BEUDE BI LIBURUOK HILIK, BAINA EKAR DITZAGUN EUREN PROPOSAMENAK BIZIRA
Zail da esaten Alberdania etxeko Zerberri saileko lan-ildoetan -lekukotza, dibulgazioa, elkarrizketa/erreportaia, gogoeta, gaurkotasuna- zein dagokie Saizarbitoria eta Lertxundiren liburuei. Funtsa duten obra guztiak bezala, generoen eta sailkapenen konbentzioetatik haratago daude biak hala biak ere. Obraren funtsa, berriz, esan gabe doanez, ez dago orrialde kopuruaren baitan, obrak egiten duen ekarpenean baizik.
Elkarren oso bestelakoak dira Lertxundiren eta Saizarbitoriaren obrak, eta, hala ere, elkarren osagarri. Azalean dira, batez ere, elkarren bestelako. Sortzeko erak berak eragindako aldea izan daiteke hori: UEUko hitzaldi bat dago Saizarbitoriarenaren jatorrian; lanketa pausatuago bat, aldiz, Lertxundirenean. Lertxundirenak euskararen inguruko eztabaida ordenatzeko planoa, gidoia, ezartzen digu, eta euskara zehar-lerro erabatekoa da gure gizartean, liburuan ongi frogatzen denez. Saizarbitoriarena, berriz, eskarmentu pertsonalari lotuago dago, eta intuizio aberasgarriz (gauzak ikusteko modua aldarazten diguten intuizioak dira, nire hiztegian, aberasgarri). Zein bere aldetik, ordea, azken aspaldion euskararen inguruan egin den ekarpenik aipagarriena osatzen dute bi liburutxook. Are gehiago biak batera hartuz gero.
Zerberri sailaren asmoa liburuak saltzea dela ezin ukatuko dugu, bestalde. Alde horretatik, beraz, nahiko pozik agertu behar genuke bi liburuokin. Sailak badu, ordea, beste -eta bestelako- helbururik ere. Euskarazko liburugintza gehiena bezala, herrigintzaren atal ere bada, batetik. Bestetik, berriz, gogoeta eta eztabaida suspertzea du, hasiera-hasieratik, xede (ez lan-ildo guztietan, baina bai hauetan), eta, alde horretatik, emaitzak ez dira pozez txoratzeko modukoak izan.
Egia da liburuak dezente laudatu direla, bere oihartzuntxoa izan dutela hedabideetan. Prest nago liburu moduan merezi zuten adinako oihartzuna izan dutela onartzeko ere. Hedabideek, ordea, den-dena berdintzen dute, dena euforikoki enfatizatu behar ero horren bidez. Hamabost egunetan dibertimentu gisa idatzitako liburu inora ez doana eta mendeko proposamenik tajuzkoena dakarrena, "liburu" dira biak hedabideetan. Deskuidatuz gero (alegia, aurkezpenean irudi egokia eskainiz gero), jolas hutsa baino ez denari toki zabalagoa emango diote, gainera hedabideek. Hedabideek? Ez, noski. Kazetariek.
Eta horretan ez dakit asmatu dugun. Ze formato behar du gizarte honek usteltzen ari zaion arazoari behingoz adarretatik heltzeko proposamena aintzat hartzeko? Erret dekretua? Lehendakariaren gutuna? Alguazilaren bandoa?
Zakurraren bibolina! Hor daude Lertxundiren eta Saizarbitoriaren liburuak, gure hizkuntza zaharraren arazo zahar eta berriei bestela begiratzeko proposamenez beteak. Ez naiz liburuak saltzen ari. Aspaldi aurkeztu ziren, eta liburuek gaur egun duten bizi-esperantza gero eta laburragoa kontuan izanik (hamabost egun? hilabete?) ezin esan bi liburuok gazterik hil zirenik. Beude hildako liburuen bake-atsedenean.
Liburuok eragin zuen kezka eragin zuten arrazoiek, ordea, lehenean diraude. Beude liburuak hilik, baina ekar ditzagun Lertxundiren eta Saizarbitoriaren proposamenak bizira. Ez dauden-daudenean onartu eta aplikatzeko, hil edo biziko zaigun eztabaidari behingoz ekiteko baizik
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.