BAHEA
Jesus Egiguren buruzagi sozialista: "Ederto dakigu Alderdi Sozialista gabe ez dela inongo gobernurik izango Euskal Herrian. Lehendakaria sozialista ez bada ez da itunik izango ez EAJrekin ez PPrekin".
Xabier Arzalluz, EBBko lehendakaria: "Helburuetan bat gatoz EHrekin baina gu armen erabileraren aurka gaude eta beraiek bide horretan ari dira".
Jose Bove, 'Confederation Paysanne' nekazal sindikatuko nazioarteko eleduna: "Euskal Herriaren borroka herriek beren buruaren jabe izateko eskubideen aldekoa da".
Jon Maya, Euskal Herriko Aurresku Txapelduna: "Polita izango litzateke barruan dauden guztiei Agurra eskaintzea".
Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria: "Herri batek, gizarte batek eskatzen duena ez ematea bide arriskutsu batean sartzea da".
Rafa Diez, LABeko idazkari nagusia: "Konstituzioaren xedapen gehigarriak azken 22 urteetan hor egon da eta ez dituzte erabili".
IZPIAK
Jaime Mayor Orejak iragarri du jada, espero bezala, bera izango dela EAEko lehendakarigaia. Ez du samurra izango Ibarretxe gailentzea, baina alderdi ez abertzale bat lehendakaritza ateratzeko inoiz izan duen aukerarik handiena izango du. Udan zer gertatzen den ikusi behar, hauteskundeak udazkenera edo udaberrira aurreratuko diren ikusteko.
Alberto Lopez de la Calleren espainaratzea bertan behera utzi zuen hiru hilabetez Versailleko Administrazio Auzitegiak. De la Callek zazpi aste eman ditu gosegreban, eta bere "egoera argitu bitartean" gose greban jarraituko du.
Juan Jose Laborda Espainiako senatuko lehendakariak, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia Ardanza Plana senatuan azaltzeko gonbidatzea proposatu du.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Esne-belarrari darion esnea ozpinaz nahastu eta bertan bustitako oihalezko enplastua garatxo eta gogorrunetan gau batez jarriz gero, bertako zelulak akabatuko ditugu.
guztia irakurri
OSASUNA
Jabier Agirre
Espainiako botikariek egindako ikerketaren arabera, hamabi urtetik beherako haurrak ez dira ondo elikatzen: fruta, berdura eta esne gutxi eta bazkari bizkor koipetsua hartzen dute.
guztia irakurri
TERMOMETROA
UDAL APURKETEN ZAILTASUNA
EA-REKIN egin du topo EAJk Sopuertan, eta Gipuzkoan ere berdintsu gertatuko dela aurreikusi liteke, udal bakoitza aztertuko duela iragarri baitu EAk. EAJk ez du Gipuzkoan Bizkaian duen nagusitasuna eta horrek galga jarri dio bere ekimenari. Dena den, gerta liteke baita ere, beste atentatu baten ondoren EAk jasan dezakeen presioen ondorioz gauzak aldatzea. Dena den, alderdi abertzaleen elkarlan honek lehenagotik du indarra Gipuzkoako herri garrantzitsu zenbaitetan eta horrek akordioei ere beste sendotasun bat eman diezaieke.
ITOIZ EUROPAN ZEHAR
ITOIZ-KO solidarioek izen bereko urtegiaren aurkako mezua zabaldu dute bederatzi hilabetetan Europan zehar, ekintza ikusgarrien bidez herritarren arreta erakarriz. Irudimena eta protestarako gogoa ez zaiela falta erakutsi dute berriz solidario hauek. Halaber, oso gogor kritikatu dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, beren ustez, "organu honek legezko egin duelako legez kanpo zegoena".
BATASUNA EDUKIEN FASEAN
METODOLOGIA fasea amaitu ondoren Batasuna eztabaida prozesuak, edukien faseari ekingo dio ekarpenak taldeka edo pertsonalki egiteko aukera eskainiz. Irailaren 30a arte dago txostenak aurkezteko aukera. Ondoren eztabaida hasi eta txosten bakarra egingo da. Urritik aurrera eta 2001eko apirila bitartean alderdi berriko organuen hautaketa hasiko da: Martxoko bigarren hamabostaldian izenak proposatu eta apirileko lehen astean hautatu. Prozesuari amaiera emateko, apirilean Batasuna prozesuaren Hirugarren Batzar Nagusia egingo litzateke, eta bertatik aterako da alderdi berriaren zuzendaritza. Batasunako koordinatzaileen arabera, dagoeneko 7.000 bat pertsonek parte hartu dute lehenengo fase honetan.
EUSKARAREN KONTRATU BERRIA
ANDRE Viau prefetak eta Jean Michel Devret suprefetak euskalgintzako ordezkariei kontratu berezia eskaini diete. Bertan, euskara sustatzeko bederatzi proposamen biltzen dira. Euskalgintzako ordezkariek (EKE, Seaska, Ikas-Bi, AEK, Euskaltzaindia, Ikas, Euskal Konfederazioa eta Euskal Haziak) arrapostu bat eman beharko dute datozen egunetan. Erantzuna baikorra balitz, euskararen kontratua indarrean jar liteke urte amaieran. Hona proposaturiko arloak: Hizkuntza Kontseilua, Irakaskuntzako sentsibilizazio kanpaina, Eskolaz kanpoko ekimenak, Helduen euskalduntzea, Euskaltzaindia, Ikerketa zentroa, Material pedagokikoa, Euskal Irratiak eta ETBren sarea.
500 ERTZAINEN KORAPILOAN
HERRITARREN segurtasuna hobeto bermatzeko 500 ertzain gehiago eskatu dizkio Javier Baltzak Jaime Mayor Oreja Barne Ministroari. Eskaria ertzain kopuru hori bizkarzain lanetan ari delako egiten da eta ertzain kopurua berdin geratuko litzateke, gero aurrejubilazioekin orekatuko liratekeelako.