskual arima eragin kosmopolitari irekiaz -izarian ontsa atxikirik betiere-, bluesa darama bere baitan; espresio gustagarria. Xerkatze hauen guztien estekagailua musika duela, doinuak nola eleak talentuz daki ezkontzen.
Bere bizitzaren bilakabidea islatzen duten obrek arrunta ez den eklektizismoa erakusten dute beregan. Alabaina, berberak balio iraunkorretan pausatzen dira: bere jatorrizko kulturarekiko begirunea, euskararekiko maitasuna, unibertsaltasunaren egarria, gizabanakoen bilakabidearen gorespena, galkorrarekiko atxikimendua eta betierekoan fedea.
Izarrez ereindako bide honetan, zenbaitzuek, lokarri gisara-edo, datozen belaunaldientzat ildo ezabagaitz batzu utzi behar direla pentsatu genuen. Baita berak hala egin ere. "Baratze bat" azken bilduma atseginez eta gustura galtzen garen zinezko laberintu bat da. Gero eta gehiago entzun eta areago maitagarria!
Okerrik ezean, Pier Paul bertze proiektuetan abiatu da engoitik. Kari horretara, adiskide fidelak eta sortzeko zorian diren talentuak nahiago ditu bere inguruan bildu, eta ez artistaren bakartasunean laketu


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude