ANTZERKIA
Dar-Dar antzerki konpainia berria sortu dute Legorretan Zinkunegi anaiek haur eta helduentzako lanak ekoizteko asmoz. Lehena, "Alizia bitxikerien lurraldean" haur antzezlana izan delarik, helduei zuzendua dagoen "Ametsak amaitu dira" prestatzen dihardute orain.
Harrobi oparoa dugu Legorretakoa. Mila biztanle eskas dituen herri honetatik Jose Ramon Soroiz eta Xabier Agirre aktoreak eta orain Dar-Dar atera dira-eta. Zinkunegi anaiak dira ekimenaren bultzatzaileak: 28 urteko Asier aktorea eta 25 urteko Iker anaia teknikaria, soinua eta argiez arduratuko dena. Tolosako Orixe Institutuan ikasten zegoela sortu zitzaion Asierri antzerkiarekiko grina. "Behin, kalean nindoala, kartel bat ikusi nuen: antzerki ikastaroa Kultur Etxean, Maite Agirreren eskutik. Izena eman, gustura aritu eta horren ondoren Errenteriako antzerki eskolan trebatzen hasi nintzen". Gero, Sevillan lau urte eman ditu antzerkia ikasten eta, beste antzezlan mordo bat egin ostean, iaz, Legorretara itzuli zen. "Sevillako eskolak askoz bitarteko gehiago ditu hemengo edozein eskolak baino; irakasleak kanpotik ekartzen dituzte, Ingalaterra, Frantzia edo Argentinatik, alegia. Arlo gehienak jorratzen dira: Clown, bufoia, artearen komedia, errealismoa, musika, akrobazia eta abar" azaltzen digu Asierrek. Tartean, hala ere, Goenkalen aktore gisa jarduteko aukera izan eta, diru premian, etenaldi bat egitea erabaki zuen Sevillako ikasketei berrekin ahal izateko. Goenkalen, Iker gazte homosexualaren rola jokatu zuen Asierrek.
Bi aukera egoten dira lana lortzeko garaian: telefonoak jo arte itxaroten egon "eta bestea, telefonoa alde batera utzi eta zeuk zure lana sortu. Modu honetan gainera, guk erabaki dezakegu zer kontatu, zeinekin eta nola; horrek bultzatu gaitu Dar-Dar sortzera". "Helburu nagusia antzerkitik bizibidea ateratzea izanik, merkatu eta ikusle guztiengana iritsi beharra dago, hori hasteko. Bestetik, kalitatezko lan garaikideak egin nahi ditugu, gure obrak ahal den gehien mugituz herri txikienetatik handienetara". Halaxe, urtean bi ikuskizun taxutzeko asmoa dute, bat haurrentzat eta bestea helduentzat. Bide honi lotzeko hautatu lana Lewis Carroll-en liburuan oinarria duen "Alizia bitxikerien lurraldean" dugu. "Antonio Daniel Garcia Orellana sevillarrak egindako antzerki egokitzapena abiapuntu hartuta ere, klasiko honi gure ekarpena egingo diogu, Mozarten musika erantsiz eta, mundu magiko hori aberastearren, eszenografia goma-espumako elementuekin osatuz: maskarak, buruhandiak, harizkoak... era ezberdinetakoak denak".
GAZTEEN BIZIPENAK.
Aipatu bi ikuskizunetan, aktoreak Asier bera, Izaskun Lopetegi eta Elena Aparicio izango dira. Hain zuzen, Dar-Darren inguruan aktore talde finko bat osatzea dute xede.
ZINEMAREN ERAGINA.
Dar-Dar sortzerakoan gure artean profesional mailan lanean dabiltzan konpainiei erreparatu diete. "Horra hor Euskal Herritik kanpo sarri ateratzen direnak: Tanttaka, Txalo, Ur eta abar. Zergatik ari diren ondo, gaizki daudenak zergatik ari diren gaizki eta halako kontuak aztertu ditugu. Izan ere, antzerkian urte mordoska eman eta gero, ondorio garbi batera iritsi naiz: profesionaltasuna behar dela, hau da, harreman laboralak kontratuz finkatu behar direla. Hemen oso maiz gertatzen da: lagun talde bat elkartu eta lanean gogo biziz hasi arren, gauzak ez badaude kontratu batean zehatz-mehatz jarrita, alferrik izaten da ahalegina".
HUNKITZEAREN ARTEA.
Dar-Darren ekoizpen guztiak euskaraz estreinatuko dira, gaztelerazko bertsioa gerorako utziz. "Ametsak amaitu dira" obran kasu, Antonio Hernandezek zuzendari laguntzaile euskalduna izango du alboan, euskarazko bertsioa eratzen lagun diezaion.
Bestalde, Legorretako udalarekin elkarlan hitzarmena sinatu du Dar-Darrek herriko antzokia erabili ahal izateko. "Ordainetan nolabait, haur antzerki topaketak eta helduentzako lantegiak antolatzen hasiak gara". Amaitzeko, esker onez ageri da Asier konpainia abiarazten lagundu duen jendearekin: "Anaia eta biok harrituta gaude musutruk laguntzeko jendeak agertutako jarrerarekin. Ez zaigu eskurik falta fokoak jarri edo zamalanak egiteko. Ea orain lehen fruituak jasotzen ditugun"
![]() |
|
||||
1769 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa