GIZA GENOMA
BIZITZAREN LIBURUTEGIA ZABALIK DAGO
Iosu Etxaniz
Aurkeztu berri digute giza genomaren sekuentziazioaren mapa. Urte askotako lana dago oraindik, baina zer itxaron behar dugu?
Giza genoma gizatasunaren gakoa dugu. Honek gure zelula bakoitzari zer egin eta nola egin esaten dio, denetariko partiturak jotzen dituen gorputzaren orkestra zuzendaria bailitzan: begien kolorea ekoizteko agindua ematen du, eta baita ilea, azazkalak, minbizia, depresioa, haserrea eta beste milaka "produktu" bideratzen ditu. Beraz, gene bakoitza "Bizitzaren Liburua" bada, giza genoma "Bizitzaren Liburutegia" kontsidera dezakegu, geure espezieari buruzko informazio osoa biltzen duen "eraikina"; eta ezin eraikin txikia izan, geure gorputzaren zelula bakoitzean 500 orrialdeko 200 telefono-gida betetzeko moduko informazioa daramagulako. Eta azkenean informazio kopuru izugarri hori -azken finean gu geu garena- irakurtzeko gai izatera heldu gara.
Genomaren mapa deskubritu zutela adierazi zuten ekainaren 26an. Ez da hain harrigarria mundu guztiari egindako aurkezpenean Bill Clinton eta Tony Blair politikariek parte hartu izana. Aurkezpena egiteko modua (satelite bidez planeta osoarentzat) eta hitz superlatibo eta konparaketa exajeratuak (gurpilaren asmakizuna ala gizakia Ilargira iristearen parekoa, "Jaungoikoak bizitza sortu zuen lengoaia") erabiltzea ere ez dira harritzekoak. Aurkeztu zutena da harrigarria; "inoiz egin den maparik garrantzitsuena" ezagutarazi baitigute. Aurkikuntzak berak garrantzi praktiko eskasa badu ere, gaur egun imajinatu ere ezin ditugun aurrerapenentzako ateak parez-pare zabaldu ditu berriak.
Sei herrialdek (Estatu Batuak, Britainia Handia, Frantzia, Alemania, Japonia eta Txina) parte hartu duten kontsortzio publikoaren eta Celera Genomics enpresa pribatu estatubatuarraren arteko lehia biziak (lehenaren 1.100 zientzialari bigarrenaren 300 konputagailuren aurka) zientziaren epeak murriztea lortu du. Lehenbiziko emaitza 2005. urterako jasotzea espero zen eta dagoeneko gure ADNaren geneen %97 sekuentziatzea lortu dute. Jadanik "Gure Liburutegia" osatzen duten letra ia-ia guztiak ezagutzen ditugu, baina oraindik ez gara berauek deszifratzeko gauza, ez dakigu zein hizkuntzatan idatziak dauden; hala ere, aurrerapen zientifikoek hartu duten abiadura ikusirik, berandu baino lehen deskubrimendu honen onura eta arriskuak ezagutzen eta neurtzen hasiko gara.
Gainera, kontuan hartu behar da ikerketa zientzia aldizkarietan argitaratu ondoren, informazio guztia udazken honetan Internet bidez edozein adituren esku izatea espero dela. Edonola ere, bi lehiakide hauen (kontsortzio publikoa eta Celera Genomics enpresa pribatua) akordioaren eraginez enpresa pribatuak giza genoma patentatzeari uko egiten dio. Hartara, botikak, patentea lortuko dituenarenak izango dira etorkizunean.
ETORKIZUN ARGILUNA.
Deskubrimenduaren ondorio gisa, esaterako, gaixo gaudenean zein genek kale egiten duen jakiteko bidea zabaldu da, eta akasdun genea aurkitu ondoren sendatzeko aukera ikaragarri handiak izan ditzakegu. Orain dakigunaren ondorioz, proteinen funtzio ez-zuzenak (gaixotasunen benetako arrazoia) aldatzeko gai izango diren botikak ekoizteko moduan izango gara hainbait urteren barru. Litekeena da 20 bat urte barru pertsona bakoitzak bere "mapa genetiko indibiduala" ezagutzea, hartara zenbat gaixotasun jasan beharko duen erraz ezagutu ahal izango du; jaiotako umearen informazioa CD-ROM batean grabatu eta medikuak edonoiz kontsultatu ahal izango du baita ere.
Hurrengo urratsa pertsona bakoitzari egokitutako farmakoen ekoizpena izan liteke, eta honen ondoren, betidanik gizakiaren ametsa izan denari ekin ahal izango geniezaioke: zahartzaroari aurre egin ahal izatea. Ordurako, 100 urtetik gora bizitzea ez da pribilegiatu gutxi batzuen esku bakarrik egongo.
Honezaz gain, jakina, legedia ere aurrerapenoi egokitu beharko zaie, eta oso atzean geratu nahi ez badu, bizpahiru urtetan, bazterketa genetikoaren aurkako legedi orokorra beharrezkotzat aurrikusten da. Hortik aurrera bere egokipena etengabea izan beharko da, etorkizuneko zientziak gure gizartean sekulako eragina izango baitu. Aberats eta pobreen arteko -edo botikok erosteko gai edo ez gai direnen arteko- distantzia areagotzea eta kontrol sozialaren areagotzea bezalako arazoak aurreikusten dira, eta, beraz, era guztietako adituak gaiaren muga etikoak planteatzen hasiak dira. Hasteko eta behin, giza genoma ez da patentatuko, hainbat zientzialarik eskatu duen moduan, eta hori behinik behin, pixka bat lasaiago egoteko moduko arrazoi bat bada
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.