DISKOAK
BARATZE BAT
Pier Paul Berzaitz
Elkarlanean
2.450 pta.Hamalau kantu biltzen ditu Pier Paul Berzaitz pastoralgile ezagunaren disko berriak. Bere kanturik maiteen eta sentikorrenak, tradizioaren erreferentziak (Pier Topet Etxahun, Etxahun Iruri...) eta etorkizuneko ausardiak nahasten ditu bertan. Horrela, bere musikarekin batera, Itxaro Borda, Jean Louis Davant, Beņat Sarasola eta Manex Erdozaintziren hitzez ere gozatu ahalko duzu lan honetan. Muskildiko 48 urteko konpositoreak bakardade, amodio, alaitasun eta tristeziari kantzen dio. Musika moldaketak Karlos Gimenezek egin dizkio eta produkzio artistikoa honen eta Cesar Ibarretxeren gain egon da
LIBURUAK
IZEN GABE, DIRENAK
Tere Irastortza
Pamiela
93 orrialde
1.140 pta.Pamielaren Sirena poesia sailean karrikaratzen den 20. liburua da Tere Irastortzaren azkena. Bereak dira halaber sail honetako beste lau liburu: "Derrotaren Fabulak" (1986), "Osinberdeko Khantoreak" (1986), "Manual devotio gabecoa" (1994) eta "Gabeziaren Khantoreak. Antologia" (1995). Hiru ataletan bildu ditu idazle zaldibiarrak "Izen gabe, direnak" titulua eta "Haurdunaldi beteko khantoriak" azpititulua duen lan honetako poemak. "Sormin" izeneko lehenengo atalean, sortzeko borondatearekin nahasten den beldurra aztertu du. "Sormen" atalean, amatasunarekin lotzen da idazketa eta bakardadearen kontrako aldarrikapena egiten du. "Sorzin" izenburuko azken atalean, sormenerako desioa eta sormen naturala jorratzen ditu
HAIZKORA ZUHAITZAREN ERROARI KHEINATZEAN
Patxi Salaberri
Pamiela
71 141 orrialde
1.425 pta.Patxi Salaberri EHUko irakasleak Axularren gogoetak eta erranak bildu ditu "Haizkora zuhaitzaren erroari kheinatzean" izeneko edizio honetan. Idazle urdazubiarraren "Gero" ospetsua modu irakurterrazago batez eskaini nahi izan du Salaberrik. Edizioaren egileak hitzaurrean dioen moduan, "ez da hori izan hautaketarako arrazoi bakarra; bazen besterik ere, hots, Axularren hausnarketa eta pentsamendu horiek hizkuntza bereziki ederra, aberatsa, neurtua eta doinuduna hain zuzen, honelako gogoeta eta sententzia lan gorenetan ohi denaren parekoa". Gogoeta horiek entresaka moduan eta deskontestualizaturik eman arren, Axularren prosaren ezaugarriak nabarmen erakusten direla uste du Patxi Salaberri aramaioarrak
LOS CONTRABANDISTAS DEL BIDASOA
Gaizka Sopelana
Txalaparta
120 orrialde
1.800 pta.Exilioan hamazazpi urte daramatzan Gaizka Sopelana bilbotarrak bere lehen eleberria dakarkigu, Txalapartaren eskutik. Amaiaren istorioa kontatzen du sentimenduz beteriko "Los contrabandistas del Bidasoa" liburuak. Amaia Madrilen bizi da, baina uda garaia iristean, Complutenseak ateak ixten dituenean, Euskal Herrira, Gorbea magaleko Areatzara etorriko da. Familiaren baserrian bere lehengusu Loretxu eta izeba Edurne ezagutuko ditu eta eurekin euren oinordekoen ikuskizun magikoak ezagutu eta biziko. Egunerokoan murgildurik, Loretxuren atxilotzeak eta honek jasandako torturek aldaketa eragingo dute Amaiarengan. Orduan amaituko da betiko bere haurtzaroa: Amaiak bere lehengusuaren lekukoa hartuko du
SEXU EGUNSENTIAK
Fernando Morillo
Elkarlanean
120 orrialde
1.130 pta.Gazte batek gazteei buruz idatzitako eleberria da "Sexu egunsentiak". Asier protagonistak hamabost urte ditu, eta bere bizitza nahasmen osoa da: Nagore gustatzen zaio, baina ez da ausartzen hitzerdirik esaten ere; gero Clare etorriko da Ameriketatik, edertasunezko miraria dirudiena; Asierren arreba Zuriņe ere tartean dago, baita bere adiskide Txomin ere... Gazteok sexuaren inguruan bizi dutena, elkarrizketa ugariz eta arinez kontatzen du Fernando Morillok. Umorez eta sentiberatasunez beteriko istorioa da, gazteentzako nobela askotako topikoetatik haratago sinesgarritasuna eta emozioa uztartzen dituena. Aurretik sari garrantzizkoak irabazi dituen idazle azpeitiarraren bigarren liburua da hau (aurrekoa "Bila nazatela" izan zen)