Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-07-16 -- 1770.zenb

Arturoren kaiera


DIRU LAGUNTZAK HEDABIDEEI

Eusko Jaurlaritzak 622 milioi pezetako (25 milioi liberako) diru laguntzak bideratuko ditu euskarazko hedabideetara: 485 milioi pezeta prentsa idatzira (iaz baino 261 milioi pezeta gehiago), 100 milioi pezeta irrati eta telebistetara, 37 milioi pezeta teknologia berrietara. Hedabide bakoitzari emango zaion dirua aurrerago jakinaraziko du Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak. Laguntzak jasotzeko, hedabideak %30eko autofinantziaketa izan beharko du gutxienez.


EUSKARA LAGUNTZEKO PROPOSAMENAK

Frantziako Estatuak urte bukaeran izenpetzekoa den kontratu berezian sar litezkeen euskara laguntzeko proposamenak aurkeztu zizkien euskalgintzako ordezkariei ekainaren 28an. Estatuaren txostenak bost ardatz definitzen ditu: irakaskuntza, hedabideak, hizkuntzaren ikerketa, euskara bizitza publikoan eta Hizkuntza Kontseilua. Euskalgintzako ordezkariek datozen egunetan egingo dute proposamenen inguruko balorazio publikoa.


"MINTZOA JOLASTOKIA" ABIATU DA

Euskal Herritarrok alderdiak "Mintzoa Jolastokia" kanpaina antolatu du uztail-abuzturako. Hala, 2-12 urte bitarteko umeei zuzendutako haur parke ibiltaria herriz herri ibiliko da, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzea eta ofizialtasuna eskatzea helburu izanik. Besteak beste, Tutera, Araia, Gasteiz eta Eibarko haurrek izango dute jolastoki honetaz gozatzeko parada.


EUSKALTZAINDIA SANZ-I ZUZENDU ZAIO

Euskaltzaindiak nafarren hizkuntza guzti-guztiak bermatuak izan daitezela eskatu dio Nafarroako Gobernuko lehendakari Miguel Sanzi. Halaber, Hizkuntza Politika eta Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusi berriak euskararen presentzia, erabilera eta sustapena bermatuko duen itxaropena duela adierazi zion.

Aurpegia

Teresa Yuste portugaletearrak "Tiempo libre" saioa egiten du Radio Euskadin.
guztia irakurri

Bagak

EHUko udako ikastaroetan profesionalen alde "zintzoa" ikusteko aukera egoten da. Iņaki Gabilondo SER kateko esatari "aristokratak", kasu, esan du liskar politikoak komunikabideetan gertatzea zeharo kaltegarria dela irratiarentzat. Pentsamolde ezberdinen topaleku izateari utzi diola eta, orain, jendeak irratia bere lerrokoak diren iritziak entzuteko pizten duela, profesionalen inguruko aurreiritziak sortuz. Ondorioz, audientzia txuriak edo beltzak baino ez daudela sinetsita dago; Euskal Herriari dagokionez dio egoera sinplifikatu egiten dela, elkarrizketa oro saihestuz

EZPALAK


DONOSTIA, MUSIKAKO GOI MAILAN

GIPUZKOAKO Diputatuen Kontseiluak hitzarmen bat onartu du Euskal Herriko Goi Musika Kontserbatorioa Donostian ipintzeko. Donostiako Loiola Auzunean kokatu nahi dute kontserbatorioa eta datorren urterako martxan jarri. Proiektua Donostian burutzeko arrazoiak emateko Gipuzkoako Aldundiko kultura departamenduak hainbat musikologori lan bat eskatu dio. Donostian lekutzeko arrazoien artean Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Koruko Aizarnak honakoak aipatu zituen: Euskadiko Orkestraren egoitza Donostian dagoela, Donostiako kontserbatorioak ospe handia lortu duela, hiriak harreman estua duela musikarekin eta gainera Musika Hamabostaldia eta Jazzaldia bezalako ekitaldiak antolatzen direla bertan.


KOMIKIAREKIN IHES

HAMABOST urte bete ziren uztailaren 7an Joseba Sarrionandiak eta Iņaki Pikabeak Martuteneko espetxetik ihes egin zutenetik. Gertakizun hura gogoratuz, "Zitroi ur komikiak" izeneko liburuxka argitaratu du Napartheid kolektiboak, Txalapartarekin batera. 80 orrialdeetan Sarrionandiaren narrazio eta olerkietan oinarritutako hamasei komikilariren lanak bildu dituzte, baita ihesaldiaren ondorengo hemeroteka eta hiru idazleren testuak. Estilo anitzak bildu dira lanean. Batetik, Napartheiden urteak daramatzatenen komiki klasikoak; eta bestetik, alderdi artistikoari pisu gehiago ematen dioten gazteenak. Horrez gain, formatu berezia eman diote liburukiari eta koloreak ere erabili dituzte.


ANTZERKIAREN IKUSMIRA BERRIA

IRUŅEKO Arrosadia auzoko Mira Antzoki berriak uztailaren 5ean ireki zituen bere ateak. Joan den abenduan Pablo Zubikarai, Maribel Ruiz eta Nadege Rostan Mira antzokiaren arduradunek honen berri eman zuten arren, San Ferminetarako ireki dute lehenengoz. Legaleon, Las Veneno eta beste hainbat talde aritu dira bertan. Festen ondoren ordea, itxi egingo dute, irailean inaugurazio ofiziala egiteko. Handik aurrera, Mira antzokian ostegunero kafe-antzokia jorratzeko asmoa dute eta baita egitarau finkoa ere. Mira, areto alternatibo bihurtu nahi dute arduradunek eta gainera, urritik aurrera bertan antzerki ikasketak egiteko aukera izango da.


KULTURA BEHATZEKO LEKUA

ORAIN hilabete batzuk Koldo Mitxelena Kulturunean sortutako Euskal Kulturaren Behatokia interneten jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bertan, soporte digitalean lan egiten duten hainbat kultur enpresen ekimenak izango dira ikusgai. Besteak beste, "Euskaldunon Egunkaria"ren eta ARGIAren ekimenez osatua egongo da, erreportai osoak eta laburpenak irakurri ahal izango direlarik. Orain arte Behatokian egin diren aurkezpen eta ekitaldiak lau hizkuntza ezberdinetan kontsulta daitezke www.behatokia.net helbidean.

HITZ BITAN

Aingeru Epaltzaren hitzak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n esanak: "Kezkagarria da, (erdal) hedabideetara gure ezinegona ailegarazteko gaitasun eta, batzuetan, interes falta.(...) Amorrua nabari dut gure inguruan. Baina gure amorrua etxetik kanpora adierazteko ez gara gai izaten ari. Jende gehiegi ikusten dut isilik".
Koldo Izagirre honela mintzo zen poeten garrantziaz "Gara"n: "Poetak izan dira, oro har, gure literaturari aintzinamendua ekarri izan diotenak. Etxeparerengatik izan ez balitz, gure literatura ez zen XVI. mendean hasiko, baizik eta XVII.an (...)".
Rufino Iraolak honela zioen "El Diario Vasco"n: " Herri xeheak euskara idatzirik ez du jaten, eta neurri handian 'analfabeto' izaten segitzen du. Eskerrak euskara eskolan sartu zen. Aldi berean, arrenkura asko entzungo duzu gazteek darabilten euskararengatik".
Joseba Asironek honakoa adierazi zuen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Benetako arazoa ez da ikastoletan historia politizatzen den ala ez. Ikara egiten duena, auskalo zer dela-eta, hezkuntza ereduetan euskarak etengabe gora egitea da (...)".

Ikatza

Uztaila hasieran Arrosan ospatu zen Euskal Herria Zuzenean 2000 jaialdian informazio orriak banatu ziren egunero. Hauetan ia dena frantsesez zegoen. Bitxia benetan Euskal Herriaren adierazpide "zuzena" izan nahi duen festibal horrek euskarari hain tarte estua eskaintzea. Bederen, elebitan balego!

IZENAK

Toti Martinezek eta Lourdes Oņederrak jaso zuten uztailaren hasieran Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Gremioak banatzen dituen Zilarrezko Euskadi Sariak. Martinez de Lezearen "La Herbolera" eta Oņederraren "Eta emakumeari sugeak esan zion" liburuak apirileko Donostiako Liburu Egunean gehien saldutako gaztelaniazko eta euskarazko liburuak izateagatik izan dira sarituak.
Begoņa Vicario bilbotarraren "Haragia" lanak Gasteizko Ikus-Entzunezkoen Jaialdiko Esperimentazio arloko saria jaso zuen. Sail berean Pedro Ballesterosen "Hades" ere saritu zuten.
Miguel Arretxe tolosarra Txontxongiloaren Nazioarteko Batasuneko idazkari nagusi izendatu zuten uztailaren 1ean Alemanian burutu zen XVII. Kongresuan.

PRINTZA

Gari Berasaluze eta Jose Mari Sors Euskal Editoreen Elkarteko kideek honela zioten "Euskaldunon Egunkaria"n Espainiako gobernuak testu-liburuen prezio librea onartu zuela-eta:
"Liburuak eta liburu-dendak desagertarazteko era ugari daude. Ohi bezala, legez kanpokoak dira batzuk eta, beraz, hedabideen eta iritzi publikoaren gaitzespen sendoa dute. (...) Beste zenbait ahalegin, ordea, legearen mugetan dabiltza, eta horrelakoetan zaila da erasotzaileei aurre egitea. (...) Ez da ekonomia kontuetan aditua izan behar salneurriarekiko deskontu libreak argitaletxe zein liburudenda txiki eta ertainak desagertaraziko dituela ohartzeko. (...) Eremu handiko saltokiei, oro har, ezer gutxi axola zaie liburugintza. (...) Salduena salduko dute eta hura eskatuko diote argitaletxeari edo banatzaileari. Gainontzekoak desagertzera kondenatuko dituzte. (...) Denok dakigu euskarazko liburuak deusaren hurrengoa direla eremu handiko saltokientzat. Euskarazko liburuentzat, beraz, benetan larria da erabaki hau. (...) Izan ere, liburu-denda txikientzat testu-liburuen fakturazioa urte osoko diru-sarreren %35 ingurukoa da. (...) Espainiar gobernuak hartutako erabaki latzaren aurrean mutu daude Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Bada ordua gure liburugintzaren eta kulturaren aurka hartutako neurri hauei aurre egiteko."

Txori Batek Esan Digu


Euskarri berriak ate joka telebistan

Mikel Lejarza Tele 5eko zuzendari orokor ohiak EHUko udako ikastaroetan eman hitzaldian esan duenez, epe laburrera eskaintza ugaltzeak audientziaren sakabanaketa ekarriko du. Kateak halaber, edukien sortzaile eta hornitzaile bihurtuko dira, ikusleek Internet eta telefono bidez programazioa menu baten gisara aukera dezaten


Navarroren itzuleraren beldur

Javier Sardaren "Crķnicas Marcianas" esne mamitan bizi da azken bi urtetan. "Gran Hermano"ri esker, gainera, inoiz ez bezalako audientzia lortu du. Orain, Pepe Navarroren itzulerak, "El Bus" lehiaketa ardatz hartuta, ernai jarri ditu Tele 5ekoak, Antena 3koek Sardaren "talk show"ari lehia egin diezaion taxutuko dute-eta


Campus giroko telesail berria ETB-2an

Fikziozko telesailen aldeko apustua egin du ETBk bigarren katerako. Udazkenari begira, "Platos sucios" komediaz gain, campus batean girotua dagoen telesaila grabatzen dihardu K2000 estudioan Hegaz ekoiztetxeak. Itxura batean, irakasle eta ikasleen arteko gorabeherak oinarri baditu ere, ezohiko fantasia kutsua hartuko du

Urrea

Gazteek aisi garaian ere euskara erabil dezaten plan bat jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak. Hala, OHE (objetu hegalari ezezaguna) bat ibiliko da festaz festa, gazteak sentsibilizatzearren. Halaber, disko bat, bideo-joko sorta bat... aterako ditu, euskarazko eskaintza zabaltze aldera.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan